astekaria 2017/07/14
arrowItzuli

gizartea

Dolezal eta Diarra

Jose Mari Pastor

Dolezal eta Diarra Jose Mari Pastor

Zilegi da beltza zarela adieraztea, zuria izan arren? Horixe egin du Rachel Dolezal emakumezko estatubatuarrak. Azala zuria du, eta arbaso guztiak kaukasikoak. Hala ere, beltz sentitzen da. Arrazoi nagusia: txikitan hiru ume beltz adoptatu zituzten gurasoek, eta horiekin hazi zen neska. Hortaz, Dolezalek transracial-tzat jotzen du bere burua. Polemika ez da nolanahikoa izan. Beltz askok amorruz erantzun diote. Emakumea Hegoafrikara joan zen apirilean bere belztasuna aldarrikatzeko. Bertan larrutu egin zuten «hegoafrikarrei beltza izatearen sufrikarioa erakustera etorritako andrazko estatubatuar zuria».

Dolezalen kasuak komunitate zientifikoa bereizi du. Batzuk alde daude: eskubide osoa du beltza izateko; arraza kontzeptuak ez du oinarririk, genoma humanoaren %99,9 berdina baita pertsona guztiengan. Besteak, aurka: emakumea iruzur hutsa da. Rebecca Tuvel irakasleak Hypatia izeneko filosofia feminista aldizkarian idatzitakoa argitaratu dute hainbat hedabidetan: «Pertsona transexualek sexuz aldatzeko hartutako erabakia errespetatzen badugu, transracial pertsonen erabakia errespetatu beharko genuke arrazaz aldatzeko». Dolezal zoratuta edo gaixorik dagoela argudia genezake, baina kontuz: ez al dute batzuek hori bera esaten transexualei buruz?

Yousouff Diarra-ren kasua korapilatsua da, baina ez sexu, genero edo kolore kontuagatik, sortu dituen nahasmen eta kontraesanengatik baizik. Malin jaiotako futbolaria txikitan joan zen familiarekin Kataluniara. Egun Nafarroan dugu. 17 urte ditu eta, itxura guztiaren arabera, Athleticera etor daiteke. Eztabaida piztu da. Taldean aritzeko Euskal Herrian jaioa, hazia edo hezia behar duela izan azaldu du Urrutia presidenteak. Teorian ondo ulertzen da. Praktikan...

Mugarik al du formakuntza prozesuak? Non? Diarra jadanik eginda dagoela diote batzuek; ez luke Athleticen jardun behar. Bada kontrakoa pentsatzen duenik. Alde bietako iritziek dute arrazoi puntua. Egia da hamazazpi urterekin nahiko haziak eta heziak garela, batez ere bizi garen garaietan. Heziketa eta prestaketa zikloa amaituta dagoela esan nahi du horrek? Non eta noiz sortu zen benetako Pelé? Santos taldean zegoenean, hamabost urterekin? Lehenago, Bauru hiriko taldean ari zenean? Edo soilik Suedian, munduko txapelduna izan zenean?

Gauzak nola dauden erakusten digute Dolezal eta Diarra kasuek, bakoitzak bere arloan. Futbolean, adibidez. Mende honetan inon bada irrazionaltasunik, asmatu non. Erlijioz edo pentsaera politikoz alda zaitezke, baina futbol taldez, ez. Hori kalapita! Integrismo erlijioso eta politikoari buruz hitz egiten dugu, baina ez futbolaren inguruko fanatismoari buruz. Ez dugu laguna barkatzen ezustean beste talde baten zale egiten bada. Gure jokalari maitea Bartzelonara edo Madrilera badoa, orduan bai —karrera egin behar du, badakizu—. Argiaren aroa oraindik ez da eremu honetara ailegatu. Erdi Aroan bizi garela esan liteke.

Transexualak ulertzen eta errespetatzen hasiak gara. Bada zerbait. Baina errazago onartuko dugu transracialism-a trans-football-teamism-a baino. Irudikatu ume gipuzkoar bat. Barren-barrenean betidanik Athletic zale sentitu da baina, inguruak presionatuta, inoiz ez da esatera ausartu. 30 urterekin aitortu du beti izan dela Athletic zalea, baina isildu egin dela, beldurrez.

Irudikatu Sri Lankako 17 urteko neska bat. Lezamara azaldu da, Athleticeko atezaina izan nahi duela esanez. Oso ona da. Nanda Rajapaksa ez da inoiz izan Bilbon, baina Iribarren partida guztien bideoei begiratu die Kolonboko etxean, behin eta berriro, txopo-arengandik ikasteko. Lagun batzuek Lezamako entrenamenduen grabazioak bidali dizkiote. Irudi horiek ere erabili ditu entrenatzen eta ikasten segitzeko. Geografikoki ez, baina beste alde guztietatik «hemen» formatu da. Ezetz erantzungo diogu, online heziketa ez presentzialaren garaietan? Diarra onartuko dugu, Lezama 17 urte bete arte zapaldu gabea, eta neska hori ez? Zergatik?

BERRIAn argitaratua (2017/07/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA