astekaria 2017/06/30
arrowItzuli

kultura

Bizitza, irudi geldoan

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bizitza, irudi geldoan

Zazpi pantaila eta ur azpian murgildutako pertsona bat bakoitzean, begiak itxita. Aretoan, isiltasuna eta iluntasuna. Pantailetan agertzen diren pertsonen gorputzak mugitzen ditu uraren mugimenduak. Hilda ala ametsetan ote dauden, ikuslearen interpretazioaren araberakoa da. «Ulertu dut azkenean nire obra existitzen den lekurik garrantzitsuena ez dela museoko galeria, pantailadun gela edo telebista, ikusi duen ikuslearen adimena baizik». 6 urte zituela putzu batean erori zen Bill Viola artista estatubatuarra, eta, dioenez, agonia eta itolarria sentitu ordez, bake momentua izan zuen ur azpian, ito beharrean zela igarotako momentuan. Antzeko sentipena sortu nahi du Ameslariak izeneko obrarekin. Bilboko Guggenheim museoan jarri duten Bill Viola: atzera begirakoa erakusketaren piezetako bat da. Bitarteko elektronikoekin esperimentatu eta artelanak sortzen ditu Violak. Bideo artearen garapenean aitzindaria da, eta haren ibilbidean sortutako lanak jarri dituzte ikusgai erakusketan. Azaroaren 5era bitarte izango da zabalik.

Denboraren joana, heriotza eta jaiotza. Bizitzaren eta egunerokoaren filosofia grabatu, eta horma proiekzio handietan irudikatzen ditu Violak gerora: gehienak, mugimendu geldoan erreproduzituta. Kira Perov artistaren kolaboratzaileak azaldu duenez, teknika horretaz baliatuta ikusten ez diren sentipenak lehen planoan jarri nahi ditu Violak. «Mugimenduak geldoan ikusten direnean, esentzia ikustea errazagoa da, eta sentimenduen barnean dagoena ikusgarri egiten da». Sinplea da Violaren lana, Peroven arabera. «Begiratu besterik ez duzu egin behar». Jean Luc Marion filosofo frantsesa du oinarrian. Hala zioen: «Arteak ikusgarri egiten du norbera ikusteko gai ez litzakeena eta norbera ikusteko gai ez dena».

Bizitza eta heriotza

Pintzela eta margoak erabili beharrean, bideokamerak dira artista estatubatuarraren lan tresna nagusiak, eta pantailak, aldiz, haren oihalak. «Billentzat [Violarentzat], artistaren rol nagusia gizakiaren arima irudikatzea da eta, bide horretan, teknologia tresna bat besterik ez da harentzat». 1970eko hamarkadatik dihardu Violak bideogintza eta artegintza uztartzen, eta, gaur-gaurkoz, mugarria da haren lana.

24 obra bildu eta kronologikoki antolatu dituzte museoaren zortzi galeriatan: argirik gabe, ilun daude areto guztiak, eta, erdigunean ala hormetan, Violaren ikus-entzunezkoak dituzten pantailak. Erakusketan dauden pieza guztiak bideoz osatuta daude, eta 30 minututik gora irauten dute horietako batzuek. Horregatik, presarik gabe eta denboraz gerturatu behar da ikuslea erakusketa osorik ikusi nahi baldin badu. Lau abesti lana da horren erakusle. Ibilbidearen lehen obra da, eta, orotara, 33 minutu irauten du. Perov: «Violaren ideiak eta ibilbide osoa laburbiltzen du lanak. Bere pentsamenduetan murgilduta dagoen buru bat irudikatzen du».

Lau istorio biltzen ditu lau pantailatan, eta gizakiak ingurunearekin duen harremana du lanak oinarri. Irudiei ematen dien besteko garrantzia ematen dio Violak artelanek duten soinuari. Musika elektronikoko ikasketak ere egin zituen Sirakusako Unibertsitatean (Italia), eta naturako soinuak eta doinu elektronikoak nahastuta sortzen du artelanen musika.

Jaiotza alderantzizkatua lana da erakusketak biltzen dituen harribitxietako bat. Piezan, gizon bat ageri da bost metroko pantaila erraldoi batean, eta likido beltz batekin blai eginda dago. Mugitu egiten da likidoa, gorantz, eta kolorez aldatuko da: gorria, zuria, eta gardenak, azkenik. Violaren arabera, bizitzaren zikloak erakusten ditu lanak. «Giza bizitzaren esentzia bera irudikatzen dute: lurra, odola, esnea, ura eta airea. Jaiotzetik heriotzara arte doan bizitza zikloa irudikatzen du obrak, iluntasunetik argitasunera doan transmisioa». 2014koa da obra; hain zuzen, Violaren sorkuntzan eraldaketa prozesuek eta jaiotza eta heriotzaren arteko zikloek garrantzia hartzen duten garaikoa. Lucia Agirre erakusketaren komisarioaren arabera, bizitzaren iraunkortasunari buruzko hausnarketa du lanak oinarrian. «'Nor naiz? Non nago? Nora noa?' galderak biltzen ditu lanak. Baina Violaren asmoa ez da galderak erantzutea, galderak egitea baizik».

Jaiotza alderantzizkatua artelanean argi azaltzen da ura funtsezko osagaia dela Violaren lanean. Heriotza eta jaiotzaren arteko zeharkaldia irudikatzen du likidoaren bitartez Tristanen igaroaldia eta Su emakumea bi lanetan ere. Beren-beregi Wagnerren Tristan eta Isolda operarako sortu zituen Violak 2005ean, eta erakusteko egokitu zituen gerora. Soinua gehitu eta pantaila erraldoi batean ikus daitezke biak orain. Hamaika minutukoa da lehen bideoa, eta hamarrekoa, berriz, bigarrena.

Denboraren joana

Denboraren joanari buruzko hausnarketa dute Violaren lan guztiek ardatz. Edonola ere, artistaren arabera, artelanak bukatzean hartzen dute forma. «Oro har, beti egiten dut lan emoziotik eta intuiziotik abiatuta, eta, askotan, ez dut ulertzen zer egiten ari naizen, harik eta paperean forma hartzen duen arte; idatzi egiten dut, edo marrazki bat egin. Orduan hasten da obra bere misterioak erakusten». Artista estatubatuarraren marrazki eta apunteak ere bildu dituzte erakusketaren alde batean, haren lan egiteko era azaltzeko.

Bideo bidezko artegintzan abiatu zenetik gaur egunera bitarte, asko aldatu da teknologia, eta garapen hori nabaritu egiten da erakusketan ere. Ez dute antzik lehen aretoetan azaltzen diren obretako pantaila zabalak eta ibilbidearen bukaeran azaltzen direnak, eta grabaziorako teknikak ere asko aldatu dira Viola hasi zenetik.

Egunerantz aurrera eginez erakusketaren azken lanean jarri du fokua Perovek. Elkarlanean egindako azken pieza da, eta horma irudi gisa, paretetan proiektatutako bost bideok osatzen dute lana: Suaren jaiotza, Bidea, Uholdea, Bidaia eta Lehenengo argia. Guztira 34 minutu irauten du sekuentzia bakoitzak, eta Egiptoko Hildakoen Liburutik datorkio izena: indibidualtasuna, heriotza eta berpiztea lantzen dute irudiek.

«Hasierarik ez. Amaierarik ez. Norabiderik ez. Iraupenik ez. Bideoa, adimen gisa». 1980ko hamarkadan idatzi zituen Violak hitzak. «Ikus-entzunezkoen teknologiak ez du desadostasunik gure barne nitasunarekin, baina haren isla da». Norbere buruarekin ala sentipenekin topo egiteko erakusketa da Violarena. Hala uste du artista estatubatuarrak: «Denok gara irudi mugikorrak».

BERRIAn argitaratua (2017/06/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA