astekaria 2017/06/30
arrowItzuli

gizartea

Eskolan ere zamak arintzeko

Arantxa Iraola

Eskolan ere zamak arintzeko

«Ikastetxeak ahaleginak egin behar ditu curriculum malguak ezartzeko». «Familiaren eta eskolaren arteko baterako lana bermatuko duten elkarrizketarako guneak eta komunikaziorako bideak sortuko dira». «Eskolak irakasleen gaitasuna areagotzera bideratutako alderdiak landu beharko ditu alerta seinaleak identifikatzeko»... Adoptatutako ikasleei eskola inklusiboan eman beharreko hezkuntza-erantzuna agirian adopzioan hartutako umeen eskolako arta hobetzeko orientabide ugari bildu ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Adopzio familien elkarteen aspaldiko eskaria zen era horretako agiri bat ontzea. Maiatzaren 10ean aurkeztu zuten, Bilbon, eragile hainbaten aurrean, eta zabaltzen ari dira orain. Ondo bidean, tresna berri horren orientabideek lagunduta hasiko dute ikasturtea udazkenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskolek. Autonomia erkidegoan azken bi hamarkadetan 5.000 haur inguru adoptatu dira, beraz, ikasgela askotan izango dute erabiltzeko modua.

Berritzegune Nagusiko aholkulari Carmen Albes izan da dokumentuaren koordinatzailea. Bat dator familien iritziarekin: «Behar handia zegoen; gai oso ezezaguna da sarri irakasleen artean». Ez da «protokolo» bat. Gida bat da: irizpide zenbaitzuen bilduma. Lehen urrats bat: «Irakasleak kokatzeko. Helburua da irakasleek jakitea zer den adopzioa, zer suposatzen duen; gutxieneko kontzeptu batzuk izatea. Hori bai, alorrean heterogeneotasuna oso zabala da; egoera klase asko daude. Badira arazo oso larriak, baina oso bestelako kasuak ere bai». Gida egiteko aintzat hartu dituzten datuen arabera, haur eta nerabeen %80k ez dute aparteko eragozpenik, baina %20 inguruk bai. Zailtasun akademikoak? «Denetik. Ez dugu nahi haur horiek etiketatzea; halako multzo batean sartzea», ohartarazi du Lore Aretxagak. Gidan parte duen beste aholkularietako bat da. «Zenbaitetan halako dokumentu bat egitean, badirudi etiketa bat ipintzen zaiela umeei: ez dugu nahi hori. Informazioa eman nahi dugu: jakin egin behar dugu profesionalok».

Gidan zerrendatzen diren orientabide asko, gainera, oro har, ikasle guztientzat onuragarriak izan daitezkeela nabarmendu dute. «Ikasleei harrera on bat egitea, esaterako, oso garrantzitsua da: edozeinentzat», esan du Albesek. Harrera egoki baterako irizpideak zehaztu dituzte, hain justu, gidan. Haur etorri berriek zein ikas mailatan hasi behar duten —adopzio gurasoen ohiko kezka da— harrera horren ondorioen arabera ebatzi behar dela nabarmendu dute; izan ere, araudiaren barruan badira malgutasunerako hainbat bide.«Ez dugu proposatzen formula bakar bat: kasuistika zabala dago», esplikatu du Aretxagak. Gidak, oro har, hezkuntza komunitate osoarentzat dakartzan beste onuren artean, honako hauek ere nabarmendu nahi ditu: «Familien aniztasunaren gaia ondo adieraztea ere, oro har, ikasle guztientzat da garrantzitsua. Edo ikasleei sentiaraztea ez direla bigarren mailako pertsonak; behintzat, ez eskolan. Gizartea gero oso konplikatua da, baina hezkuntzak inklusiboa izan behar du: guztion parte hartzea bermatzen duena. Utopia da? Sinetsi egin behar dugu horretan».

Ulertzen saiatzeko gakoak

Motiboak ere eman dituzte gidan, azaltzeko zergatik izaten dituzten zenbaitetan adopzioan hartutako haurrek aparteko zailtasunak: hautsitako haurtzaroek lagatako arrastoekin daude lotuta gehienak. Hezkuntzako profesionalei agerrarazi diete adopzioaren aurreko istorioen alde iluna, gehienetan deserosoa, artegagarria: abandonatzea, instituzionalizatzea, zaindu gabeko haurdunaldiak, zabarkeria, abusuak eta zaintza egokien faltatik datoz usu umeak, eta horien aztarna nekez trata daiteke errealitate horren berri izan gabe. Hizkuntzak ikasteko sarri haurrek izaten dituzten aparteko zailtasunei ere erreparatu diete gidan. «Orientabideak ematen dira esateko zelan kontuan hartu behar den umeen ama hizkuntza zein den hona etortzen direnean. Adinaren arabera, lehentasun bat ezarriko da», azaldu du Aretxagak. «Eta gero zinetan garrantzitsua da malgutasuna; malgutasuna, baina hori lotu gabe defizitarekin, baizik eta aniztasunarekin. Zeren malgutasuna era desegokian kudea daiteke: 'Zuri gutxiago, gutxiago dakizulako'. Ez: 'Zurekin lehentasun batzuk, baina zuk ere aurrera egin behar duzu'. Atzean ez du geratu behar inork. Kontuan hartu behar dugu umeokin: 'Nondik zatoz? Abiapuntua zein da? Nora heldu behar da? Zein da bidea?'». Hizkuntzaren kasuan, esaterako, usu ikusten dira gabeziak. «Orokorrean, komunikaziorako tresna moduan nahiko azkar garatzen dute hizkuntza; maila akademikoan, ordea, sakondu beharra ikusten da», esplikatu du Aretxagak. Erregresioak ere badituzte zenbaitetan umeok garapenean, haur txikiagoak balira bezala jokatzeko joerak. Garrantzitsua da irakasleak horrelakoetarako ere taxuz gaitzea. «Trebakuntza behar dugu gauza zehatz horietarako. Garrantzitsua da». Jazarpen kasuen inguruan ere mezua argia da agirian: «Zero tolerantzia».

Eskolako martxa jarraitu ezin eta sistematik at geratzen diren gazteak izaten dira kezkarako motibo sarri, baina, oro har, ikasleen «ongizate osoa» gogoan hartuta ondu dute dokumentua. «Ikasle horietan, eskola porrotik ez egonda ere, egon daitezke kontuak aintzat hartzeko modukoak; gauzak hobeto joateko», azaldu du Aretxagak. Txikitatik haurren ongizate emozionalari taxuz erreparatzea, esaterako, ezinbestekotzat dute gidan: «Prebenitzeko». Irakasleak horretan «erresilientzia tutore» nahi dituzte: ikasleen abaro. Aretxaga: «Pertsona horien min hartzea ere garrantzitsua da. Zelan hartu min hori? Nola bideratu? Oso interesgarria da; erronka bat da guztiontzat». Aparteko garrantzia eman diote, halaber, familiari: familiaren eta eskolaren arteko elkarrizketari. Eta gidak, gutxienean, elkarrizketa horiek joritzen lagun dezakeela uste du Albesek, argitzen. «Guraso eta irakasleen elkarrizketak bere tokian jarri ditu: esparru honetan, inklusioarenean».

BERRIAn argitaratua (2017/06/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA