astekaria 2017/06/30
arrowItzuli

kirola

MARKEL IRIZAR

«Tropela oihana da; orain ez dago errespeturik»

Imanol Magro Eizmendi

«Tropela oihana da; orain ez dago errespeturik»

Bihar hartuko du Dusseldorferako hegaldia (Alemania). Trek-Segafredo taldeak iragan astean baieztatu zion Frantziako Tourrean lehian ariko dela. Seigarrena izango du. Morroi lana egitera doa, eta lasai dago. Garbi du zein den bere rola, bere ardura taldean, baina badaki larunbatean hasiko dela «estresa». Hiztun ona da, alaia, baina askotan errepikatu du hitz hori.

Lau egun falta dira Frantziako Tourra hasteko. Nolakoa izaten da aste hau?

Urduritasun mailan, beste itzulien antzekoa. Tourrean, hori bai, dena handiagoa da. Jende gehiago, babesle gehiago; taldean ere nabaritzen da dena ezberdina dela. Estresagarriagoa da, baina ez dit urduritasunik eragiten. Adibidez, Munduko Txapelketan, taldekako erlojupekoaren aurretik, urduriago egoten naiz. Estresa da Tourrak duena, lehen egunetik azkenera. Lekualdatzeak luzeagoak izaten dira, askotan errepideak blokeatuta egoten dira, zirkulazio handiagoa; gaueko bederatzietan edo hamarretan afaltzen dugu, eta hamabietan oheratu. Estresa da.

Estresagarria, baina guztiek egon nahi duzue han.

Lasterketarik garrantzitsuena delako. Hori bai, lasterketarik politena Italiako Giroa da. Nik nahiko nuke Girora itzuli erretiroa hartu aurretik. Giroa da lasterketarik politena: paisaiak, erromantizismoa... Nik beti esan dut: «Maiatzeko eguraldiarekin Dolomitetara joaten den euskal herritarra txirrindularitza asko gustatzen zaion seinale». Jendea gertuagokoa da Giroan, beroagoa. Tourra, azkenean, ikuskizun bat da, asko mugitzen duena, kirol lasterketa handiena, baina, oraintxe bertan, iruditzen zait Giroko antolakuntza txirrindulariengandik gertuago dagoela Tourrekoa baino. Uste dut tropelari galdetuz gero txirrindulari gehienek esango luketela Giroa nahiago dutela Tourraren gainetik. Nik askori entzun diet.

Tourretik zerbait gustatuko zaizu, ala?

Lasterketarik handiena da. Eguraldia du ona, Pirinioetan euskal zale asko ikusten duzu, eta horien babesa izugarria da, familia eta lagunak ere errazago iristen dira... Eta Tourrean edozer gauza txiki eginda oihartzun handiagoa du. Nik Tourra bost aldiz egin dut. Giroa, azkenekoz, 2008an, eta badut hara itzultzeko gogoa.

Noiz jakin zenuen Tourrera zindoazela?

Abendutik genekien ia hogei hautagaiko talde bat ginela. Iragan asteartean esan ziguten taldea, eta, gero, azken uneko bi aldaketa egon ziren. Asteazken-ostegunean baieztatu ziguten.

Hamar egun lehenago oraindik aldaketak egiten?

Beti daude gauzak, lesioak. Azken unera arte ez dakizu zein joango den. Beti itxoiten.

Nola zaude sasoiz?

Oso ondo, azken urteetan baino hobeto. Oso lasai nago. Pirinioetan entrenatzen aritu naiz, giro onarekin. Bi gazterekin ibili naiz: Mikel Elorza eta Aitor Olaziregi. Eta kontatu nien askotan Tourra prestatzeko ahalegina egin behar dela, sakrifizioa dela: jana, zaindu... Oraingoan natural irten zait. Arrazoia ez dakit, baina sentsazioak oso onak dira. Entrenatzen ari nintzela ez nuen neure burua testatu behar, banekien ondo nengoela, eta taldean sartzen banintzen prest egongo nintzela.

Zuretzat garrantzitsuena lehen astea da.

Bai, bai, argi dago. Taldea banatuta dago: lau txirrindulari ordekarako eta lau mendirako. Nire multzoan gaude: Michal Gogl tartekoa da, goraka eta ordekan ibiltzen da; John Degenkolb eta Koen de Kort esprinter eta bideratzaileak dira, baina ez dute lan hori egingo, azken hamar kilometroetan Contadorrekin egotea izango da euren rola. Eta ni oso diesela naiz, irteeratik lan egiteko, desgastea, kilometro asko egin beharko ditut haizea jaten. Lehen astean, Contador haizetik babestea eta Koen eta Dege lanean hasi arte hura zaintzea izango da nire lana. Gure helburua Contador mendiko etapetara denborarik galdu gabe iristea da, eta, gero, haren hankek edo errepideak esango dute zein postu merezi duen. Horren aurretik ez dadila egon hutsik edo erorketarik.

Azken itzuli handietan, erorikoek ia mendiek adina erabaki dute. Faborito asko erori izan dira. Bizkartzainen lana gero eta garrantzitsuagoa da.

Nabarmena da gero eta tentsio handiagoa dagoela. Gero eta errespetu gutxiago dago tropelean, gero eta gehiago limatzen duzu. Denok, gehiago. Aldatu egin da txirrindularitza orokorrean; ni hasi nintzenetik hona asko aldatu da lehiatzeko modua. Orain, gazteek-eta ez dute errespetatzen, ezta nik ere. Lehen, jendeari pasatzen uzten zitzaion, eta, orain, oihana da; bakoitzak berea defendatzen du, eta errespetua galdu da. Lehen, zintzoagoa zen. Orain, norberak bere burua salba dezala, eta errepideak ere hala moduzkoak dira. 90eko hamarkadan bide zabalak bilatzen zituzten, autoak ere handiagoak zirelako, eta orain, berriz, irlatxoz beteta daude, sakanguneak, espaloiak. Errepideak ere arriskutsuagoak dira: biribilguneak, sakanguneak... Nahikoa da jakitea biribilgune edo bidegurutze arriskutsu bat dagoela zuzendariak denak aurrera bidaltzeko. Eta gu bezala, beste guztiak. Denok aurrean egon nahi dugu; 200 txirrindulari gaude, eta bidea estua da. Norbaitek frenatzen badu, erorikoa dator, eta erorikoak gero eta erabakigarriagoak dira.

Hainbestekoa al da tropelaren urduritasuna?

Bai. Askotan zuek esaten duzue, kazetariek, «etapa aspergarria izan da, ez da ezer pasatu...», eta gu leher eginda iristen gara helmugara, sekulako watt pila emanda eta lepoko minez tentsioarengatik. Eta txantxetan esaten dugu: «Trantsizio etapa». Desiratzen egoten gara lehen astea noiz pasatuko; nahiz eta nik aldapa gora sufritu, mendia noiz iritsiko irrikan egoten gara. Hor bakoitza bere lekuan jartzen da, eta tropela antolatu egiten da.

Lehen astean ez dago errepidearekin gozatzerik.

Ez. Lehen asteko egunak ezabatuz joatea da. Arreta guztia jarri behar duzu horretarako.

Aurten, Alberto Contador da zuen liderra. Aldatzen al da jarduna?

Ardura handiagoak hartzen ditugu, eta bera aurrerago kokatzen da. Baina ni beti egon naiz gustura egokitu zaizkidan liderrekin. Ni Fabian Cancellararen laguntzailea nintzela esaten zuten, baina ez, nik taldearentzat lan egiten nuen. Halere, argi dago harekin eginiko lasterketek markatu egin nindutela. Bauke Mollemarentzat ere oso gustura egin izan dut lan, eta, orain, Alberto Contadorrentzat ere bai. Guretzat ez dago alde handirik. Tira, bakoitzaren berezitasunak. Adibidez, Mollema ez da inoiz gelditzen txiza egitera, eta Contador, berriz, bai. Aldea da. Andy Schleckek ez zuen inoiz urik edaten, gatzak bakarrik, eta Contadorrek askoz gehiago edaten du ura. Botilak eramatean, hori kontuan izan behar da, baina xehetasun txikiak dira.

Taldeak apustu sendoa egin zuen Contador fitxatuta. Anbizioa nabari duzu?

Bai, baina apaltasunez eta zuhurtziaz joan behar dugu. Lider sendoa dugu, baina maila oso handiko txirrindulariak daude: Richie Porte, Chris Froome, Alejandro Valverde eta Nairo Quintana, Romain Bardet... Eta Contador hor egongo da, euren mailan. Adinean gora egin ahala, gero eta zuhurragoa naiz, eta argi dut errepidean hitz egin behar dela.

Zer moduzkoa da Contador traturako?

Gertukoa da, esker onekoa. Hoteleko geletara etortzen da eskerrak ematera. Lehiatzeko moduan oldarkorra da, beti prest zerbait egiteko, eta zuk ere prest egon behar duzu. Baina esker onekoa da. Alde horretatik, zorionekoa naiz izan ditudan lider guztiak esker onekoak izan direlako.

Tourrari buruz hitz egin duzue?

Bai. Berak buruan aspalditik du, profesionala da, exijentea, eta argi du zer egin behar duen.

Zuhurra izan behar dela esan duzu, beraz, alferrik izango da kiniela bat eskatzea.

Hori esango dizut, bustiz, bihotzarekin edo buruarekin: Contador, Froome eta Bardet. Valverde ere ondo ikusten dut. Gure helburua irabaztea da, eta maila ona ematea, baina beste taldeek ere maila ona dute, eta beste lider batzuk, aurretik behintzat, Contador baino indartsuago egon direnak. Niri Dauphinen ondo, baina ez bete-betean, dabiltzanak gustatzen zaizkit. Vincenzo Nibali hala ibili zen Tourra irabazi zuen urtean, eta, aurten, Contador hala ibili da; Bardet ere bai. Dauphinen oso ondo ibili direnei agian pixka bat luze egingo zaie Tourra. Baina, tira, hau guztia teoria da, eta Valvrede gai da edozein teoria desmuntatzeko.

Ibilbidea zer iruditzen zaizu?

Azken unera arte ez diot askorik begiratzen. Etapa lau asko daude; hamar bat-edo buka daitezke esprintean. Erlojupekoetan Tony Martin izango da faboritoa. Alpeetako etapak gogorrak dira. Pirinioetakoak, berriz, apur bat arraroak. Peyregoudeseko hori... Lehen igandean etapa oso gogorra dugu, igoera eta jaitsiera nahiko arriskutsu batekin. Ibilbideari erreparatuta ez dirudi hain gogorra denik, baina Tourrean dagoen tentsioarekin, ziur gogorra izango dela.

Alpeetan erabakiko dela dirudi.

Bai, nik ere hala uste dut. Garrantzitsua izango da azken astera fresko iristea. Horregatik uste dut Dauphinen oso-oso ondo ibili direnak agian sasoiz pixka bat pasatuta irits daitezkeela horra.

Pozik zoaz, baina laguna falta zaizu Tourrean. Haimar Zubeldia ez dute eraman. Nabarituko duzu hutsunea?

Bai, urte asko dira elkarrekin. Batera prestatu dugu egutegi ia osoa, eta argi dago nik eta taldekide guztiok nabarituko dugula haren hutsunea.

Euskal herritar batzuk bazaudete; oraingoz, zazpi. Eta pare bat pisu handikoak.

Ni kenduta, denak oso onak dira, kar, kar! Uste dut Ion Izagirrek itzuli handia egingo duela, eta, oker ez banago, oso-oso maila altuan ibiliko da. Txirrindulari sendoa iruditu zait betidanik.

Gaia aldatuz. Muriasek Kontinental Profesional mailara jauzia eman du. Zuek nola hartu duzue albistea, beste euskal profesionalek?

Ilusio handia egin dit. Ilusioa batez ere beti gustatzen zaizulako txirrindularitza hartu zenuenean baino hobeto uztea. Euskaltel-Euskadirekin belaunaldi askok sekulako zortea izan genuen. Aukera hori zapuztuta egon da urte luzez, eta badirudi belaunaldi gazteek aukera berria izango dutela. Harrobiko lana suspertu egingo da, eta gazteek argia ikusiko dute tunelaren amaieran. Nik espero dut egitasmoak aurrera egitea eta hor sendotzea, horrela Itzulia, Klasikoa eta Espainiako Vueltan parte hartu ahal izatea.

Ilusioa sortzea, alegia.

Bai. Denok Euskaltel dugu buruan, eta zaila izango da hara iristea, baina pausoak eman behar dira, eta hau ilusio iturri bat da.

BERRIAn argitaratua (2017/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA