astekaria 2017/06/23
arrowItzuli

iritzia

Ez denetik badena

Idurre Eskisabel

Ez denetik badena Idurre Eskisabel

Oinarrizko auzi existentziala, badena eta ez dena, Google nonahiko eta ahalguztidunak erabakitzen duen garaiotan, sakrilegioa egitera ausartuko naiz. Hau da, pantailan bilatzailearen parean jarri, gertakari haren aztarnen xerka temati aritu eta arrastorik topatu ez dudan arren, neure memoria lehenetsiz baieztatuko dut ikusi nuela behin telebistan Jose Mari Satrustegi euskaltzain, hizkuntzalari eta antropologo zena baieztatzen Tartalo, eta gureaz aparteko munduko gainerako ziklopeak, izan bazirela. Eta Tartalo bezala lamiak eta munduko osterantzeko sirenak.

Tira, nire memoriaren egiari zor, Satrustegik xeheki esan zuena ez zen izan zehatz gure kondairetako Tartalo edo lamiak izan bazirenik —nahiz eta, kurioski, gure lurretako baina beste hizkuntzako azken boladako literatur lanik arrakastatsuenak hezurmamizko eta XXI. mendeko izaki egin—, baizik eta noizbait izan zirela animaliaren batzuk gerora jendeok mitologiara eramandako izaki horien oinarri direnak. Hau da, noizbait izan zela piztia handi eta begi-bakarren bat edota begi bistara andreen eitea zuen arrainik. Bi oinarri erabili zituen Satrustegik ondorio horretara iristeko. Bat, nolabait enpirikoa: lurralde urrunetan aurkitutako antzinako animaliaren batzuen aztarnen topaketa, kriptozoologiatik urre. Bestea, ontologikoa: haren iduriko, jendeon ideiak sortzeko gaitasuna mugatua da, eta esperientziatik jasotakoaren gainean, badenaren gainean, eraikitzen dugu guztia. Beste era batera esanda, gure irudimenak ez zuen ezer hutsetik hasteko balio.

Alejandro Sanz musikari espainiarraren zaleen pare laga ninduen Satrustegik: bihotza erdibituta. Alde batetik, erakargarria zait oso halako animalia misteriotsuak irudikatzea: piztia erraldoi begi-bakar edota andre itxurako arrain izuen konpainia sentitzea; errealitatea zabaltzea, nolabait. Bestetik, ordea, a ze itomena sorrarazten didan pentsatzeak jendeok errealitatea sortu beharrean errealitateak sortzen gaituela; badela, berezkorik, konstanterik eta aldaezinik. Funtsean, ideiak sortzeko gaitasunari esperientziaren langa jarrita horixe baita ondorioa: gure irudimenaren jokalekua ikaragarri estua dela, aldaketa eta berritzea erabat mugatua.

Gogoan dut pentsatu nuela Satrustegi bera zela kontrakoaren adibide, euskarazko antroponimiari egindako ekarpena aintzat harturik. Izan ere, Satrustegiren merituetakoa da Euskal Izendegiak hartu zuen noranzkoa hartzea: hau da, gure inguruetan zabalduriko pertsona izenak euskaratzeaz haraindi bestelako erroa duten pertsona izenak sortzea, mitologian, toponimoetan edota naturan oinarrituta. Pertsona izenak jendeok geure buruaz dugun ikuspegiaren metafora izaki, azken batean, bestelako humanitate bat irudikatzea. Hutsera txiribuelta. Egon daitekeen eta irudimen ariketarik handienetakoa.

Eta izenetara jarrita, Goierri Valley daukat burrunba etengabean belarri zuloetara sartuta. Goierri Valley: Gipuzkoako Goierri bailarako industria arloko 33 enpresak egin duten aliantza elkarrekin arituz munduan lehiakorrago izateko. Ni neu jaiotzez ez ezik umetako eta gaztetako bizipenez —beraz, aberriz esango lukete poetek— hangoa izanik, burrunba eragin dit valley horren aukeraketak. Burrunba bat gehiago dagoeneko ohitura bihurtu zaizkigun sokan: Bilbao Exhibition Center, Basque Culinary Center... Eta ez hainbeste gure inguruotako hizkuntz gatazkan egindako aukeragatik. Baita horregatik ere. Baina, bereziki, horren muinean dagoen errealitate eraketa hautuagatik: valley horrek Silicon Valley duelako amets, center horiek zentroko beste Center boteretsu horiek dituzten bezala. Badirudielako jendeon ongizaterako eredu bakar bat—esperientziak erakutsi digunez gezurrezkoa- irudikatzeko baino ez garela gai, baden horretatik askatzeko ezgauza.

Baina Satrustegik bere baieztapenen kontra erakutsi zuen bezala, posible dira hutsera txiribueltak. Posible dira bere txikian Errekaleor erakusten ari zaigun legez. Pentsa, zer den erreka jotzeari itxaropena eta lehorrari emankorra eranstea. Ez den hartatik badena sortzea.

BERRIAn argitaratua (2017/06/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA