astekaria 2017/06/30
arrowItzuli

bizigiro

Legearen zirrikituaren babesean

Nagore Etxeberria

Legearen zirrikituaren babesean

Bartzelonatik Donostiarako bidaia egin zuen Andres Palominok, familiarekin: emaztearekin eta haur bikiekin. Helburua: familia giroan asteburu lasai bat igarotzea. Lasaitasun guztiak aztoratu zitzaizkion, baina, Parte Zaharreko jatetxe batera sartzen hasi, eta jabeak kontua hartu zionean. Sartzerako, ea menuari begiratu bat eman zioten galdetu zion jatetxeko jabeak bikoteari, eta, jarraian, ea txikiek ezer jateko asmorik zuten. Laster ohartarazi zien jabeak haiei jaten ematea ez zitzaiela «errentagarri» irteten.

Gertaerarekin minduta, bere ogibidea baliatu du Palominok gertaera sare sozialetan salatzeko: komiki tira batean azaldu du gertatua, eta sare sozialetan zabaldu. Telebistako gidoigilea eta komikietako marrazkilaria da Palomino, eta 5.000 jarraitzaile ditu Twitterren. Istant batean hedatu da tira, eta ika-mika ederra sortu da, jatetxearen portaera txalotzen eta mespretxatzen dutenen artean. Jatetxeko jabeak barkamenak eskatu dizkio bikoteari, eta gaizki ulertu bat baino ez dela izan errepikatu du, behin eta berriz. Marrazkilariak onartu ditu jabearen barkamenak, eta «bigarren aukera bat» emango diola aipatu du. Barkamenak barkamen, kontuak ez du atzera bueltarik: eztabaida gori-gori dago.

Kino Martinez Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusiak garrantzia kendu nahi izan dio denen ahotan den gertaerari. Haren ustez, «kasu bakana, eta gaizki ulertu baten ondorioa baino ez da izan» hori guztia, «bezeroaren eta jatetxeko jabearen arteko komunikazioa arazo bat». Izan ere, Martinezek onartu du halako gertaerak ez direla ostalaritzako lokaletan gertatzen: «Badira haurrekin joatea debekatzen duten hotelak, baina ez dago jatetxerik edo tabernarik haurrei sarrera debekatzen dienik. Haurrak etortzea gustatzen zaigu». Sarrera debekatzekotan ere, «arrazoi logikoengatik» egin ohi dela azpimarratu nahi izan du, eta «ez haurren aulkiekin doazelako, edo, besterik gabe, haurrekin doazelako».

Leire Inza Eralda bitartekari zerbitzuen zentroko abokatuak eta bitartekariak argi zehaztu du: «Printzipioz, sartzea ukatzeko eskubidea tabernariei, ostalariei eta hoteleko titularrei ematen zaie. Hala bada, ostalariak baldintza batzuk ezar ditzake bere lokalean sartzeko edo bertan egoteko. Muga bakarra dute: onartzeko irizpide horiek ezin dute diskriminatzaileak izan, eta ezin dituzte oinarrizko eskubideak urratu». Hala bada, lokal bakoitzak bere arauak ezartzeko eskubidea du, betiere, arrazarengatik, sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik inori sarbidea ukatzen ez zaion bitartean. Inzak dionez: «Kasu horietan, debekua ez litzateke justifikatua egongo».

Tabernak, jatetxeak edo lokalak ezartzen dituen onartzeko irizpide horiek edonork ikusteko moduan jartzera behartuak daude, gainera. Inzak gaineratu du: «Legeak dio eskubidea dutela sarrera ukatzeko eta baldintzak ezartzeko, baina, aldi berean, derrigortuta daudela baldintza horiek zehaztera argi eta erraz ikusteko moduan, lokalaren sarreran eta lokalaren propaganda egiten den plataforma guztietan».

Izan ere, kontsumitzaileek lokalak eskatzen dizkien betekizunak zeintzuk diren jakiteko eskubide osoa dute, eta, beraz, ageriko leku batean jarri behar dira ezarritako irizpideak, bezeroak jakin dezan baldintzak betetzen dituen edo ez, eta, horrenbestez, sartu nahi edo ahal duen edo ez.

Nacho Calvo Nafarroako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiak eta abokatuak onartu du lokaletako jabeek eska diezaieketela bezeroei «sarrera mugatzen duten baldintza objektibo batzuk», baina betiere ezin dutela diskriminatzaileak izan.

Hainbat neurri «zentzuzkoak» direla uste du Calvok: «Argi izan behar da negozio pribatuak direla, edariak eta jakiak kontsumitzera bideratuak dauden lokalak direla, eta, beraz, arrazoizkoa da kanpoko edaririk edo janik ez kontsumitzen uztea. Mahaira esertzen den orok kontsumitu beharra duela ere eska dezakete. Oro har, haurren bat janda etorri bada, ez da arazorik izaten».

Haurren aipamenik ez

Araban eta Bizkaian indarrean dagoen araudia berdina da, baita Nafarroakoa ere. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, Zigor Kodearen L-225-1 artikuluaren arabera, ez da legezkoa haurren aulkiekin edota haurrekin doazen bezeroei sarrera debekatzea, ez delako «arrazoi legitimo bat». Arrazoi legitimoak izan daitezke, besteak beste: lekuz kanpoko jarrera bat, jarrera arriskutsu edo bortitz bat; segurtasun eta higiene baldintza jakin batzuk betetzeari uko egitea (edatea, erretzea eta beste). Hori bai, tabernako edo jatetxeko jabeak eskubidea du haurraren platera kobratzeko, ezer jaten ez badu ere. Kasu horretan, baina, argi dio legeak: plater horren zenbatekoa argi adierazi behar da fakturan.

Gainerako probintzietako legeek ez du haurren aipamenik egiten. Eta hortxe dago «legearen zirrikitua edo hutsunea», Inzaren ustez: «Legeak dio diskriminatzailea izan daitekeela sexu, arraza, erlijio, genero identitate edo beste edozein inguruabar pertsonalengatik. Beraz, pertsonarekin lotutako edozein zantzutan diskriminatzailea izan daiteke. Interpretatu daiteke adingabekoa izatea inguruabar pertsonala bezala». Hala balitz, diskriminatzailea litzateke adingabekoei sarrera oztopatzea.

Adinaren kontua diskriminatzailea den edo ez hortxe dago eztabaida, Inzaren ustez. Lander Juaristi Guraso.eus egitasmoaren koordinatzaileak ez du zalantzarik: jarrera diskriminatzailea da jendea adinarengatik baztertzea. «Ulertzen bada umeak pertsonak direla, eta guk hala ulertzen dugu, haien ezaugarrietako bat adina da, eta ezaugarri horrengatik leku batera ez sartzen uztea diskriminatzailea da. Oinarrian dagoen arazoa da ez direla haurrak ikusten eskubideak dituzten pertsonen moduan, eta hala izan behar luke».

Juaristik, beraz, ez du onargarria ikusten haurrak debekatzearen erabakia: «Eskubideen logikaz gain, merkatu logika ere badago. Egia da gero eta leku gehiagotan daudela umerik gabeko guneen eskaintzak. Merkatu logikatik, kontrakoa aldarrikatu nahiko genuke: umeak eta familiak ulertuak eta onartuak dauden lekuak sustatu nahi genituzke. Azken urteetan, herri hezitzailearen filosofia sustatu nahian gabiltza Euskal Herrian. Eta ulertzen dugu herri hezitzaile batean gune hezitzaileak eta inklusiboak lortu beharko genituzkeela, non pertsona guztiak eroso egongo ginatekeen; eta haurrak ere pertsonak dira».

Juaristik badaki zer den haurrarekin egoteagatik sarrera debekatzea. Orain dela lauzpabost urte, «asteburu erromantikoa» gisa definituta zegoen eskaintza bat hartu nahi izan zuen bikotearekin eta alabarekin Bizkaiko hotel batean. Ukatu egin zioten, alaba txikiarekin zihoazelako.

Antzerako kasua gertatu zitzaion Ainhoa Zurutuzari ere, Bizkaian. Hotel baterako leku bila ari zela, «haurrak ez zituztela onartzen» aipatu zioten, haren harridurarako. Beste behin, Kataluniako erlaxatzeko hotel baten eskaintzan ikusi zuen haurrak debekatzen zituztela. Onartu du kasu horretan «neurri batean» uler dezakeela haurrekin ez joaten uztea, «hotela jendeak atseden hartzera bideratua badago, eta argi zehazten badu horretara bideratua dagoela». Zurutuzaren ustez, baina, «jatetxe batera ez zoaz erlaxatzera, eta, beraz, ez zait bidezkoa eta onargarria iruditzen sarrera debekatzea».

Bere garaian, jatetxe baten jabe izan zen Zurutuza Donostian, eta adierazi du «sekula» ez zuela halako erabakirik hartu: «Ez nintzen ama, eta ez nuen haurrak izateko inolako asmorik, baina sekula ez genien sarrerarik ukatu umeekin zihoazen gurasoei. Are gehiago, haurrak eroso egoteko askotariko jostailuak, margoak eta entretenigarriak genituen».

Errespetua da gakoa

Nekane Aiestaran ere ama da, eta behin izan zuen horrelako gertakari bat Donostiako jatetxe batean: «Lau heldu gindoazen, urtetik beherako bi umerekin, eta, beraz, haurren aulkiekin, eta aulkiekin ez zigutela sartzen utziko esan ziguten, nahiz eta jantokia oso handia izan eta lekua sobran egon. Aulkiak jatetxe kanpoan utziz gero jan genezake soilik». Maiz jasan behar izan ditu ingurukoen begiratu txarrak, baina «sekula» ez zitzaion gertatu ezezko borobila jasotzea.

Araudiaren gainetik, komunikazioari eta elkar ulertzeari eman behar litzaiekeela garrantzia uste du Inzak: «Nire ustez garrantzitsua da bi alderdiei enpatia ematea. Azken batean, legea baino askoz ere garrantzitsuagoa delako pertsonen arteko harremanak zaintzea». Hala, Donostian gertatutakoaren harira, gauzak behar bezala azaldu ez izanari egozten dio nahaste-borrastearen errua: «Agian, trataera ez zen egokia izan, bezeroari ez zitzaiolako behar bezain argi utzi esan nahi zena. Azalpenak patxadaz eta argi azalduko balira, sentimendua bestelakoa izango litzateke».

Nekane Aiestaranen ustez ere zentzuz jokatzea da gakoa: «Ingurukoen lekuan jarri behar duzu, eta ulerkorra izan; era berean, ingurukoek ere zurekin ulerkorrak izan behar dute».

Juaristiren ustez, «zentzuz jokatzea» da irtenbidea. «Herri hezitzaileetan sinesten badugu, eta edozein pertsonek lekua izango duten herri eta auzoak nahi ditugula erabakitzen badugu, umeek ere euren lekua eduki beharko lukete. Egun, baina, argi dugu helduen jendarte batean bizi garela, helduen arauekin, eta arau sozial horiek ez daude egokituta haurren beharretara. Talka bat dago, eta talka horren aurrean zentzuz jokatu behar du familiak. Errespetu kontua da. Askotan, portaerak dira zaindu behar direnak».

Calvok onartu du alde batetik zein bestetik «gehiegikeriak» egon daitezkeela, eta orduan sortzen direla arazoak, baina, egunerokoan, «errespetua eta edukazioa» nagusi direla: «Hau guztia errespetu, heziketa eta elkartasun arazo bat baino ez da. Arazoak egon daitezke, baina modu baketsu batean konpon daitezke».

Palominok komiki tira batean adierazi zuen bere haserrea, baina izango dira kasuak bazterketak erreklamazio orrietan salatzen dutenak. Gaur gaurkoz, ez da epairik eman halako kasuen inguruan, beraz, ez da iritsi halako kasurik epaitegietara. Inza abokatuak gogoratu du: «Lokal pila batean ari dira haurrekin joatea debekatzen, eta, oraingoz, ez dago jurisprudentziarik horren kontra, hau da, ez dago epailerik esan duenik hori diskriminatzailea dela. Epairen batek onartuko balu haurrak ez onartzea jarrera diskriminatzailea dela, ate bat zabalduko litzateke etorkizunerako». Halakorik gertatzen ez den bitartean, horrelako debekuak ezartzen jarraitu ahal izango dute lokaletako jabeek, legearen zirrikituak babesa ematen dielako.

BERRIAn argitaratua (2017/06/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA