astekaria 2017/06/30
arrowItzuli

gizartea

ESPIRALEAN KATEATUTA

Jon Rejado

ESPIRALEAN KATEATUTA

Nekanek lana galdu zuen, krisia hasi eta gutxira. Behin-behineko kontratuak aurkitu zituen, tarteka, baina horrek ere ez zuen luze iraun. Aurreztutako dirua baliatzen hasi zen orduan. Aurrezkiak baliatzea izan zen beharrari aurre egiteko hartu zuen lehen erabakia; bota zuen lehen domino pieza. Urteak pasatuta, eta konponbidea ezin lortuta, lehen pieza hark beste batzuk bota zituen. Bankuarekin zuen mailegua negoziatu zuen. Aurrezkiak lau urtean agortu zitzaizkion. Gastuak gutxitu behar izan zituen: elikagaiak, aisialdia... Gizarte laguntzak eskatu zituen gero. Gauez lo hartzea zaila egin zitzaion une batean, erruduntasunak eta ezintasunak loa kenduta. Beste domino pieza bat eroriko ote zen galdezka.

Asmatutako izenarekin bada ere, aurreko kasu erreal horrek isla ditzake azken hamarkadan krisiak zenbait etxetan eragin dituen egoerak. Tarte horretan, familia eta gizabanako askok pobrezia edota bazterkeria jasan dute. Zailtasun egoerei aurre egiteko erabakiak hartu behar izan dituzte: kasu batzuetan, egoera iraultzea lortu dute; beste batzuetan, ordea, prozesua ezin eten, eta egoera zailduz joan da, espiral gaizto baten moduan. Hasieran behar ekonomiko soil bat zenak, denboran luzatu ahala, beste premia eta zailtasun ugari eragin ditu.

Halako egoerak aztertu ditu Lucia Martinez Virtok, Gizarte Lanean doktore eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak. Jatorrizko arazoa gainditzeko erabaki behartuek eragin dituzten ondorioetan jarri du arreta: dieta desorekatuak, osasun arazoak, gizarte sareen galera, berriz laneratzeko zailtasunak... «Hasiera batean balizko ondorio gisa identifikatzen genituenek, gaur egun, kostu oso handiak dituzte integrazioan. Oztopo horiek gero eta gehiago urruntzen baitute pertsona gizarteratzeko edo laneratzeko aukeratik». Horrek, azkenean, beharrak eta babes faltak gehiago irautea dakar, eta betikotzeko arriskua dago.

Zehaztapen bat egin du Begoña Perez Eransusek, Soziologian doktore eta NUPeko Gizarte Laneko irakasleak. Pobreziaren eta bazterkeriaren arteko muga marraztu du. Pobreziak baliabide ekonomikoen faltari egiten dio erreferentzia. «Pentsio oso baxuak dituzten pertsonak daude, baina lagunak dituzte, maite duen bikotekide bat, etxebizitza... Laguntza ekonomiko batek bizimodua hobetuko lioke, baina ezin da esan gizarte parte hartzetik bereizita dagoenik».

Bazterkeria kasuetan beste aldagai batzuk ere aintzat hartu behar direla azaldu du Perezek: gizarte sarearen falta, etxebizitza izateko zailtasunak, osasun arazoak, pobrezia... «Demagun familia bat bakarrik bizitzeari utzi eta etxea partekatzen hasten dela; agian ez dira pobrezia egoeran egongo, dirua aurreztu dutelako, baina bazterkeria eragin dezaketen beste aldagai batzuk sartzen dira: elkarbizitza zailtasunak, gizarte sarearen falta, autonomiarik eza...».

Erabakiak hartzea aktiboki

Behar egoeren aurrean familiek eta gizabanakoek baliatu dituzten erresistentzia estrategiak ikertu ditu Martinezek. Abiapuntu gisa, nabarmendu du azterlanak gezurtatu egin duela zabalduta dagoen mito bat: «Gezurra da beharrean edo langabezian dauden pertsonak pasiboak direnik, edota aurrera egiteko ahaleginik egiten ez dutenik». Kontrara, ondorioztatu du familiek «oso modu kontzientean» erabakitzen dutela jarraitu beharreko estrategia.

Familien estrategiak krisi ekonomikoaren hasieran zituzten baldintzen araberakoak izan dira, Martinezen ikerketak agertu duenez. Bi egoera mota definitu ditu: batetik, krisiaren eragina jasan arren beren kabuz erantzuteko aukera izan dutenena: adibidez, etxea ordaindua zutenak baina langabezian geratu zirenak; bestetik, krisiaren aurretik babesgabetasun egoera «agerikoagoan» zeudenena: zorpetutakoak, langabezia sarirako eskubidea ez zuten langileak, gaixotasunak zituztenak...

Hala, abiapuntuaren araberako estrategiak aukeratu zituzten, azterlanaren arabera. Beren kabuz erantzuteko modua izan zutenek «prebentzio estrategiak» abiarazi zituzten; hau da, aldaketa txikiak eginda egoera orekatu zuten: oporrei uko egin, aisialdian gutxiago gastatu, erosketak neurtu... Aldiz, egoera ahulagoan zeudenek «estrategia gogorragoak» abiarazi behar izan zituzten, besteak beste, oinarrizko baliabide batzuen gastua murriztuz: elikagaiak, etxebizitza, sendagaiak, argindarra edo gasa... Muturreko kasuetan laneratzeko estrategiak prostituitzera edota droga salerosketara ere heldu izan direla azaldu du Martinezek.

Euskal Herrian ez dago gai horri buruzko datu bateratu eta gaurkoturik. Dena den, Martinezek Espainiako 2013ko zenbait datu aztertu zituen, Foessa fundazioko inkesta baliatuta. Bertan agerian geratu zen familiek eta gizabanakoek, oro har, «barruko estrategiak» baliatzen dituztela behar egoerei aurre egiteko: jantzi eta oinetakoen gastua urritu zuten inkestatuen %61ek; aisialdiko gastua %59k; oporrei uko egin zieten %49k; elikaduran murrizketak egin zituzten %42k... «Kanpoko estrategietara» gutxiagotan jo izaten da: senide edo lagunei laguntza ekonomikoa eskatu zieten %20,2k; instituzioetara jo zuten %9,4k; eta %2 baino ez ziren itzuli gurasoen etxera.

Estrategia horiei beste eragile bat gehitu behar zaiela hausnartu du Lucia Martinezek: denbora. «Zenbat eta denbora luzeagoan mantendu estrategiak, orduan eta gehiago ahultzen da egoerari modu autonomoan aurre egiteko gaitasuna». Krisia urteetan luzatu ahala, hainbat kasutan, «eragin sakonak» izan dituztela gaineratu du. Hau da, jatorrizko premia egoera gainditu ahal izateko erabakiek beste zailtasun batzuk eragin dizkiete, etxebizitzaren, osasunaren edota hezkuntzaren eremuetan.

Begoña Perezek berretsi du denborak aurrera egin ahala krisiak eragindako egoerek betikotzeko joera hartu dutela. Datu zehatzik ez badago ere, gizarte zerbitzuetatik jasotzen duten mezua hori dela argitu du: «Familia askotan pobrezia betikotzen ari da, baita bazterkeria zehazten duten beste aldagai horiei erreparatuta ere; denboraren joanarekin egoerak finkatzen dira, ez baita gauza bera bi urte gaizki egotea, edo sei urte».

Familiek, kolpea apaldu

Baliatutako estrategiak xehatuz gero, familien eta gertuko babes sareen garrantzia nabarmendu du Martinezek, batez ere krisiaren hasieran: «Lehen urteetan egon ziren pobrezia tasak egoera ekonomikoagatik espero zitezkeenak baino baxuagoak izan ziren; hor familien babesak zeresan handia izan zuen, eta, beste maila batean, administrazio publikoen babes sistemak». Faustino Lopez de Foronda EAEko Arartekoko idazkari nagusiak ere familien garrantzia azpimarratu du: «Leku batzuetan egon ziren langabezia tasak ulertezinak ziren gertuko babes sare horiek gabe». Ordea, krisia denboran luzatu ahala, sare horiek eman zezaketen babesa kolokan geratu da.

Martinez etxebizitzen auziaz mintzatu da. «Eremu horretan oso estrategia erasokorrak hartu dituzte pertsona batzuek: etxe batean familia bat baino gehiago bizitzea, behartuta; banandutako bikotekideek etxe berean bizi behar izatea, bizitza proiektua bakarrik abiarazteko ezintasunagatik...». Lopez de Forondak gogora ekarri du etxebizitzaren alorrean hartutako erabakiek bereziki eragin handia izan dutela migratzaileen artean: «Alokairu ordaintzeko zailtasuna zuten, eta, hainbatetan, jo zuten ezagunekin etxea konpartitzera».

Elikagaien inguruan ere hitz egin dute Martinezek eta Lopez de Forondak. Bigarrenak gogorarazi du EAEko Arartekoak malnutrizioaz ohartarazi izan duela: «Desnutrizioa baino gehiago, ohikoena malnutrizioa aurkitzea da; hau da, dieta orekatua ez duten familiak. Elikadura mota baten edo bestearen artean jauzi ekonomiko adierazgarria dago». Martinezek zehaztu du fruta, barazki eta arrain gutxi erosten dituztela beharrean dauden familiek, pasta edota arroza baino garestiagoak izan ohi direlako.

Horrek, bizi ohiturekin batera, osasunean eragin dezakeela gogorarazi dute biek ala biek. NUPeko irakaslea argia izan da: «Europako azken osasun inkestaren datuen arabera, loditasuna pobreen gaixotasun bihurtu da». Datu horiek azaleratu dute ogibide kualifikatuak dituzten langileen %8,78 direla gizenak; aldiz, kualifikaziorik gabeko langileen %21k dute loditasuna.

Estrategiek, elkar eragin

Aipatutako estrategiak, gainera, ez dira bide bakartu gisa ikusi behar. Martinezek zehaztu du elkar eragiten dutela. Alegia, erabakiz erabaki, egoera gaiztotzen duen segida bat gertatzen da. Martinezekin batera, Ruben Lasheras Ruiz NUPeko ikerlaria jardun da eragin horiek aztertzen; behin baino gehiagotan antzemandako bideak xehatu zituzten Soziologiako IX. Euskal Kongresuan, 2012an.

Oro har, Martinezek eta Lasherasek deskribatutako bide gehienek abiapuntu bertsua dute: aurrez ahultasun egoeran zeuden familia edo pertsonen baliabide ekonomikoak urritzea. Hortik aurrerako hamaika bide garatu zituzten bi ikerlariek. Horien artean, osasunaren auzia ere jorratu zuten: kasu batzuetan, gastua doitzearen ondorioz, dieta ezegokia egin zuten pobretutako pertsonek; horri sedentarismoa gehituta, loditasuna eta aurreko gaitzen areagotzea agertu ziren, eta, azkenik, autoestimu baxua.

Adibide bat baino ez da, baina beste hainbat daude. Bi egileek nabarmendu dute bazterkeria egoera saihestu eta egonkortasunerako bidea hartu arren denboraren joanarekin bestelako bazterkeria egoeretarako abagunea sortu ohi dela. Hainbat adibide jarri dituzte: lan bat baino gehiago edo behin-behineko lanak hartzeak osasunari kalte egitea eragin du kasu askotan; gastuak doitzeak aurrezkien murrizketa ekarri du, eta, beraz, ezohiko gastuei aurre egitea zaildu du, eta zorrei atea ireki die; etxebizitza partekatzeak familia harremanak baldintzatu ditu, baita guraso edo lagunen gaineko karga handitu ere.

Umeak, katebegi ahulena

Horiekin guztiekin batera, Martinezek, Perezek eta Lopez de Forondak marraztutako espiralak adingabeengan duen eragina nabarmendu dute. Alegia, azaldu dute orain erortzen diren domino piezek etorkizunean ere eragina eduki dezaketela. Lopez de Forondak zehaztu du determinismotik ihes egin behar dela; alegia, ez dela pentsatu behar premia egoerak bizi izan dituzten familien seme-alabek egoera bera bizi izango dutenik ezinbestean. Baina aldagai batzuek eragina izan dezaketela argitu du. Begoña Perezek ere ildo horretan jo du: «Familien zailtasunek eragin itzela dute adingabeek etorkizunean bizimodu duina izan dezaten».

Familiek krisiari aurre egiteko hartutako estrategiek adingabeei hamaika modutan eragin dietela hausnartu dute. Martinezek, lehenik eta behin, hezkuntzan jarri du arreta. Gizarteratze eragile handia dela gogoratu du. «Hezkuntzan inbertitzea gizarte eta lurralde arrakala txikitzearen alde egitea da, eta, gizarte moduan, hori sinetsi behar dugu». Ordea, familien estrategiek eragin gaiztoa izan dezakete adingabeen ikasketetan. Askotarikoak izan daitezke: hezkuntza prozesuan laguntza nahikorik ez izatea, gurasoen itxaropenik eza umeengan islatzea... «Urte askoan langabezian egonda, itxaropenik gabe geratzen dira pertsona batzuk; horrek eragin handia du familiengan, eta umeek ikusten dute».

Martinezek gaineratu du etxebizitzarekin lotutako estrategiek ere eragina izan dezaketela adingabeen beste esparruetan. Etxea partekatu behar denean, umeek erreferentziazko heldu gehiago dituzte inguruan, eta horrek arauekiko gatazkak eragin ditzakeela azaldu du. Halaber, degradatutako auzoetara jotzen dute askok, bertan alokairuak merkeagoak direlako. Horrek, inguruarekin lotutako eraginez gain, haurrek jaso dezaketen hezkuntzan ere eragin dezake.

Azkenik, aurrez aipatutako elikaduraren ildotik, loditasunak bereziki eragiten du adingabe horien artean. «Sinestezina da nola eragiten duen loditasunak oinarrizko errenta jasotzen duten familietako haurrengan».

Oinarrizko errentak, baikor

Adituek baloratu egin dituzte EAEko DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta eta Nafarroako errenta bermatua. EAEko Arartekoko idazkari nagusiak gogora ekarri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 100.000 pertsonak baino gehiagok jaso dutela eta, horri esker, babesik gabe geratzeko arriskua saihestu dutela. Dena den, pobreziari ihes egiteko «funtsezko» lana egin arren, pertsona horiek lanera bideratzeko orduan ez ditu emaitza berdinak izan.

Errenta horien baliagarritasuna nabarmendu du Martinezek ere: «Gizarte zerbitzuek ezin dute lan egin pertsona horrek gutxieneko berme ekonomiko bat ez badu». Halaber, gaineratu du «bizirik irautera» egokitutako kopuru «nahiko egokiak» direla, bai Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita Nafarroan ere. Ordea, azken puntu hori azpimarratu du: bizirik irauteko balio dutela, alegia. «Edozein arrazoirengatik diru iturri hori eteten bazaie, familiak gain behera joango dira». Adituon arabera, dena den, lurralde horietan bizitzea garestia dela ere bada kontuan hartzekoa.

Babes sistema publikoari antzemandako ahultasunak zuzentzeko pobrezia mota berriak aintzat hartu beharko dituela uste du Martinezek. Ildo horretan, Lopez de Forondak «paradigma aldaketaz» hitz egin du. «Garai batean, lana zen estatus bat lortzeko bidea, baina, gaur egun, lan bat izatea ere ez da bizitza duina izateko bermea». Iritzi berekoa da Perez. «Pertsona batzuek lana lortu arren, hain dira laburrak eta gaizki ordainduak, ezen ez baitute balio egoerari buelta emateko». Horrek zuzenean eragiten dio egun dagoen babes sistemari. Hain justu, Lopez de Forondak azaldu du diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen %20 langileak direla.

Orain arteko gizarteratze eragile nagusia lana izan den neurrian, hausnarketa bertatik abiaraztea proposatu dute hirurek. Gogora ekarri dute pertsona batzuek ez dutela laneratzeko aukerarik egungo merkatuan. «Zilegi al litzateke, dagoen langabezia tasarekin, kualifikatu gabeko pertsona bati lanpostua lehenestea beste hautagai batzuen aurretik, babesgabetasun egoeran dagoelako?». Mota horretako galderak egin behar direla uste dute elkarrizketatuek. Hori argitu bitartean, ordea, laguntza ekonomikoen gaineko eztabaidak baztertzeko eskatu du Perezek, baita laneratzerik ez duten pertsonen aurkakoak ere. «Behar gehien dutenei lana aurkitzerik ez dugun bitartean, behintzat ez ditzagun babes ekonomikoak ezbaian jar».

Edonola ere, pobreziari ere aurrea har dakiokeela uste du Perezek. Arreta goiztiarraren garrantzia islatu du, osasungintzako adibide batekin: «Minbizia azkar atzemanez gero, tratamendua hobea da, eta merkeagoa». Egun bazterkeria egoeran dauden familia askoren kasuan, ez da prebentzio neurri egokirik egon, eta, ondorioz, luzera begira konponbide zaileko kasu bihurtu dira. Eta, adituek berretsi dutenez, arlo ekonomikoan ez ezik, osasunaren edo etxebizitzaren eremuetan ere babesa eskatzen dute egoera konplexu horiek. Martinez: «Ekonomikoki ere —faktore garrantzitsu bakarra ez izan arren— kostu handiagoa du egoerari arreta berantiarra eskaintzeak, garaiz heltzeak baino».

BERRIAn argitaratua (2017/06/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA