gizartea
Aurrerabideak eta geldialdiak
Garikoitz Goikoetxea
Euskal Herriko seigarren inkesta soziolinguistikoaren emaitzak atzo aurkeztu zituzten Baionan, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan. Han ziren EEPko presidente Mathieu Berge, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiria eta Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi. Urrian aurkeztu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak, eta Nafarroakoak, urtarrilean. Atzo bertan eman zituzten Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako emaitzak —informazioa, hurrengo bi orrietan—.
Hain justu, inkestaren emaitzak eta kaleko erabilerarenak aztertzeko jardunaldi bat egingo dute hilaren 20an eta 21ean Donostian, EHUren udako ikastaroetan, Eusko Jaurlaritzaren eta Soziolinguistika Klusterraren eskutik.
Herrialde batetik bestera oso da desberdina egoera soziolinguistikoa. Euskal Herriko argazki orokorrari begiratuta, hala ere, badira aintzat hartzeko moduko joerak. Hona hemen datu nagusiak:EZAGUTZA ETA GAITASUNA
Aiseago erdaraz
Euskararen ezagutza pixkana gorantz ari dela berretsi du inkestak: jende gehiagok daki euskaraz, jende gehiagok ulertzen du, eta gutxiago dira erdaldun elebakarrak. Desoreka nabarmena dago oraindik, hala ere: herritarren erdiek baino gehiagok ez dute euskara ulertu ere egiten (%55). Euskaraz hitz egiteko gai dira laurdenak pasatxo (%28), eta seitik batek ulertu egiten du (%16). Hazkunde jarraitu samarra erakusten dute zenbakiek: 1996tik, batez beste bost urtetik bost urtera 40.000 herritar irabazi ditu euskaldunen zakuak —1991tik 1996ra izan zen salto handiagoa: 63.000 euskaldun gehiago bost urtean—. Euskaldunak dira 750.000 euskal herritar baino gehiago. Duela 25 urte baino 223.000 lagun gehiago.
Eta areagotuz joango da kopuru hori. Kontuan izatekoa da inkesta soziolinguistikoan 16 urtez gorako herritarrak sartzen dituztela. Hain justu, adin gazteetan ari da euskara aurrerapen handiena egiten. 16-24 urte bitarteko herritarrak hartuta, euskaraz badakite erdiek baino gehiagok (%55); duela 25 urte, berriz, laurdenek ere ez zekiten (%23). 25-34 urte artekoetan bikoiztu egin da euskaldunen portzentajea. 50 urtetik gorakoetan, berriz, jaisten ari da oraindik.
Gazteen goraldi horretan zuzeneko zerikusia du eskolak, jakina. Euskara etxetik kanpo ikasi dutenei begiratzen bazaie —hiztun berriei, alegia—, begira: 1991n, 16-24 urte arteko euskaldunen %26k zuten euskara etxetik at jasoa; orain, %54k. Berdin 25-34 urtekoek ere: %21 ziren hiztun berriak 1991n, eta orain, %48. Datu orokorrei begiratuta, hona aldea: hiztun berrien proportzioa %14tik %36ra igo da; etxean euskara eta erdara jaso dituztenena, %7tik %14ra; eta etxean euskara jaso dutenena, berriz, %79tik %50era jaitsi da. Aldaketa nabarmena dago: 1991n, bost euskaldunetik lauk euskara zuten lehen hizkuntza, eta, orain, erdiek.
Euskara gaitasunean ere bada aldea. Euskaraz dakitenak gehiago dira, baina erraztasun txikiagoa dute. Hara: 16-24 urterekin, %57k diote erdaraz aiseago aritzen direla, eta 25-34 urterekin, %47k. Gutxiengoa aritzen da euskaraz erosoago —64 urtetik beherako taldeetan, ez dira laurdenera heltzen—.TRANSMISIOA
Gurasoen hizkuntza
Etxean gero eta handiagoa da euskararen transmisioa: guraso euskaldun gehienek euskara irakasten diete seme-alabei. Badaude ñabardura batzuk, hala ere: bi gurasoak euskaldunak diren eta lehen hizkuntza zein duten, gorabeherak daude. Egoerarik onenean, hau da, bi gurasoek euskara dutenean lehen hizkuntza, erabatekoa da transmisioa, eta gehienek euskararen transmisioa egiten dute osorik (%93). Bi gurasoek euskaraz jakin bai baina erdara dutenean lehen hizkuntza, jaitsiera bat dago: lautik batek ez du euskara transmititzen. Eta guraso bakarra denean euskalduna, hara: guraso horren lehen hizkuntza euskara denean, %17k ez diete haurrei euskara irakasten; gurasoaren lehen hizkuntza erdara bada, erdiek ez dute euskara irakasten.ERABILERA
Etxean, trabatuta
Euskararen erabileran ez da nabari egiturazko aldaketarik: orain bost urtekoaren aldean, 0,4 puntu igo da erabilera trinkoa —euskaraz erdaraz adina edo gehiago egiten dutenen portzentajea—. 25 urtean hiru puntu eskas handitu da. Hiru joera: igoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bost puntukoa; geldialdia Nafarroan, 0,6 puntuko igoeratxoarekin; eta jaitsiera Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bost puntukoa.
Erabilera adinaren arabera begiratzen bada, iraultza dago. Duela 25 urte, 50 urtetik gorako herritarrek egiten zuten gehien euskaraz; orain, 34 urtetik beherakoek. Adin talde gazteetan, izatez, bostetik batek dio euskaraz jarduten duela erdaraz adina edo gehiago. Adin talde guztietan erdiak baino gehiago aritzen dira beti erdaraz, 16-24 urtekoetan izan ezik (%49).
Erabilera esparruka aztertuta, bistakoa da batez ere eremu formaletan handitu dela euskararen erabilera: ia bikoiztu egin da osasun zerbitzuetan (%16) eta udaletxeetan (%21). Lantokietan ere goratu da erabilera trinkoa: %21ek adierazi dute erdaraz adina edo gehiago aritzen direla euskaraz lankideekin —1991n %14 ziren—. Eremu hurbilean, berriz, igoerak txikiagoak dira: lagunen artekoa hiru puntu handitu da 25 urteotan (%18 da orain), eta etxeko erabilera geldialdian dago —1991ko portzentaje berean orain: %15,6—. Bikotekideen arteko erabilera da baxuena etxean: %12koa. Orain 25 urte baino txikiagoa da, gainera.
Interneteko sare sozialak hartzen ari diren pisua ikusita, hango erabileraz ere galdetu dute inkesta soziolinguistikoan. %14ko erabilera trinkoa agertu da emaitza gisa; 16-24 urtekoetan, %23koa. Gaztelaniaz eta frantsesaz gain, ageri dira beste erdara batzuk: %4 ingelesez dabiltza sare sozialetan.JARRERA
Aldekotasun handiagoa
Euskararen erabilera bultzatzearen aldekoak dira euskal herritar gehienak, inkestak dioenez: %56. Seitik bat dago aurka, eta laurdenak pasatxo erdian daude: ez alde, ez aurka. Pixkanaka ari da zabaltzen euskararen aldeko jarrera: zortzi puntu igo da 25 urtean. Joera diferente batzuk badira, hala ere: batetik, Nafarroan aldekotasuna jaitsi egin da azken inkestan, nahiz ez den 1991ko datuetara iritsi; bestetik, Ipar Euskal Herrian ere inkestaz inkesta gutxitzen ari da sustapenaren aldeko postura.
Jarrera orokorraren altzoan, beste hiru datu. Euskararekiko interesari dagokionez, %55ek diote handia edo oso handia dutela; elebitasunaren aldekoak dira gehienak —%86k diote etorkizunean euskaraz eta erdaraz hitz egin beharko litzatekeela—; eta hezkuntzan, D eredua dute gustukoen, euskara ardatz duena —%58k babestu dute; euskararik gabeko hezkuntza %10ek hobetsi dute—.