astekaria 2017/06/23
arrowItzuli

bizigiro

Ordaindu ezin den lana

Nagore Etxeberria

Ordaindu ezin den lana

Bittori Tapia

 

«Ematen dena baino askoz ere gehiago jasotzen da»

Oso ezaguna da Bittori Tapia (Zizurkil, Gipuzkoa, 1943) Zizurkilgo Matia fundazioko Fraisoro zentro gerontologikoan. Agertu hutsarekin, denak kasu egiten hasten zaizkio. Izan ere, ez ditu alferrik igarotzen astelehen arratsaldeak eta ostiral goizak egoitzan dauden adinekoekin. «Astelehenero, arrosarioa errezatzen dugu, 16:30ean, eta, gero, abesten aritzen gara, edo paseoan, edo hizketan. Azken batean, zer nahi duten, hura egiten dugu, egoitzan daudenak alaitzearren. Ostiraletan, berriz, eukaristia egiten dugu, 11:30ean», kontatu du.

Senarraren gurasoak hil zirenean sartu zen gaixo pastoraltzan, eta orduan hasi zituen bisitak, orain hamalau urte. Egun, gaixo pastoraltzako Tolosaldeko arduraduna da, eta Villabonan (Gipuzkoa) taldea du. Bisitak hasi zituenetik, ez du hutsik egin, eta astero agertzen da tertuliarako eta jolas egiteko gogoz, egoitzan dauden helduen istorioak entzuteko adi, abesteko gertu edo dena delakoa egiteko prest. Fraisoro bere «bigarren etxea» dela aitortu du Tapiak. Maitasunez, hitz goxoz eta pazientziaz zaharren egonaldia alaitzea eta eramangarriago egitea du helburu. «Nire egitekoa da bakarrik eta ezinean daudenei laguntzea eta triste daudenak alaitzea. Nire arazo, kezka eta buruhausteak utzita, haiek alaitzera joaten naiz». Eta hori guztia borondate hutsez egiten du.

Fraisorora egiten dituen bisitekin, baina, ez ditu amaitzen asteko lanak. Villabonan ere bada beste zahar etxe bat, Santiago, eta hara ere bisita egiten du, astean behin. Horrez gain, hilabetean behin, zinemara eramaten dituzte Santiago egoitzako adinekoak. Astean zehar, borondatezko beste lan batzuk egiten ditu: «Etxean bakarrik dauden pertsonengana joaten naiz konpainia egitera, eta Amasan ere badaude etxean gaixorik dauden batzuk; haiei ere astero egiten diet bisita». Zizurkilgo Uliazpi zentrora ere joan ohi da. Downen sindromea duten pertsonak daude han, eta haiekin askotariko jarduerak egitera agertzen da. Igandero, berriz, mezetara jaisten ditu Uliazpiko hainbat lagun, autoz. Bi hilabetez behin, Arrasateko (Gipuzkoa) San Juan de Dios ospitalera agertu ohi da, «zer edo zer egitera». Buruko gaixoak daude Donostiako ospitale horretan. «Hura beste mundu bat da. Denetarik dago han: gazte, heldu... Handik oso-oso hunkituta etortzen naiz. Baina ahal dudana egiten dut, eta pozik itzultzen naiz etxera».

Ahal duen guztia egin arren, maiz galdetu izan dio bere buruari nahiko egiten ote duen. Gehiago eman nahi luke, baina egunak eta asteak ez diote gehiagorako ematen. Hala ere, lan ugari geratzen dira egiteke, eta horrek arduratzen du. Izugarri eskertuko luke jendearen laguntza: «Jende gehiago inplikatzea gustatuko litzaidake, baina jendea ez da ausartzen. Ez dakit beldurra dioten lan honi edo zer». Beldurrak uxatu eta probatzera animatu nahiko luke jendea. «Ematen dena baino askoz ere gehiago jasotzen da: jendeak ematen dizun konfiantza, alaitasuna, kontatzen dizkizuten istorioak... Erabat aberasgarria da. Oso lan polita da, eta oso eskertua».

Jostuna izan da bizi osoan Tapia, baina erizain izatea zuen ametsa. Zaharrak eta haurrak gustatzen zaizkiola aitortu du, eta haiek zaintzeko «bokazioa» duela. «Oso gustura nago egiten dudan lanarekin, eta egiten dudana transmititzen saiatzen naiz». 74 urte ditu, eta badaki laster egoera antzekoan egon daitekeela. Nola eta non egongo den hemendik urte batzuetara? Ez daki, baina argi du: «Fruitua jasotzeko, hazia erein behar da. Gerora jaso nahi duguna jasotzeko, eman egin behar da lehenik».

Maite Nebreda

«Ez du parekorik adinduen zoriontasun aurpegia ikusteak»

Uda honetan, askoren egunak alaituko ditu Maite Nebredak (Donostia, 1967), beste behin ere. Izan ere, uda oro egin ohi duen moduan, hondartzan bainua hartzen lagunduko die euren kabuz uretara sartzeko arazoak dituztenei.

Osasun larrialdietarako teknikaria da Nebreda lanbidez, eta Gurutze Gorriko boluntarioa afizioz, orain dela hamabi urtetik. Lagun baten bidez izan zuen Gurutze Gorriak eskaintzen zituen zerbitzuen berri, eta berak ere lagun zezakeela pentsatuta hurreratu zen Gurutze Gorriak Donostian duen egoitzara. Egun, Gurutze Gorriak dituen zerbitzu ugaritan parte hartzen du donostiarrak, eta haietako bat da Gurekin Blai. Programa horren bidez, hondartzan bainua hartzen laguntzen diete mugikortasun arazoak dituzten adinekoei edota ezgaitasunen bat dutenei. «Zerbitzua jaso nahi dutenek Gurutze Gorrira deitu besterik ez dute. Haien bila joaten gara etxera, eta hondartzara eramaten ditugu, bainua haiekin hartzen dugu, eta, bueltan, etxera eramaten ditugu berriro. Eta hori guztia, doan», kontatu du Nebredak.

Gogoratu du ez dela adinekoei eta mugitzeko arazoak dituztenei eskaintzen dieten laguntza bakarra: «Estropadak ikustera eramaten ditugu, baita festetan su festak ikustera ere».

Azken batean, «jendea zoriontsu egitea eta haien egunerokoan laguntzea» dute egitekoetako bat: «Maiz, aspaldian egiten zituzten gauzak egiteari utzi behar izaten dio jendeak, hainbat arrazoi direla medio. Lehen egin zezaketen hori egin ahal izatea izugarria da jendearentzat. Aspaldiko partez uretara sartzean adinduek jartzen duten zoriontasun aurpegiak ez du parekorik». Alaitasun horrek, jendeak ematen dion konfiantzak eta jasotzen dituen eskertza mezuek guztiz gogobetetzen dute, eta boluntario lanean jarraitzeko indarra ematen diote.

Denbora librea ez du igarotzen soilik adinekoekin eta mugitzeko zailtasunak dituztenekin. Frantsesa eta alemana menderatzen ditu Nebredak, eta maiz lagundu izan die beharrean diren errefuxiatuei ere.

Gauza bat dela edo beste dela, beti dago egitekoren bat Gurutze Gorrian. Esaten du edonor izan daitekeela boluntario, eta ez dela ezer berezirik behar: «Hainbat lanetan aritzeko, prestaketaren bat behar da, beharbada; baina, lan egiteko borondatea duenarentzat, beti dago lana. Egia da adinekoekin ibiltzeko atseginak eta goxoak izatea komeni dela, baina, gainerakoan, ez da ezer berezirik behar». Borondatezko lanak egiteko adinik ere ez dagoela gogoratu du: «Nire semeak 22 urte ditu, eta boluntarioa dabil, eta badira 18 urteko gaztetxoak ere».

Azken batean, borondate eta gogo kontua baino ez da boluntario lana. Ia-ia lanean baino ordu gehiago ematen ditu Nebredak Gurutze Gorriko bulegoan, baina «oso pozik» dago, badakielako egiten duen ahalegin txiki horrekin hainbat eta hainbat lagunen bizitza poztu eta errazten duela.

Nora Amiano

«Borondatea

baino ez da behar boluntario aritzeko»

Laguntza premia dagoen lekuren batera bidaiatu ohi du oporretan Nora Amianok (Bilbo, 1979). Iaz, Grezian izan zen, Filippiada kanpamentuan, han diren errefuxiatuei laguntzen. Aurten, Kenyara bidaiatzekoa da, nekazaritza eremu batera, umezurtz etxe batean «ahal duena egitera».

2003an hasi zen boluntario lanetan Amiano, eta, geroztik, ez du etenik izan haren borondatezko lanak. Albaitari etologoa eta familia bitartekaria da ikasketaz, eta esku hartze lagunduak egiten ditu animaliekin. Maiz zerbitzua ordaindu ezin duen talde eta pertsonentzako doako zerbitzuak ematen ditu. Txikitan eskaut mugimenduan ibili izan zen, eta begirale ibili izan da askotan, «ezer kobratu gabe», baita Gurutze Gorrian eta elikagai bankuan ere. Egun, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartean dabil. «Betidanik egon izan naiz gizarte gaietan sartuta, eta maiz pentsatu izan dut nazioarteko boluntario gisa lan egitea. Errefuxiatuen egoerari buruzko albisteek bereziki hunkitu ninduten, eta zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. Hala, iazko udan Greziara joatea erabaki nuen, hiru astez».

Hamalau urte hauetan, «bereziki hunkitu» duen esperientzia izan da Grezian bizitakoa. Amianok dioenez, egoera «tamalgarriak eta penagarriak» bizi dituzte kanpamentuetan errefuxiatuek: «Merezi ez duten tratu mespretxagarria jasotzen ari dira, eta horrek hunkitu nau gehien».

Hango egonaldiak boluntarioen lana zein beharrezkoa eta garrantzitsua den berresteko balio izan dio. «Talde boluntarioei esker funtzionatzen duen herri bat da kanpamentua». Boluntarioen lana «amaiezina» da: 09:00etan joaten dira kanpamentura, eta 22:00ak arte egoten dira. «Irtetean, boluntario guztiak afaltzera joaten ginen, eta laguntzeko zer gehiago egin genezakeen pentsatzen igarotzen genuen afari garaia. Egiteko asko dago. Hainbeste lan dago, ez baita inolako esperientziarik behar; lan egiteko borondatea baino ez da behar boluntario aritzeko».

Eta egindako ahaleginak «merezi du». «Boluntario lanetan ari zarenean, normalean laguntzen ari zaren pertsona hori oso kontziente da egiten ari zarenaz, eta oso eskertua dago. Une oro eskerrak jasotzen ari zara». Boluntario aritzeak «erabat gogobetetzen» du Amiano. Gainera, «oso-oso aberatsa» dela dio: «Oso jende interesgarria ezagutzen duzu, eta beti ikasten duzu zerbait». Horrez gain, «besteen arazoen berri izanda, zure arazoak erlatibizatzen ikasten duzu, eta bizitza beste perspektiba batetik begiratzen». «Lan gogorra» dela aitortu du, baina «ezagutzen duzun jendeak eta ematen dizuten eskuzabaltasun eta konfiantzak zama guztiak arintzen ditu».

Greziatik alde egitear zela, gauza bakarra eskatu zioten errefuxiatuek: konta ziezaiola jendeari zein egoeratan dauden, nola bizi diren. Greziatik itzuli denetik, horretan dabil buru-belarri: hitzaldiak egiten eta errefuxiatuen egoera lau haizeetara zabaltzen. Eta horrela jarraituko du: behar duenari laguntzeko beti gertu.

BERRIAn argitaratua (2017/06/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA