astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

mundua

Schengen eremua, kolokan

Adrian Garcia

Schengen eremua, kolokan

Schengen zirkulazio askeko eremua ez da horren askea izango. Bruselak lehen urratsak egingo ditu kanpo mugei dagozkien arauak moldatzeko, eta urte amaieran proposamen bat aurkeztuko du. EB Europako Batasuneko Barne eta Justizia ministroen ezohiko bilkuran Frantziak proposatutako beste gi gaietan ere ados jarri dira 28ak: armen salmenten gaineko kontrola estutu eta PNR Bidaiaren Izenen Erregistroa ezarriko dute. «Gure herrialdea entzun dute; ezinbesteko moldaketak dira», uste du Frantziako Barne ministro Bernard Cazeneuvek.

Urtarrileko Parisko erasoen ostean ere auzi horiek mahaiaren gainean jarri zituen Parisek, baina ez ziren aurrera atera. Batez ere, polemikoa da PNRren auzia: EBko edozein herrialdetan lurreratu, aireratu edo bertatik igarotzen diren hegazkinen aire konpainiei eragiten die. Hegaldi horien bidaiarien datu guztiak Interpol eta AEBetako zerbitzu sekretuen eskura jarri beharko dituzte. Izen-abizenetik harago doa informazio bilketa: kreditu txartelak, hotel erreserbak, telefono zenbakiak eta beste datuak jasoko dituzte gobernuek. Europako Parlamentuak atzera bota izan du iraganean ekimen hori, askatasun zibilen aurkakoa dela argudiatuta.

Sirian eta Iraken muturreko talde islamista suniten lerroetan borroka egiten duten europarrak atzeman nahi ditu Parisek Schengenen sartu aurretik, eta europar guztiei eremura sartzean pasaportea kontrolatzeko eskatu du, datu horiek segurtasun indarren datuekin erkatzeko. Halere, Efek kontsultatutako batasuneko iturrien arabera, konpromiso hori ez da betebeharrekoa izango, eta soilik hala nahi duten eta baliabide tekniko nahikoak dituzten herrialdeek jarriko dute sistema hori martxan.

Baina eskubide zibilen elkarte askok alferrikakotzat jo dituzte neurri horiek, jihadistek askotan kontrolak agiri faltsuekin igarotzen baitituzte. «Europak ez baditu ardurak hartzen, Schengen guztia jarriko da auzitan», adierazi du Frantziako lehen ministro Manuel Vallsek. Haatik, Europako zenbait kidek, Poloniak, kasurako, Parisko erasoak errefuxiatuen krisiarekin lotu ditu, eta kanpo mugak ez ezik barnekoak ere zorrozteko aprobetxatu dezake aukera. Izan ere, Frantziak «migrazio presioa» mehatxu gisa hartu du EBko ministroei proposaturiko testuan.

Charlie Hebdo-ren eta koxer supermerkatuaren aurkako eta beste zenbait erasotan erabilezin bihurtutako, baina gero ostera aktibatutako armak erabili zituzten. Horietako batzuk Eslovakian erosiak ziren, arma mota horiei buruzko arau malguak baititu. Malgutasun horrekin amaitu nahi du Bruselak, eta partikularrek «desmilitarizatutako armak» erosi ahal izatea debekatuko du.

Zerbitzu sekretu bateratua

Joan den ostiraleko sarraskiaren ustezko egileetako batzuk Europako zerbitzu sekretuen zerrendetan egoteak agerian utzi du herrialdeen arteko koordinaziorik eza. Alemaniako Barne ministro Thomas De Mazierek onartu du «segurtasun zuloak» egon direla. Atentatuak saihesteko, 28ek informazioa trukatzeko konpromisoa hartu dute. «Terrorismoaren aurka eraginkorrak izateko beharrezkoa da informazio trukea hobetzea estatu kideen eta hirugarren herrialdeen artean, Turkiarekin, esaterako», adierazi du De Mazierek.

Europako Batzordeak proposatu du EBko zerbitzu sekretu agentzia bat sortzea. «Charlie Hebo-ren ondoren dagoeneko proposatu nuen Europolen barruan terrorismoaren aurkako zentro bat eratzea», esan du EBko Barne komisarioak, Dimitris Avramopulosek.

Bestalde, Saint-Denisko segadaren inguruan informazio gehiago helarazi du fiskalak: beste gorpu bat aurkitu dute hondakinen artean. Hasna Ait Boulahcen da, hatz markei erreparatuta jakin ahal izan dutenez. Frantziako hedabideen arabera, Abdelhamid Abaaoud komando jihadisten ustezko buruaren lehengusina da. Hura asteazkeneko polizia operazioan hil zuten. Ait Boulahcenek bere burua leherrarazi zuela zabaldu zuten arren, Poliziak gezurtatu egin du. Saint-Denisko pisuko hiru hildakoetatik bakarra gelditzen da identifikatzeko. Horrez gain, Frantziako Estadioko hirugarren kamikazea ere identifikatu dute; Greziatik sartu zen Europara urrian.

Etxean geratzeko agindua

BFM TVren arabera, Poliziak uste du Abaaoudek X. eta XI. barrutietako tiroketetan parte hartu zuela. Erasotzaileek ustez erabilitako Leon beltza aurkitu zuen Poliziak Montreuilen, Paris ekialdean. Bada, gertuko metro geltoki bateko kamerek grabatu zuten Abaaoud, BFM TVk zabaldu duenez. Lekukoen arabera, hiru erasotzaile ziren Leon beltza erabili zutenak. Poliziaren arabera, Salah Abdeslam izan daiteke horietako bat, eta haren aurkako atxilotze agindua emana du.

Herenegun Belgikan bederatzi lagun atxilotu zituzten, baina horietako zazpi askatu dituzte. Parisko erasoetako kamikaze baten gertukoak dira sei. Atentatuei lotuta atxilotu zuten beste biak. Horiez gain, beste bi lagun espetxeratuta jarraitzen dute, Abdeslam Paristik Bruselara ustez garraiatu zutenak.

Espero bezala, larrialdi egoera luzatzeko eta moldatzeko legeak Senatuaren tramitea igaro du, eta indarrean sartu da, 336 aldeko boto eta hamabi abstentziorekin. Kontrako botorik ez da izan.

Badaezpadako neurri horiek baliatuta, atzo 182 miaketa eta hamazazpi atxiloketa egin zituzten segurtasun indarrek. Larrialdia ezarri zutenetik, 793 miaketa egin dituzte guztira. Atxilotutakoak, berriz, 90 dira.

Lehen aldiz iragan ostiraleko erasoetatik, gobernuak etxean geratzeko agindua eman du. Sens hiriko Champs-Plaisants auzoko herritarrek asteburu osoan ezingo dute gauez atera, Yonne departamenduan, Paris hego-ekialdean. Miaketa batean suzko armak eta agiri faltsuak aurkitu ondotik ezarri dute neurria.

BERRIAn argitaratua (2015/11/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA