astekaria 2015/10/09
arrowItzuli

kultura

MIKEL MARTINEZ

«Euskaraz izateagatik ideologikoki justifikatuta sentitzen dut nire lana»

Iñigo Astiz

«Euskaraz izateagatik ideologikoki justifikatuta sentitzen dut nire lana»

Erabat hutsik dago gela, eta grabagailua baino ez mahai gainean, baina keinu txiki bat eta Arriaga antzokiaren erditik ikusitako jendetza bera ikusten dirudi berriz ere Mikel Martinezek (Lizarra, Nafarroa, 1955). Bukatu du antzokiari buruzko azalpena, bueltatu du begirada grabagailura, eta berriz ere gela huts bat dirudi gela hutsak. Horra aktore bat. Mediku izatekoa zen berez, baina euskararen aldeko militantziak zaletu zuen antzerkira, eta horretantxe aritu da geroztik. Euskararen alde, eta aktore. Tartean teatroko kide eta Ez Dok Hiru bikoteatroko partaide, euskal antzerkigintzako aurpegi ezagunenetariko bat da Martinezena. Ezagun du areto txikiak barrez jartzearen plazera, eta baita teatro handietan estreinatzearen ardura ere. Komedia landu du nagusiki Patxo Telleria lagun eta lankidearekin batera, baina tragedia batekin dabil orain, hilaren 16an Donostian estreinatuko duen Zergatik, Jamil? piezarekin zehazki. Telleriaren testua du oinarri piezak, Jokin Oregik zuzendu du, eta Eneko Sagardoi aktorearekin batera arituko da oholtzan Martinez. «Beldurtuta nago», dio.

Gabriel Arestik bere buruari egiten zion galdera: «Zergatik metitu ote naiz/ halako enplego txar batean?». Mediku erdaldun izatekoa zinen zu, eta euskal aktore bukatu.

Gogorik gabe amaitu nuen karrera, eta gutxi aritu nintzen mediku. Fakultatean nengoela hasi nintzen batere ofizialak ez ziren klase ia klandestino batzuetan euskara ikasten, eta jarraitu egin nuen medikuntza bukatu ostean ere. Irakasle Eskoletan hasi nintzen irakasle gero, euskaraz, osasunari eta higieneari buruz. Ez nuen antzerkiarekiko lotura edo grina berezirik orduan, baina apuntatu nintzen ikastaro batera San Inazio auzoan. Irakasle eskoletan Maskarada taldean zebilen ikasle bat ere izan nuen, gainera, eta haren bidez sartu nintzen. Bigarren obra prestatzen ari ziren: Danbor magikoa. Entseguetan testuarekin laguntzen nien.

Antzerkigintzaren periferian hasi zinen orduan.

Bai. Baina ez dakit zer gertatu zen estreinaldi egunean, bat-batean agertokian nengoen. Uste dut askotan hasten nintzela entseguetan aktoreei esaten nola egingo nukeen nik, eta esango zidaten, «ala, ba egin zuk!». Oso bat-bateko zerbait izan zen.

Akzidentez, beraz.

Imajinatzen dut beti gustatu izan zaidala gauzak kontatzea eta beti izan naizela oso espresiboa. Dena den, orain bai esan dezaket antzerkizalea naizela, aktore naizela, gustatzen zaidala antzerki mundua eta abar, baina ni ez nintzen sartu horregatik. Ni sartu nintzen euskaragatik, eta nik uste dut Maskaradako lehen urteetan gehien-gehienok ere euskararen militanteak ginela. «Zer egin behar da hemen euskararen alde? Antzerkia? Ba, antzerkia». Gehienok ginen horrelakoak. Gero, beti daude ezberdintasunak. Esaterako, Aitor Mazo. Bera bi urte geroago sartu zen, eta Aitor Mazo aktorea zen. Eta guk aurpegiratzen genion [mespretxu puntuko irribarrez] aktore ziztrin bat zela. Eta berak aurpegiratzen zigun [burua harroxko altxatuz] gu ez ginela aktore, gu militanteak ginela. Barre asko egiten genuen horrekin. Baina hori argi zegoen. Bera ere euskaltzalea zen, noski, baina beretzat inportanteena zen aktore izan nahi zuela. Guretzat ez.

Beste muturrera pasatu zara zu ere urteekin?

Ez pentsa. Gustatzen zait antzerkia, gustatzen zait ikustea, egitea... Baina aktoreon lana nahiko gogorra da, eta nahi duzuna egiteko nahi ez dituzun hainbeste gauza egin behar dituzu. Eta egin nahi duzun horrek badu ideologia bat: zer gauza landu, nola landu... Antzerkian badaude hainbeste gauza ideologikoki batere gustatzen ez zaizkidanak edo ederkeria iruditzen zaizkidanak, baina nik beti izan dut kristoren zortea eta beti lan egin ahal izan dut egin nahi nuena egiten eta nire lagun taldearekin. Baina prest nago hainbeste gustatzen ez zaidan zerbait egiteko ere, euskaraz egiten dudalako. Bakarrik euskaraz egiteagatik ja sentitzen dut nire lana apur bat justifikatuta dagoela ideologikoki. Antzerkia bakarrik egingo banu, galdera asko erantzunik gabe geratuko litzaizkidake: Hau zertarako? Hau Arriagan zergatik? Pentsatuko nuke eragin gutxi daukala gizartean. Gainera, oso engainagarria da antzerkia, zinema edo opera. Batzuetan ez da ederkeria; benetako sentimenduak ateratzen dira, eta azkenean ia-ia negar egiten duzu, baina ateratzen zara antzokitik, eta pozik negar apur bat egin duzulako; eta ja baduzu baimena nahi duzun bezain kabroia izateko zure eguneroko bizitzan eta harremanetan. Batzuetan sentsazio hori izaten dut. Oso zaila dela gizartean apur bat eragitea, eta sentimenduak eta eskandalua sortzea. Oso zaila dela laguntzea gizarte honetan motor txiki-txiki-txiki bat izaten. Oso zaila, baina nik pentsatzen dut gutxienez euskaraz egiten dudala. Horrez gain, saiatzen gara euskaraz gauza onak egiten.

Euskaraz egote hutsak ez du dena on bihurtuko.

Ez, ez. Ikusi ditut gauza batzuk euskaraz... Euskararen kontra eta euskal antzerkiaren kontra jo dezakezu antzerkia euskaraz eginez ere. Egin behar dituzu gauzak ondo. Niretzat hori da kristoren poza. Nik uste dut egin ditugula gauza batzuk onak. Jendeak zelan pasatu duen euskaraz Patxok [Telleriak] eta biok egiten ditugun ganberrada horiekin... Euskara sencilloaren manifestua-rekin, Larru haizetara-rekin, Euskarazetamol-ekin... Hori sekulakoa da.

Kontrabajua pieza Euskal Herri osoan eman zenuen 1988an. Orduan sentituko zenuen akaso aurrenekoz betetasun hori?

Testu hori zoragarria da, eta, gainera, gustatzen zaizkit bakarrizketak. Nik uste asmatu egin genuela Maskaradakook eszenaratzearekin. Kontrabajua-ren beste bertsio batzuk ikusi ditut agertokian eta laugarren hormarekin, eta ez da gauza bera; guk hori apurtu, eta jendearen artera sartu ginen. Inolako eszenografiarik gabe, gela batere atondu gabe, kontrabaxuarekin eta listo. Edozein lekutan egin nuen, leku txiki zein handietan. Beti esaten dut 350 emanaldi izan zirela, baina ez nago ziur. 300 baino gehiago ziur, baina ez dakit zenbat. Oso polita izan zen. [Barrez] Oso ondo ulertzen nuen kontrabaxu jotzailearen nortasuna; ni ere antzekoa naiz: apur bat nahi eta ezin. Oso maitagarria zen, eta asko disfrutatu nuen. Jendeak asko flipatu zuen, eta gazteekin institutuetan pila bat egon nintzen. Eta bereziki gozoa bada euskaldunei disfrutatzeko moduko produktu bat eskaini izanaren poza, are gozoagoa da jende gaztearengana ere heldu izanarena.

Patxo Telleria aktore, gidoilari eta zinemagilea. Kasik batera doaz zuen izenak beti. Maskaradan ezagutu zenuen?

Bai. Bera aurkitzea eta berarekin lan egitea oso garrantzitsua izan zen. Egin genuen Marxkarada izeneko pieza bat erdiz Marx anaien testuekin eta erdiz Patxok [Telleriak] berak sortutakoekin. Baina gero hasi ginen gu biok egiten gauzak Marx anaien umore mota horrekin. Monstruo sakratuak, adibidez. Egiten ditugun gauzen artean lerro hori inportantea izan da, bikote artistiko hori osatzen, eta umore mota konkretu horrekin.

Zu eserita zauden aulki berean elkarrizketatu nuen Telleria. Umorearen alde aritu zitzaidan. Izan ere, jendeak gozatzen du, barre egiten du, pozik ateratzen da antzokitik, eta, halere, komediak ez du prentsa onik.

Beti ematen du aktorea aktoreagoa dela gauza dramatikoak egiten dituenean, eta gauza komikoa egiten duenak pailazokeriak egiten dituela. Komiko izateak kontsiderazio hori du. Nik ez dakit egia den, baina dakitenek esaten dute askoz ere zailagoa dela komikoa izatea, dramatikoa izatea baino. Ematen du komedian apur bat nabarmendu dena kapaz izan dela drama egiteko, eta gutxiagotan gertatu dela alderantziz. Baina ez dakit. Egia da kontsiderazio sozial gutxiago duela.

Mintzen zaitu horrek?

Ez. Horrek ez. Baina mintzen ez nauen arren, guk badugu zama bat: gu etxekoak gara. Guk euskaraz egiten dugu eta publiko potentzial gutxiago daukagu, bale, baina publiko hori gure etxean dago beti. Gu gara... [Ahotsa aldatu eta besoak altxatuz], gu gara etxekoak! Ez gara pieza berezi bat eskaintzera etortzen diren aktore argentinarrak. [Berriz ahotsarekin eta besoekin] Gu gara etxekoak. Mundu guztiak ezagutzen gaitu. «Patxo eta Mikel? Bai! Oso majoak dira, ja-to-rrak. Antzerkia egiten eta». Hori asko gertatzen zaigu. Pankreas antzezlana erdaraz ez egitea erabaki genuen bere momentuan, adibidez, eta orain, apur bat kasualitatez gertatu bada ere, oso pozik gaude Concha Bustok eta Espainiako Antzerki Zentro Nazionalak gidoia erosi zuelako eta Bilboko Arriagan estreinatuko dutelako gaztelerazko bertsioa. Agian balioko digu horrek jendeak esan dezan, [harridura keinuz] «aiba, baina hau zen egin zutena?».

Urteak euskaraz sortzen, eta halere Madrildik pasatu behar zure bizilagunak jakin dezan antzerkigile zarela.

Hori leku guztietan gertatzen da, bai. Klasiko bat da: inor ez da profeta bere herrian. Eta guri gertatzen zaiguna da gehienbat euskaraz egiten dugunez beti gaudela gure etxean, eta orduan, ba, ez gara sekula ere profetak. Eta gainera komedia asko egiten dugu.

Etxekoak, eta aldi berean erdal munduarentzako erabat ezezagunak, noski.

Oso ezezagunak.

Orain drama batekin zabiltza: Zergatik, Jamil? piezarekin.

Oso indartsua da. Niri drama gustatzen zait. Beldurtuta nago.

Beldurtuta?

Bai, ahalik eta ondoen egin nahi dudalako, eta aktore lana zaila delako. Aktore lanak badu bere mekanika, baina badu kontu psikologiko fuerte bat: eskatzen dizu zeure buruaz ahaztu eta beste pertsonaia baten gorputzean eta sentipenetan sartzea. Desafioa da. Niri antzerkiaz gustatzen zaidana hori da. Mendizalea izana naiz, eta egon naiz zortzi milako batean ere, telefonorik ez xerparik ez zegoenean. Beti gustatu izan zait adrenalina, eta agertoki batera igotzea oso adrenalitikoa da. Sekulako erronka da beti agertokira igotzea. Eta erronka horretan gauza batzuk kontrolatzen dituzu, baina beste batzuk ez. Zuk egin behar duzu ahal duzun guztia eman. Eman, eman, eman. Gauza batzuetan badakizu zer eman behar duzun, baina beste gauza batzuetan ezin duzu adierazi zer eman behar duzun. Baina zeure burua eta zeure gorputz osoa jarri behar duzu horretan, eta beti da desafio bat inoiz lortzen ez duzuna. Hasteko, ez dakizulako %100a zer den. Eta beti bukatzen duzu pentsatuz, «ño, hurrengoan bai!». Eta ateratzen zara agertokira estres eta adrenalina horrekin, prestatu duzun guztiarekin, ikasi duzun testuarekin eta entseatu dituzun keinuekin, baina baita zer den ez dakizun hori egin beharrarekin ere.

Alegia, agertokira igotzea dela zortzi milakoak igotzeko asmatu duzun erarik erosoena.

Eskuragarriena bai. Gustatzen zait erronka hori. Niri gustatzen zaidana da ikuslearengan sentimenduak sortzea: barreak, sorpresa, beldurra edo negargura.

Eneko Sagardoirekin arituko zara aktore lehenengoz. Ez da zure ohiko antzerki kidea.

Oso polita da bera bezalako aktore batekin lan egitea. Oso ona delako lehen-lehenik, eta baita ondo dagoelako beste sentsibilitate eta pertsona batzuekin harremanetan jartzea ere. Oso ondo dago Enekorekin lan egitea, ze Eneko ez da Patxo [Telleria], eta Eneko ez da Jokin [Oregi antzerki zuzendaria]. Beste pertsona bat da beste mundu bat daukana. Pozik gaude emaitzarekin.

Esan duzu lehen kasik-kasik nahi duzuna egiteko aukera izan duzula zure ibilbide osoan. Gutxitan izaten du aktoreak halako askatasunik.

Bai. Karrera egiteko egin behar duzuna da egin, egin, egin. Aktore lana da zaila, ze jarri behar duzu aurpegia agertokian eta prentsaurrekoan defendatzeko lan bat eta ideologia bat, eta agian ez da hori zure ideologia eta ez da hori zure lana. Oso gogorra da, ze gainera jendeak identifikatzen zaitu pertsonaiarekin, eta telesail arrakastatsu batean baldin bazaude eta saileko ergela izatea tokatzen bazaizu, jendeak harekin identifikatuko zaitu. Gidoigileak, produktoreak, zuzendariak, denak dira produktu horren erantzuleak, baina zuk aurpegia ematen duzu. Nik beti izan dut zortea enpresatxoan eta lagun taldean lan egin dudalako eta oso gutxitan egin dudalako lana nire lagunak ez direnentzat. Eta agian egin ahal izan dut hori ekonomikoki dependentzia osoa ez dudalako eduki. Chapeau bere ibilbidea egiten duen aktoreari, benetan. Nik sentitzen dut, ordea, kristoren pribilegioa izan dudala.

Eta baloratuta sentitzen duzu zuen lana?

Lehen kexatu naiz, batzuetan, egun txarra daukadanean, sentitzen dudala gure lana gutxi baloratuta dagoela, oso «etxekoak» garelako, eta ez daukagula artista malditoaren irudia ere. Baina oso egun txar gutxi daukat, zorionez. Normalean sentitzen dut, badakit, jendeak gure lana maite duela, eta zerbait ona, garrantzitsua eman diogula eta ematen diogula herri honi eta euskarari. Eta horrek bete egiten nau.

BERRIAn argitaratua (2015/10/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA