astekaria 2017/07/07
arrowItzuli

ekonomia

SOLDATAK ERE MERKEALDIAN

Xabier Martin

SOLDATAK ERE MERKEALDIAN

Uztailaren 7ko amildegitik behera galdutako lan hitzarmen sektorialen artean dago Gipuzkoako ehungintzako merkataritzarena. 2013ko San Fermin egun horretan ez zuten jakingo alorreko behargin askok, baina lan erreformaren zezenak harrapatu zituen. Merkealdia aspaldian hasi ziren Gipuzkoako arropa dendetan jarduten duten 2.000 behargin ingururen lan baldintzetan; gehienak emakumeak dira.

Hilabeteak iraun duten negoziazioen ondotik, herrialdeko ehungintzako merkataritzaren mahaia eratu dute hilaren 19an, eta haren esperantzan daude mahaikideak sektorean lan arautegi argi eta adostua lortzeko. Etzi batzartuko da mahaia estreinakoz, negoziazio gunea ofizialki eratu eta gero. Zailtasunak ez dira gutxi, ordea: hasteko, mahai horretan ez daudelako sektoreko patronal guztiak (Garen eta Dendartean daude sindikatu nagusiekin batera), eta, edozer adostuko balitz ere, inpugnazio baten itzala luzea delako. Merkataritza Federazioak agenda arazo bat aipatu zuen aurreko astean negoziazio mahaia eratzeko bileran ez egoteko, baina hura gabe egin daitekeen edozer epaitegietara eramateko eskubidea gogoratu zuen. FMGren mehatxua hor dago.

Bizkaian, Araban eta Nafarroan badute sektoreko ituna langileek. Gipuzkoak du lan gatazka ehungintzaren merkataritzan —eta ez bakarrik ehungintzarenean—, eta merkealdia hasi den honetan ELA sindikatuak agerian utzi nahi izan du Donostiako San Martin merkataritzaguneko moda denden aurrean egindako protestarekin. «Erreformak sektoreko itunaren ultraaktibitatea botako zuela ikusita, ordezkaritza genuen kate handietan itunaren luzapen moduko bat egitea adostu genuen, baina hori ez da denda guztietan gertatu, noski», dio Mirari Irure ELAko Zerbitzuak alorreko arduradunak. Esaterako, Zaran lotu zen nolabaiteko su-etena, baina Inditex taldeko beste denda batzuetan ez.

Ezpainak beltzez margotu

Garai horretan sinatu zen, bestalde, Merkataritza orokorreko itun sektoriala Gipuzkoan, eta hura indarraldian egotea bere alde jarri dute hainbat negozioren jabeek, bere moda dendetako langileak ehungintzatik itun orokorrera eramateko; alegia, haien lan baldintzak era nabarmenean okertzeko. «Langileak ez badira ohartzen bere lan baldintzen alde mobilizatu behar dutela zaila izango da itun berria egitea, baina ikusten ari gara gero eta kontzientziazio handiagoa dagoela, eta egin dugun azken protesta jendetsua izan da». Dendariak ezpainak beltzez margotuta lan egitera deitu zituzten hilaren 23an, geroa beltzez besteko kolorez margotu nahi dutela helarazteko.

Merkataritza orokorreko itunak, lehen, merkataritza espezializatutik kanpo geratzen ziren jarduera bakan batzuk baino ez zituen hartzen. «Gutxiengo batentzat zen, ehungintzak, metalgintzako merkataritzak edo larrugintzak bereak zituztelako», dio Irurek. Bada, orain, dendarien azken zorua zen hori kontsolamendu bihurtu da Gipuzkoako saltzaile askorentzat, eta haren eragina ondo baino hobeto ezagutzen dute kontratua bakarrik merkealdietan lortzen dutenek, adibidez.

Donostiako erdiguneko denda ezagun batzuek jokaldi hori egin dute erreformaren itzalean —horra ELAko sindikalistaren salaketa—, eta itun apal horrek finkatzen du soldatak 5.000 euro baino gehiago txikitzea Gipuzkoako ehungintzaren itun galduarekin alderatuz. Baina hitzarmen hura ardatz hartuta jarduten dutenak ere ez daude oso ondo, 2009ko taulen arabera jasotzen dutelako soldata.

Zer gertatu da orain ehungintzaren mahaia eratu ahal izateko? Garen eta Dendartean patronalek aurrerapauso bat eman dutela, labur esanda. «Garenek eta Dendarteanek negoziazioaren alde egindako urratsak erakusten du akordio bat egitearen oztopoa ez dela negozioen bideragarritasun ekonomikoa, borondate kontua baizik», dio ELAko kideak.

Horrekin bat dator Juan Ramon Apezetxea Gareneko idazkari nagusia. «Arau garbiak jarri nahi ditugu sektorean. Adegik egon nahi ez badu, ondo, baina ez gara zain egongo: martxan jarri nahi dugu». Apezetxeak dio denda batzuek Merkataritza orokorreko ituna aplikatzen dietela langileei, eta beste batzuek Gipuzkoako ehungintza hitzarmen eroriarena hartzen dutela gida gisa. Eta ezin dela egoera hori luzatu, «denda txiki asko galtzen ateratzen direlako kate handien aurrean». Gareneko zuzendaritzako kideak uste du multinazionalek «lehia desleiala» egiten dietela denda txikiei, haietan, «jabe eta langileen gertutasunagatik», joera delako Gipuzkoako hitzarmen eroriarekin jarraitzea.

Patronaleko kideen artean ez da oso ohikoak Apezetxeak —urte askoan Adegiko negoziazio kolektiboko arduraduna— esandako hau: «Patronala gara, baina lan baldintza justuak nahi ditugu langileentzat; soldata justurik gabe, ez dago ekonomia altxatzerik, eta ez dugu gehiago itxarongo».

Etzi ikusiko da FMG lanerako prest ote dagoen. Agenda arazoak ezezkorako estrategia izan den edo ez azaleratuko da. Esan beharrik ez dago: batzarrera ez badoa, hankamotz jaioko da ehungintzako merkataritzako mahaia, baina abian jarri eta sektoreko itun bat egiteko gai balitz, Adegitik hurbil dagoen patronalak tentuz jokatu beharko lituzke bere kartak; ez da hain erraza erabakitzea auzitara jotzea 2009tik erorita dagoen itun berritu bat botatzeko. Adegi erretiratu egin da negoziaziotik, ordezkaritza ez duela esanez, baina Garenen eta Dendartenen ordezkaritza ez da seguruenera 2.000 langile eta 500 negozio hartzen dituen sektorearen ordezkaritzaren erdira iristen. Seguruenera esan behar da, oraindik ez baitago patronalaren ordezkaritza neurtzeko metodo fidagarririk. Hala salatu du ELAko kide Mirari Irurek. «Betikoa da, haien ordezkaritzak ez dira gureak bezala neurtzen, eta gero arazo ezagunak datoz».

Eragin orokorreko ituna

Edonola ere, sindikatuei ez zaie interesatzen eragin mugatuko ituna litzatekeena, horrek zabalik utziko bailizkio ateak edozein enpresari itun hori ez aplikatzeko; hots, borondate kontua litzateke adostutakoa aplikatzea, betiere patronal sinatzaileen kide ez diren enpresentzat. Ez, Gipuzkoako ehungintzaren mahaiak eragin orokorreko ituna adosteko jaio da, eta horren aurka salaketa bat balego, beste agertoki batean legoke lan gatazka eta sektorea bera.

LAB ere negoziazio kolektiboaren tresna erabiltzeko pronto dago; «Merkataritza Federazioari deia egiten diogu arduraz jokatzeko eta negoziazio mahaira batzeko », esan du. Sindikatu abertzaleak abiapuntu gisa jotzen du ehungintzaren mahaia, merkataritzaren beste azpisektoreetako mahaiak ere martxan jar daitezen. Horretan, bat dator Garen patronala. Juan Ramon Apezetxeak garbi baitio ehungintzarena «hasiera baino ez dela». Merkataritzan dagoen prekarizazio orokorrari «muga» jarri nahi dio LABek, eta prest daudenekin bidea egiten hasteko prest dago. LABentzat, azken helburua da Gipuzkoako Hitzarmen orokor berria egitea; alegia, «azpisektore guztiak berdindu eta batu» nahi ditu.

BERRIAn argitaratua (2017/07/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA