astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

mundua

Kontinentea gotorleku

Kristina Berasain

Kontinentea gotorleku

Kontinente zaharra gotorleku bat bilakatzen ari da segurtasunaren izenean. Egunetik egunera gero eta neurri sorta zorrotzagoak ezartzen ari dira hainbat estatutan eta mugetan, hiriak, kaleak eta mugak polizia eta militarrez betez. Parisko atentatuei emandako erantzuna da gotortzearena, atzerriko mugetan kontrol sistematikoak ezartzeraino. Bruselan egin dute azken urratsa. Atzo goizaldean alerta gorena ezarri zuten, alerta maila hirutik laura pasatuz, horitik gorrira. Charles Michel lehen ministroak eman zuen neurriaren berri: «Pariskoaren antzeko erasoak jasateko arriskua daukagu berehalakoan, hainbat pertsonak, hainbat lekutan, arma eta lehergailuekin». Lehen ministroak aurreratu zuen «segurtasun alorrean» bitarteko guztiak jarriko zituztela martxan.

Eta hala izan da. Bruselako kaleak eta plazak poliziaz eta militarrez bete ziren atzo. Basamortu hiria iduri zuen. Dendak, museoak, zinemak, dendak, jatetxeak eta tabernak itxita egon ziren egun osoan. Eta kultur eta kirol ekitaldiak ere bertan behera geratu ziren. Metroa ere ez zen ibili.

Poliziak jende ugari elkartzen den lekuetara eta ekintzetara ez joateko gomendioa eman zien herritarrei. Krisietarako Zentroak jakinarazi du holakoetan ez dela ezinbestekoa etxean geratzea, baina bai alertan egotea eta toki jendetsuak saihestea. Bruselan, bada, inor gutxi zebilen atzo kalean, neurrietatik haratago, elurra ere egin zuelako hiriburuan. Vilvoorden ere, iparralderago, alerta gorenean daude, baina gainontzekoan hirugarren mailan dago ezarrita alerta.

Poliziak lau lagun atxilotu zituen atzo «auto susmagarri» batean zihoazenean. Parisko atentatuez geroztik, hainbat miaketa egin dituzte egunotan Belgikan. Salah Abdeslam ustezko ekintzailearen bila ari dira agintariak, eta, antza denez, hiriburuan dago ezkutatuta. Molenbeeken bizi izandakoa da, eta auzo horretan ari dira arreta guztia jartzen. Fiskaltzak jakinarazi duenez, herenegun atxilotutako ekintzailearen etxean armak aurkitu dituzte, eta ustez hark eman zion laguntza logistikoa Salah Abdeslami. Belgikako hainbat komunikabidek zabaldu dute produktu kimikoak eta lehergailuak ere aurkitu dituztela, baina iturri ofizialen arabera, etxean ez zegoen lehergailurik.

Frantzian 115.000 militar

Turkiak, berriz, atzo jakinarazi zuen astearen hasieran jatorri marokoarra duen herritar belgikar bat atxilotu zuela. Molenbeeken bizi zen, eta, antza, erasoak egiteko lekuak ikuskatzen aritu zen Parisen. Ahmed Dahmani Antalyako hotel batean atxilotu zuten, G-20koen bilera egin zen hiri berean, eta lau egun iraun duten galdeketen ostean eman dute haren atxiloketaren berri. Hari babesa emateagatik, beste bi lagun ere atxilotu dituzte.

Belgikan bitan ezarri dute alerta gorena —2007an eta 2014an— eta oraingoan ez dago argi zenbat denboraz egongo den indarrean, agintarien arabera etengabe aztertu behar baita egoera. Belgikatik haratago, baina, hainbat estatutan ere segurtasun neurriak zorroztu dituzte. Frantziako Senatuak babesa eman dio salbuespen egoera hiru hilabetez luzatzeko lege proiektuari, aldeko 336 boto eta 12 abstentziorekin, eta manifestazioak azaroaren 30era arte egongo dira debekatuta. Kalera 115.000 jendarme, militar eta polizia atera dira, eta poliziek miaketak egin ahal izango dituzte agindu judizialik gabe eta gaueko edozein ordutan.

Belgikan antzeko neurri bat ezarri nahi dute, miaketak egunez zein gauez egin ahal izateko —gauez mugatuta dago legez gaur egun— eta herrialdera itzultzen dituzten ustezko jihadistak zuzenean kartzelatzeko. Konstituzioaren erreforma egin behar dute horretarako.

Italian ere segurtasun neurriak eta kontrolak zorroztu dituzte, hala nola kalean ibiltzen diren polizien kopurua. Espainian, berriz, alertan dago Polizia; Soufiane Mezroui ustezko ekintzaile belgikarra estatuan sartu den susmoa dago.

Estatu Islamikoak, bestalde, beste bideo bat zabaldu du Interneten; Eiffel dorrea nola erortzen den ikus daiteke irudietan, nahiz eta ez den egiaztatu bideoa benetan erakundearena ote den.

BERRIAn argitaratua (2015/11/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA