astekaria 2017/06/30
arrowItzuli

iritzia

Towanda!

Miren Amuriza

Towanda! Miren Amuriza

Fried green tomatoes (1991), Fannie Flagg idazle estatubatuarren nobela homonimoan oinarrituriko filma; umetan hainbeste zergatik liluratu zintuen gerora ulertzen duzunetakoa. Istorioaren pasarte esanguratsu bitan «towanda!», oihukatzen dute protagonistek, horietako bat ondorengoa: Evelyn Couch (50 urteren bueltako emakume konplexuz betea) supermerkatuko aparkalekuan dago, zain, auto bat noiz irtengo. Ustekabean neskatxa bik lekua kentzen diote «zu baino gazteago eta azkarragoak gara!» esanez. Evelynek orduan, azeleragailua zapaldu eta bat, bi, hiru, lau danbateko ematen dizkio gazteen deskapotableari: «Towanda! Zuek baino zaharragoa naiz bai, eta aseguru hobea ere badaukat». Gerra oihu bat da towanda! , jarrera bat: orrazkera aldaketa drastiko bat egitea; etxekoei disparate bat iruditu arren, lana uztea izorratuta zauzkatelako; bakarrik poteatzea; irrintzi bat botatzea irrintziak botatzen ote dakizun jakin barik; kotoizko kulero zuriak, zilborrerainokoak, leihoan, bista-bistan, eskegitzea da; ahalduntzea; ziur ez duzula trago bat nahi? ezetz ba, esan dizut bakarrik poteatu gura dudala; norbaiti desio duzula aitortzea; familia bazkari batean zeu bakarrik mozkortzea... Horietakoren bat (edo denak batera) eginik zera baino harroago, lasaiago, gusturago geratu eta, halere, inguruko jendeak aspaldion oso galduta zabiltzala esatea, hori bai dela towanda!

BERRIAn argitaratua (2017/06/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA