astekaria 2017/06/16
arrowItzuli

politika

MADDALEN IRIARTE

«Etorkizuna beste era batera eraikitzeko tresnak izango ditugu»

Edurne Begiristain

«Etorkizuna beste era batera eraikitzeko tresnak izango ditugu»

Aurrerantzean pisu handiagoa izango dute independenteek EH Bildun, bilkide izeneko militante figura berri modura. Horien artean kokatzen du bere burua Maddalen Iriarte (Donostia, 1963) EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledunak. Biharko kongresura harri bat eramango duela esan du, «zimendu sendo bat jarri eta etxea eraikitzeko».

Atzera begira jarrita, zer eman du orain arte EH Bilduk?

Ezkerrekoak eta subiranistak garenontzat, EH Bilduren sorrera zirraragarria izan zen, aukera bat eman zigulako herri honi bultzada emateko. Duela sei urte ezin imajina genezakeena lortu dugu: Joseba Asiron da Iruñeko alkatea, EH Bilduk aldaketa bultzatu du Nafarroan, egon gara Donostiako Udalean, Gipuzkoako Diputazioan, gaur egun legebiltzarrean bigarren indar politikoa gara... Kanpotik begiratuta egiten dut balantzea, nik herritar gisa bizi izan nuelako prozesu hori guztia, baina une pozgarria izan zen.

Hutsegite politikoak eta barne kudeaketako oker nabarmenak egin dituzuela aitortu duzue eztabaidarako txostenean.

Egindakoari begiratu kritiko bat eman behar zaio beti, gauzak hobetzeko besterik ez baldin bada. Egiten dugunak nolabaiteko ikuspuntu kritiko hori izan behar du, baina, era berean, jakin behar dugu ongi egiten duguna txalotzen eta aldamenekoari besotik heltzen. Hori ere falta zaigula iruditzen zait, garrantzitsua delako gure artean ongi egin ditugunak babestea eta txalotzea.

Subjektu politiko berri bat eraiki nahi duzue. Zein garrantzi du biharko kongresuak?

Kongresu honekin etorkizuna eraikitzen hasiko gara. Eta etorkizuna eraikitzeko, ikusi behar dugu zer den ongi egin ez duguna, zer den funtzionatu ez duena eta zer den guretzat ona izanik ere herritarrek modu berean sumatu ez dutena. Guk politikagintza herritarrentzat ez ezik, herritarrekin ere egin behar dugulako, eta haiek diotenaren pultsua ez dugulako galdu behar. Emango dugun pauso honekin, etorkizuna beste era batera eraikitzeko tresnak izango ditugu. Tresna horiek gardenagoak eta demokratikoagoak izango dira, eta aukera emango dute bestelako esperientzietatik ekarpenak egin ditzaketen pertsonak biltzeko.

Lau alderdien batuketa gisa sortu zen EH Bildu. Orain, berregituratu nahi duzue, berritzeko eta irekiagoa egiteko. Nola egin nahi duzue hori?

Proiektuan parte hartu nahi duen orori irekita egon nahi du EH Bilduk. Izena eman eta bilkide izateko aukeraz gain, izena eman nahi ez baina guregana hurbildu eta auzolanean parte hartu nahi dutenei irekita egongo da. Malguak izan behar dugu etorkizuneko politika aztertzerakoan, inportantea delako beste gizarte mugimenduetatik eta esperientzia batzuetatik datozen pertsonak gurekin bat egin nahi izatea.

Alderdiek pisua galduko dute EH Bildu berrian?

Neurri batean, bai. Alderdiek beraiek ere argi dute hori, eta, horregatik, Baluarten, euren burujabetzaren zati bat EH Bildu izango denaren esku utzi zuten. Haiek badakite mantendu behar dutela sena eta ekarpena EH Bildun, baina, EH Bildu handituz eta gehituz joaten baldin bada, bilkideok pisu, indar eta erabakitzeko gaitasun handiagoa izango dugu. Beraz, alderdiekin batera negoziatu eta aztertu beharko ditugu esku artean dauzkagun erabaki guztiak. Gure eztabaidetara etorri den jendeak baditu bere beldurrak: batzuek uste dute alderdiek pisu gehiegi galduko dutela, beste batzuek gutxiegi, independente gehiagok egon beharko luketela... Egin behar dugun etxeak tokia izan behar du beste batzuentzat, eta guztiok gustura egon behar dugu; irekia izan behar du, leiho handiekin, herritarrek esaten digutena une oro jaso ahal izateko.

Herritarren kezketatik urrundu da EH Bildu azken urteotan?

Gizartea urrundu egin da politikatik eta politikariengandik. Espainiako Estatuan, batez ere, alderdi batzuek oso eredu txarra eman dute, eta jendea horrekin ahituta dago. Politika egiteko modu berriak asmatu behar ditugu, herritarrak ere parte izan daitezen eta sentitu dezaten herri honen etorkizunaren eraikuntzan ere esku hartzen ari direla. Alderdi politiko bati atxiki ez zaion baina EH Bildurekin elkarlanean aritu nahi duen herritar asko dago. Gure jardunak norabide horretan joan behar du.

Herritar independenteen rola indartuko da?

Bai. Orain arte, independenteok ez dugu toki zehatz bat izan koalizioan, inon ez dagoelako hori jasota. Hemendik aurrera, independenteok bilkide izango gara, eta gu ere EH Bildu hobetuz, gehituz eta handituz joango gara. Nik harri bat eramango dut kongresura, Euskalduna jauregira, zimendu sendo bat jarri eta etxea eraikitzen hasteko.

EA barruan desadostasunak egon dira EH Bilduren egituraketari buruz. Kezkatzen zaitu?

Lasaitasun handiz hartu dut eztabaida hori, uste dudalako eztabaidak egon behar direla. EA ez da edozein alderdi euskal politikaren historian, eta uler ditzaket hainbat kidek izan ditzaketen bertigoak eta zalantzak. Zalantza horiek mahai gainean egoteak ez nau gehiegi aztoratzen. Iruditzen zait egon behar zutela. Kongresu bat egin dute, eta Urizarrek irabazi du, baina EA barruan batzuek eta besteek esan dute EH Bildu dutela goiburu nagusi. Hori hala bada, aurrera eztabaidarekin.

Desadostasun horiek eraginik izango dute EH Bildu barruan?

Ezetz espero dut. Gardentasuna eta demokratizazioa aldarrikatzen duen subjektu politiko batean horrelako eztabaidek eragina baldin badute, oker goaz, eta ez dugu ulertu EH Bildu zer den. Norberaren iritziak, ekarpenak eta ikuspuntuak agertzea zoragarria iruditzen zait.

Kritikak entzun dira koalizioko kide batzuen artean zuzendaritzarako emakume gutxi proposatu direlako eta herrialdeen arteko desoreka dagoelako.

Egitate horiek kontuan hartzen ditut, eta batzuek kezkatzen naute, baina ez prozesu honetan bakarrik, orokorrean baizik. Sortun ere gertatu zen, eta, oro har, Europako politikagintzan ere gertatzen da emakumeok zailtasunak ditugula urratsak egiteko. Zergatik ez dugu ematen pauso hori? Zergatik ez gaitu politikagintzak erakartzen? Zer aldatu behar dugu lana eta familia uztartzeko? Galdera asko sortzen zaizkit unean uneko kezka horretatik aparte. Nola egingo dugu benetan eraldatzeko eta egoerari buelta emateko eta emakumeak guregana erakartzeko? Eta lurraldetasunari begira, gauza bera: interesgarria da EH Bildun lurralde guztiek ordezkaritza egokia izatea. Horiek guztiak erronka moduan hartzen ditut. Edozein kasutan, EH Bildu eraikitzen hasi baino ez gara egin, eta hemen ez da ezer bukatzen. Bide baten hasiera da hau dena.

BERRIAn argitaratua (2017/06/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA