astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

iritzia

Paris, berriro jopuntuan

Iñaki Petxarroman

Paris, berriro jopuntuan Iñaki Petxarroman

Charli Ebdo aldizkariaren aurkako atentatuaren ondoren, bortizkeriak berriz jo du Paris, bete-betean. Estatu Islamikoak (EI) bere gain hartu ditu erasoak, eta erakutsi du gaitasun militar handia duela Europaren bihotzean min handia egiteko. Errusiako hegazkin bat bota eta bi astera Parisen egindako triskantzak inarrosi ditu herritarrak, eta neurri bereziak hartzera behartu du Frantzia. Gobernuak indarrean jarri du larrialdi egoera, eta horrekin ezin da onik espero: herritarren aurkako jazarpena eta eskubide murrizketa, nagusiki.

Zer esanik ez, oinarrizko eskubideen murrizketa horrek bereziki joko ditu kolektibo musulmanak. Eta giro xenofoboa areagotuko du, lehenaz gain. Europa errefuxiatuen etorrera handi baten testuinguruan delarik, giro horrek kalte besterik ezin die egin dagoeneko asko sufritzen ari diren kolektiborik baztertu eta kaltetuenei. Eta horrek muturreko jarrerak —islamistak tartean— elikatuko ditu.

Baina, EIren doilorkeria eta krudelkeria erakusteaz gain, atentatuek mahai gainean jarri dute beste errealitate bat: Europak eta Mendebaldeak jadanik ezin dute munduko edozein txokotan, Sirian eta ekialde hurbilean kasurako, euren interes ekonomiko eta geopolitikoak ezartzeko gatazkak piztu, haiek bueltan zipriztinduko dutela pentsatu gabe. Zipriztin horien kalte handiena herritar errugabeek pairatuko duten arren.

BERRIAn argitaratua (2015/11/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA