astekaria 2017/06/23
arrowItzuli

bizigiro

EITBko estilo liburua irakurtzeko bi ikuspegi

Urtzi Urkizu

EITBko estilo liburua irakurtzeko bi ikuspegi

Adierazpenen hizkuntz tratamenduaren inguruan lanean ari da azkeneko urteetan EITB, neurri batean kultur eta kirol arloko zenbait pertsonaren eskaerari erantzuteko. Taldeko gaztelaniazko hedabideetan euskara ikusgarri egiteko pausoak ematen ari da pixkanaka. Edonola ere, lanketa horren emaitza batzuentzat positiboa izaten ari da, eta beste batzuentzat ez da aurrera egiten ari. Oier Aranzabal kazetariak artikulu bat idatzi du Zuzeu agerkari digitalean, kritikatzeko aurrerantzean «euskara gutxiago» entzungo dela EITBren gaztelaniazko kateetan. Ondorio horretara iristeko, EITBren estilo liburuaren esaldi batzuk jaso ditu. Tartean, honako hau: «Helburua da euskal gizartearen errealitate elebiduna ikusgai egitea eta euskara prestigiatzea, betiere interes informatiboaren eta audientzien kaltetan izan gabe». Aranzabalen arabera, «audientziaren kaltetan» kontzeptu hori ez zegoen aurretik jasoa EITBren testuetan.

EITBko Euskara Zerbitzuko arduradun Asier Larrinaga ez dago ados Zuzeu-ko artikuluak iradokitzen duenarekin, eta nabarmendu du EITBren estilo liburuan —«ez lehengo bertsioan, ez oraingo bertsioan»— ez dela kantitateaz hitz egiten: «EITBren ardura beste termino batzuetan planteatuta dago. Lehenik eta behin, esaten da EITBrentzat ildo estrategiko bat dela hedabideetan euskara kontsumitzeko jarrera sustatzea eta normalizatzea. Helburu horretarantz bidean, urrats garrantzitsutzat jotzen du EITBk euskarari gaztelaniazko kateetan toki bat egitea». Ondoren, ahalegin horretan hainbat osagai bateratu eta koordinatu behar direla azaldu du Larrinagak: «Euskal gizartearen errealitate elebiduna, euskararen prestigioa, interes informatiboa eta audientzia». Zuzeu-ko artikuluari erantzunez, adierazi du EITBko estilo liburuan inon ez dela esaten audientzia uxatzeko beldurra egon daitekeenik.

Larrinagak gogorarazi du EITBren estilo liburuak 2013. urtean izan zuela lehen bertsioa, «lan edizioa» deitu zena. Oraingoa 2016. urtean argitaratu zuten —EHUko hiru irakaslek eta EITBko profesionalek parte hartu zuten lanketan—. «Bien artean, gogoeta eta berrikuste prozesu bat egon da hainbat pasartetan eta fitxatan, lehen unetik pentsatu eta nahi izan zelako dokumentu dinamiko eta eguneratu bat izatea, egunez eguneko esperientziaren ekarria jasoko zuena».

Aranzabalek Zuzeu-n dio lehen galdera hau egiten zietela EITBko kazetariek elkarrizketatuei: «Nola nahi duzu hitz egin, euskaraz, gaztelaniaz, edo bietara?». Estilo liburu berrian, ordea, hauxe da galdera: «Hizkuntza bietan egingo dugu elkarrizketa?». Aranzabalen iritziz, orain bi hizkuntzetan egiteko eskatzen zaio elkarrizketatuari —«galdera moduan»—, eta, ondorioz, euskaraz soilik egin nahi duenak «ez» erantzun behar du. «Ezaguna da euskaldun gehienek arazorik ez dutela jartzen gaztelaniaz egiteko eskatzen zaienean».

Larrinagak, berriz, kritikari horri erantzun dio esanez dokumentuan bost bider azaltzen dela elkarrizketatuaren hautua dela EITBko hedabideetan zein hizkuntzatan aritu. 2.1 jarraibidea «ezin esplizituagoa» da, EITBko Euskara Zerbitzuko arduradunaren aburuz: «EITBk beti errespetatzen du adierazpenak egitekoa den pertsonaren hizkuntza hautua».

EITBko estilo liburuan hizkuntza tratamenduari buruzko fitxan euskararen normalizazioari buruz jasotzen diren ideia batzuk azpimarratu ditu Larrinagak: «2.6 jarraibideak dioenez, politikari, artista, kirolari, aditu eta gainerako aurpegi ezagunak hedabideetan euskaraz hitz egiten ateratzeak prestigioa eman diezaioke hizkuntzari». Beste ideia bat hau da: «Emisioko hizkuntzan ez dagoen materiala txertatzen denean, ekintza informatiboaz harago, entzuleak eta ikusleak erakartzeko plus bat eskaini behar da, alderdi estetikoa zainduz, itzulpen egokia eskainiz, pertsona esanguratsuen lekukotzak eta adierazpenak aukeratuz eta abar». EITBko estilo liburuan lehentasun batzuk ezarri direla ere esan du Larrinagak: «Haur, nerabe eta gazteen kasuan, euskarazko lekukotzei emango zaie lehentasuna EITBko hedabideetan. Helduen kasuan, berdin jokatuko da euskaraz jario erraza eta gaztelaniaz komunikazio ahalmen murritza dutenean. Euskara nagusi den herrietan, herriko bizitza ukitzen duten gaietan, euskarazko lekukotzei emango zaie lehentasuna».

BERRIAn argitaratua (2017/06/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA