astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

iritzia

Zibilizazioaren gordailua

Jon Ordoñez

Zibilizazioaren gordailua Jon Ordoñez

Francois Hollande Frantziako presidenteak «artelanen asilo eskubidea» hartu du ahotan Parisko atentatuen osteko bosgarren egunean, eta Estatu Islamikoaren txikizioaren arriskupean dauden artelanak Frantzian hartzeko prest agertu da. Unescoren urteurrenaren ekitaldi batean iragarri du espoliazio proposamen adeitsua, baina ez zen ari artelan horiek Siriaren eta Iraken auzo diren herrialdeetan babesteaz, gertuago, naturalago, Frantzian baizik. Alegia, lehen zibilizazioak han sortu baziren ere, ondare hori gordetzeko ez dago munduan Frantzia baino leku egokiagorik.

Parisko atentatuen ondorengo shock egoerak irauten du. Hollandek, ordea, azkar asko ikusi du aukera, aurreko mendeetan potentzia kolonialek egin zuten bezala, Frantzia zibilizazioaren zilborrean kokatzeko, gordeleku eta gordailu gisara aurkezteko. Errepublikak herriak bonbardatu eta pertsonak hilko ditu, bai, baina artea...

Asilo eskubidea giza eskubide bat da, eta hala dago jasota Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean. Hollandek lotsarik ez du izan, ordea, Mendebaldean gizaki askori ukatzen zaiona artelanei aitortzeko. Baten bati bururatzen bazaio (dagoeneko bururatu ez bazaio) petrolioa gizateriaren ondasun natural bat dela eta ezin dela, artelanak bezala, arduragabe barbaro batzuen esku utzi, etorriko da hori ere. Hala hasi zuten Irakeko lehen gerra.

Orain zibilizatuagoak gara.

BERRIAn argitaratua (2015/11/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA