astekaria 2017/06/30
arrowItzuli

iritzia

Gure kluba

Onintza Enbeita

Gure kluba Onintza Enbeita

Gustatzen zait kanpoko talderen bateko zaleek indarkeria erabiltzen dutenean edo mundu mailako erreferente diren gizonezko futbol jokalariek ogasunari iruzur egiten diotenean, nire inguruko futbolzaleek izan ohi duten jarrera.

Gustatzen ez zaidana da, ordea, Athletic defendatzeko sentitzen duten barne dei itsu hori. Gure klubak dena egiten du ondo. Miresten dituzte Bilbon izandako entrenatzaileak, jokalariak, presidenteak... arraroak gu, gure klubeko gizonek finalen bat jokatzen dutenean autobusa betiko orduan etor dadin espero dugunok edo guztion diruarekin egindako zelaian azpikontratatu gehiegi ikusi dugunok.

Aste honetan irakurri dut mobbing-a jasan izana salatu duela jokalari ohi batek. «Jendearekiko tratuan arazoak izan zituen salatutako entrenatzaileak, baina Athleticentzat emaitza onak lortu zituen», esanez entzun dut norbait irratian. Pentsa ezazue halako zerbait esango banu nik irratian enpresa gizon bati buruz: «Egia da langileekin ez dela ondo portatzen, baina irabazi handiak lortzen ditu urtearen azkenean». Zer pentsatuko zenukete nitaz? Eta enpresaburuaz? Hori baino justifikazio okerragoa iruditu zait, hala ere, ahalguztiduntasunarena: «Eskertu egin behar luke Athleticek lehenengo mailan jokatzeko aukera eman izana». Esan nahi baita, nola munduko ohorerik handiena den gure klubean jokatzea, onartu egin behar duzula bertan zapal zaitzaten. Gauza bat baita zu baino jokalari hobeak datozenean minutu gutxiagoz jokatzea, eta beste bat norbaitek esatea zeure kabuz ez bazoaz oso gaizki pasaraziko dizula. Beste aldera begiratu daiteke, baina horrek interpretazio bakarra dauka. Badakit horiek ez direla klubak harrobian transmititzen dituen balioak, baina horrela dago jolastokia: epaileei marikoiak direla esaten zaie min emateko, eta zapalduta sentitzen diren jokalariak txiripaz eta berandu fitxatutako gixajoak dira. Benetan?

BERRIAn argitaratua (2017/06/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA