astekaria 2017/06/30
arrowItzuli

bizigiro

Bidesaria kalte egiten dutenei

Iker Tubia

Bidesaria kalte egiten dutenei

Edari azukredunek eragiten dituzten kalteengatik zerga ordaintzen ari dira geroz eta toki gehiagotan. Berriki, Portugalen eta Katalunian indarrean jarri da neurria, eta, dirudienez, heldu den urtean Erresuma Batuan ere onartuko dute azukrearen tasa deitutakoa. Euskal Herrian kontrako bi egoera dira: freskagarriak kontsumitzeko zerga ordaindu behar dute Iparraldean, baina horrelakorik ez da Hegoaldean. OME Osasunaren Mundu Erakundeak azukrearen tasaren alde egin du behin baino gehiagotan, kontsumoa murrizteko balio duelakoan.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan freskagarri lata bat erostean, 2,5 zentimoko zerga ordaintzen da. Gainera, etorkizunean baliteke zerga igotzea, lata batengatik 4,6 zentimoko zerga ordaintzeraino. Azukrea gehitua duten zukuak eta esneki batzuk ere zaku horretan dira. Bestalde, edari energetikoek ere zerga berezi bat dute Ipar Euskal Herrian.

Hegoaldean, aldiz, ez, eta ez dirudi egoera hori berehalakoan aldatuko denik. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak maiatzean esan zuenez, errotik baztertu dute aukera hori. Bi arrazoi eman zituen: aldundiek ez luketela askorik bilduko, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan obesitatea beste produktu batzuen kontsumoari loturik omen dagoela. Nafarroan ere ez dirudi horrelako zergarik izanen denik. Martxoan Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak esan zuenez, azukrearen tasarekin hiru milioi euro inguru bilduko lituzke Nafarroak. EH Bilduren galderari erantzunez eman zuen datua. Horraino.

Bi alde ditu neurri horrek. Alde batetik, diru iturri dira zergak jartzen dituzten instituzioentzat. Bestetik, osasunari loturiko arrazoiak daude neurriaren atzean. OMEk dioenez, edari horiei %20ko zerga ezarrita, kontsumoa proportzioan jaitsi egiten da, eta, ondorioz, obesitatearen, II motako diabetesaren eta hortzetako txantxarren prebalentzia murriztu. «Munduan obesitatearen eta diabetesaren gorakada eragiten duen faktore nagusietako bat azukre askeak ahora eramatea da, tartean edari azukredunak. Gobernuek edari azukredunei zergak jartzen badizkiete, pertsona askoren sufrimendua arindu eta bizitza asko salbatu ditzakete», azaldu du Douglas Bettcher mediku eta OMEko zuzendarietako batek.

OMErekin ados

Osasunaren eta elikaduraren alorreko profesional askok bat egin dute OMEren proposamenarekin. Beraz, edari azukredunengatik zergak kobratzea onesten dute. «Printzipioz ez da neurri txarra, produktu ez-osasuntsuen kontsumoa oztopatzeko baita. Hala ere, kontuz ibili behar dugu, neurria hankamotz gelditu baitaiteke», azaldu du Idoia Larretxi EHUko Glutena Aztertzeko Laborategia taldeko ikertzaileak.

Haren aburuz, edozein neurrirekin batera elikaduraren hezkuntza bultzatzea ezinbestekoa da halako politiken fruituak jasotzeko. Heziketa da kontsumo arduratsu bat lortzeko bidea, haren aburuz. EHUko ikertzaileak uste du jende askok ez duela informazio aski, edo ez duela dena garbi. «Jendeak badaki freskagarriak ez direla maiz kontsumitu behar, baina zuku artifizialen edota nektarren kasuan pertzepzioa aldatzen da. Askok egunero hartzen dituzte, eta azukre mordo bat kontsumitzen ari dira konturatu gabe», azaldu du. Horrelako edariak noizean behin hartzekoak baizik ezin dira izan: ezin dira eguneroko dietan sartu.

Herrialde askotan, zerga hori ez da ailegatzen OMEk gomendatutako %20ra. Hego Afrikan horren alde egin dute, adibidez, eta apirilaz geroztik zerga hori paratu diete edari azukredunei. Alazne Agirrezabalaga dietista eta entrenatzaile pertsonalak uste du hori dela neurria eraginkorra izateko modu bakarra. Erabakia, betiere, osasunari begira hartu behar dela nabarmendu du, ez sakelari. «Espainian atzera bota zen ez zelako dirurik behar». Hala ere, zergak jartzeaz gainera, produktu osasungarriak sustatzea proposatu du Agirrezabalagak. OMEk proposamena egina du bide horretan: fruta eta barazki freskoen prezioak %10 eta %30 artean jaisteko aukera izateko, gobernuek diru laguntzak banatzea.

Dietistak beste neurri batzuk ere proposatu ditu: ura eskura jartzea, toki batzuetan salmentak mugatzea eskolatan debekatzea eta ospitaletan mugatzea?, iragarkiak arautzea eta etiketa argiak egitea. Azken hori ezinbestekotzat jo dute Anadi Nafarroako Diabetes Elkartean. Cristina Salvador da koordinatzailea, eta haien jarrera azaldu du: «Gu ez gaude zergak jartzearen alde, ez aurka; guk nahi duguna da etiketak kalitate onekoak izatea». Izan ere, kexu da askotan ez direlako argiak, eta batzuetan informazio hori ez dagoelako. «Kalitatezko etiketek arazoak konponduko lituzkete, bestela ezin baituzu modu askean erabaki zer egin».

Dena den, zalantzak agertu ditu zergaren eraginkortasunaren inguruan. «Ez dugu uste azukreari gerra deklaratu behar diogunik, baina egia da edari horiek pozoia direla. Baina, nahiz eta zergak jarri, nahi duenak kontsumituko du, tabakoarekin gertatzen den moduan». Hartu litezkeen neurrien artean bat da zerga jartzea, baina beste neurri batzuk behar ditu eraginkorra izateko. Larretxik ere tabakoa izan du hizpide: «Kasu horretan, prezioen igoera ez da guztiz eraginkorra izan, nahiz eta kontsumoa apaldu den». Bestalde, kezka agertu du neurriak soilik diru gutxien dutenengan eragin dezakeelakoan. «Gizarte guztiaren osasuna bermatzen saiatu behar dugu».

Udako tentazioak

Geroz eta edari azukredun gehiago dago merkatuan, eta asko dira haien aldeko publizitate kanpainak ere. Udarekin batera, ugaritu egiten dira freskagarrien kontsumoa bultzatzen duten iragarkiak. Horrelako deiekin tentuz ibili behar dela ohartarazi dute adituek. Agirrezabalagak iragarkiak arautzea proposatu du: «Norentzat dira iragarki horiek? Zein ordutan ematen dira? Zenbat? Asko umeei bideratuta daude, haientzat babestutako ordutegian». Larretxi ere kezkaturik agertu da iragarki horien eta eskaintzaren gorakadarekin. «Izugarria da produktu hauen atzean jendea erakartzeko dagoen marketin lana».

Adituek gogorarazi dute azukreak gaur egungo gaixotasun anitz eragiten dituela eta, beraz, horrelako edariak arduraz kontsumitu behar direla. «Askotariko dieta egitea da gomendagarriena, elikagai naturaletan oinarrituz eta produktu prozesatuak ?freskagarriak eta edari azukredunak barne? ahal den neurrian baztertuz». Izan ere, freskagarri lata batek 35 gramo azukre izan ohi ditu, eta OMEk gomendatzen du 11 urtetik gorakoek gehienez 30 gramo kontsumitzea. «Azukrea ez da beharrezkoa nutrizioaren ikuspegitik. Azukre askeak hartzekotan, behar energetiko osoen %10 baino gutxiago izatea gomendatzen da; gainera, osasunean hobekuntzak ikusi dira %5etik behera hartuta», dio OMEk. Egunero 250 mililitroko baso bat baino gutxiago litzateke proportzioa.

OMEk ohartarazi du: obesitatea eta diabetesa asko zabaldu dira munduan azken hamarkadetan. Datuen bidez ohartarazi du: 1980. urtetik obesitatea bikoiztu baino gehiago egin da munduan. 2014an, 18 urtetik gorako helduen %39k gehiegizko pisua zuten, eta %13k, obesitatea. Urte horretan bertan, munduan 5 urtetik beherako 41 milioi haurrek zuten gehiegizko pisua edo obesitatea. Hainbat gobernu hasiak dira zergen aldeko apustua egiten. Haien osasunari kalte egin nahi diotenei bidesaria ordainarazten.

BERRIAn argitaratua (2017/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA