astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

iritzia

Salbuespena da lege

Iñaki Petxarroman

Salbuespena da lege Iñaki Petxarroman

Frantziako Asanblea Nazionalak onartu du hiru hilabetean eustea larrialdi egoerari. Beraz, hiru hilabetez badaezpadako atxiloketak egin ahal izango ditu Poliziak, susmoak edukiz gero; eta epailearen agindurik gabe, miaketak egin. Elkargoak desegin ahal izango ditu, eta manifestazioak debekatu. Herritarren eskubide eta askatasunak hankapean hartu dituzte, «gerraren» aitzakian.

François Hollandek astelehenean parlamentarien aurrean eginiko agerraldian esan zuen «askatasun eta berdintasunaren sorlekua» izateagatik eraso ziotela Frantziari. Askatasun eta berdintasun zantzuak akabatzea da, orduan, atentatuari eman beharreko erantzun egokiena? Bitxia, behintzat, bada.

Edozein kasutan, dagoeneko harrigarritik gutxi duen Europako Batasun honetan. Finantzen eta merkatuen legea nagusi den lurraldean, are eta gehiago mugatuko dituzte lehendik ere nahiko mugatuta zeuden askatasun eta eskubideak. Finantzen eta merkatuen batasuna polizia estatuen batasuna ere izango da. Eta salbuespen neurrien jokaleku.

Esanguratsua da, esate baterako, Hollandek iragarri izana Bruselaren defizit muga sakratua ez duela beteko, segurtasun publikoan egin beharreko gastuak direla medio. Gerrarako bai onartzen ditu salbuespenak Bruselak, gizarte beharrei erantzuteko ez bezala. Salbuespena da lege.

BERRIAn argitaratua (2015/11/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA