astekaria 2017/06/23
arrowItzuli

iritzia

Ortozik

Miren Amuriza

Ortozik Miren Amuriza

Gure amama Mariajesus zena goizean goizetik jaikitzen zen San Joan egunez eta oin-ortozik ibiltzen etxe inguruko zelaietan, ihintzetan. Iratzea batzen zuen gero: sortatxo bat atartean eskegitzeko eta beste bat gordetzeko (hurrengo urtean auzoko San Joan sua pizteko). Artean ume-umea nintzen ni eta erritual haren mistikak baino, amamaren oinak ikusi ahal izateak erakartzen ninduen gehiago; ez lamia bat izan zitekeela uste nuelako, ezpada negu zein uda galtzerdi eta mahuka luzedun amantalak janzten zituenez, haren gorputz-atalen bat erdi biluzik ikusteko aukera bakarra izaten zelako hura.

Amama hil eta urteetara, haren egunsentiko magia berreskuratu behar nuelakoa sartu zitzaidan eta han irten nintzen, San Joan goiz batez, ortozik. Penagarria izan zen: oinpea zauritu nuen adaxka batekin, paseoan zebilen jubilatu batek bidetik ikusi ninduen, lotsatu egin nintzen eta iratzerik gabe etxeratu. Madarikazioka, amamari erritual hari buruz egundo galdetu ez nionez eta iratzerik bildu ez nuenez, San Joanetako magia (berekin zekarren guztiarekin) neure erruz itzaliko zelakoan. Halako tentsioarekin ezinezkoa nuen, ordea, trantzean sartzea: lortu egin behar dut, egin behar dut, behar dut, dut... Magia, logalea, orgasmoak eta ideia jenialak nekez etortzen baitira presiopean. Oinetakoak sarrixeago erantziko bagenitu, agian... Eta ohiturak berreskuratzen barik berrasmatzen ahalegindu...

BERRIAn argitaratua (2017/06/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA