astekaria 2017/06/16
arrowItzuli

kultura

Ikur baten jaiotza

Iñigo Astiz

Ikur baten jaiotza

Ikur argia da egun, baina Gernika koadroaren sorkuntza prozesuaren kronologiari erreparatuz gero, Pablo Picassok gehiago dirudi etxeko lanak egiten hasteko momentua azken unera arte atzeratzen dabilen eskola ume bat, artearen historian eragiteko anbizioz dabilen pintore bat baino. 1937a da Parisen. Espainiako Errepublikako Gobernuak propagandarako baliatu nahi du Parisko Nazioarteko Erakustazoka, eta bertan pabiloi propioa jarri nahi du. Luis Lacasa eta Jose Luis Sert arkitektoei eskatu diete eraikinaren diseinua, eta errepublikaren aldeko margolaririk ezagunenen lanak bildu nahi dituzte han. Eta hor dator Picasso. Harentzat erreserbatu nahi dute erakusketako horma nagusietariko bat. 11x4 metro. Handixkoa, artistaren ibilbidea kontuan hartuz gero, baina egin diote enkargua, eta onartu berak. Urtarrilean izan zen hori, baina joan dira bost hilabete, eta pabiloirako zirriborro bakarra egin du Picassok: artista bat tailerrean, modelo bat marrazten. Luzapenetan dabil. Gairik gabe. Galduta, akaso. Apirilaren 28an, ordea, egunero irakurri ohi duen L'Humanité egunkariak dakar bi egun lehenago Gernikan Condor legioko eta Italia faxistako hegazkinek eragindako triskantzaren albistea, eta ziur aski bertan ikusi ditu irudiak, eta lagun errepublikanoek ere iradoki diote gaia. Hori ziur. Orduan hasiko da koadroa ernatzen, garai hartako tentsio politiko eta talka artistiko guztien artetik.

33 egun baino ez ditu beharko orain lana bukatzeko. Hilabete pasa. Egunez egun. Zirriborroz zirriborro. 200.000 libera jasoko ditu artistak enkarguagatik.

MAIATZAREN LEHENA

Lehen sei zirriborroak. Gernikako bonbardaketen aurkako aldarrikapena ere heldu da langileen eguneko manifestaziora. Han izan da Picasso beste hainbat intelektualekin batera, eta tailerrera bueltatzean, jada ez dago zalantzarik: Gernika izango da koadroaren gaia. Hasi dira zirriborroak, eta data jarriko die gehien-gehienei. Ohitura hori du. Guztira, 45 zirriborro pilatuko ditu azken emaitzara heldu aurretik. Gehien-gehienak datarekin. Ordu zehatza ere zehaztuko du haietariko batzuetan, eta beste batzuetan eguneko momentua utziko du idatzita: goiza-arratsaldea-gaua. Eta zirriborroetatik oihalera jauzi egitean ere, Dora Maar argazkilariaren kamerak zortzi urratsetan erregistratuko du koadroaren bilakaera zehatza.

Oraingoz, maiatzaren 1a da. Manifestaziotik bueltatu da Picasso tailerrera, eta sei zirriborro marraztu ditu. Bertan dira jada zezena, lepoa bihurritutako zaldia, leihotik kandela batekin agertzen den emakumea eta lurrean abaildutako gudaria. Gernika-ren fetu moduko bat da: bertan da jada koadroaren zerbait, baina koadroa oraindik ez dago bertan.

32 egun falta dira.

EUSKALDUNAK, AURKA

Aurkakoak ere bazituen Picassok. Harreman zaila zuen EAJrekin, esaterako. Jose Maria Uzelai margolariarekin, adibidez. Gerra hasi zenetik, Euskal Herriko artelanak babesteko ardura hartu zuen Uzelaik, eta bera izan zen Bilboko Arte Ederren museoko lanak itsasontzietan sartu eta erbesteratzeko lanen gidaria. Eta bera izan zen Espainiako pabiloiko euskal atalaren zuzendaria ere. Hots: jeltzaleen konfiantza osoko gizona zen, eta ez zuen Picassoren lana batere maite. «Guk argi genuen inork ezingo zuela Gernikako desastrea euskaldun batek baino hobeki interpretatu». 1979an azaldu zion bere iritzia El Pais egunkariari. Aitortu zuenez, Aurelio Arteta zeukan berak gogoan lan horretarako, eta koadroa marrazteko bere burua ere eskaintzera heldu zen Uzelai. Errepublikazaleek, ordea, argi zuten beren lehentasuna: Picasso.

Horixe izan zen Errepublikako Gobernuaren truke txanpona. Gijs Van Hensbergen ikerlariak ematen du zehaztasuna koadroari eskainitako ia 500 orriko liburuan: Picassok izan behar zuen pabiloirako koadroaren egilea, eta Juan Negrin Ogasun ministro errepublikanoak ezarri zuen baldintza hori. Trukean, berak kitatu zituen Jaurlaritzak Bilboko Arte Ederretako koadroak lekuz aldatzeak eragindako zorrak.

Eta ordukoa da Negrinen esaldia ere: «Picassoren mural bat frontean garaipen baten baliokidea da propagandaren alorrean».

EAJk ez zuen Picasso nahi, baina, maiz aipatu izan denez, Picasso prest azaldu zen koadroa Jose Antonio Agirre lehendakariari emateko. Dokumenturik ez, frogarik ez, baina lekukoek gogoratzen dutenez, hala egin zuen proposamena pintoreak: «Agirrek eskatzen badit, koadroa euskaldunentzat izango da». Baina ez zuen eskatu. Eta hortxe akabo Gernika Euskal Herriratzeko lehen aukera. Bigarren bat ere izan baitzen gero.

Franco hil ostean, Euskal Kontseilu Nagusiari eskaini zioten Gernika. Ramon Rubial sozialista zen orduan kontseiluko burua, eta ezezkoa izan zen ordukoan ere eskaintzak jasotako erantzuna, Juan San Martinek Imanol Murua Uria kazetariari Jakin aldizkarian kontatutakoaren arabera. «Hori ez da artea», esan zuen Rubialek hitzez hitz, betiere, San Martinen arabera.

MAIATZAREN 11

Lehen konposizioa oihalean. Figuren profila irudikatu du artistak lehen-lehenik. Haien kokapena zehaztu nahi du. Neurria. Nola gelditzen diren ikusi. Garaipen keinu bat da koadroko protagonista orain. Abaildutako gudari batek ukabila altxatzen du zerurantz koadroaren erdi-erdian. Berehala ezabatuko du elementu hori pintoreak. Eta, hala, desagertuz joango dira erreferentzia politiko zuzenak ere koadrotik. Beste zerbaiten bila dabil Picasso.

22 egun falta dira.

PROPAGANDA KUBO BAT

Talkan zen mundua, eta, ondorioz, talkan ziren baita arte proposamenak ere. Horixe ilustratzen zuten, esaterako, Parisko erakustazokako eraikinek. Aurrez aurre suertatu ziren Alemania naziaren pabiloia eta Sobietar Batasunarena. Eta argazkietan, kasik badirudi, elkarren aurka eraiki zituztela: monumentalak biak, erraldoiak biak, eta, paradoxikoki, baita lengoaia arkitektoniko paretsukoak ere. Bi harri bloke erraldoi, elkarren aurka lehertzeko prest. Svastika eta arrano erraldoi batek koroatzen zuen Albert Speer arkitekto naziaren diseinua, eta igitaia eskuan zuen emakume baten estatua erraldoiak Boris Iofan arkitekto sobietarrarenean. Elkar zaintzen bi irudiak. Aurrez aurre. Eta bi erraldoi haien itzalean Espainiako errepublikaren pabiloia. Nazien pabiloiaren alboan, hain justu.

Txikia. Konpaktua. Harribitxi arrazionalista bat. Bi solairuko propaganda kubo perfektu bat.

Kartelak daude hormetan. Azalpen testuak. Bideoak. Eta lehen lerroko hamaika artistaren lanak ere tartean: Joan Miro, Raymond Calder, Julio Gonzalez, Alberto Sanchez... Errealismo sozialistatik gertu daude beste asko, eta gerraren erreferentzia zuzena dakarte gehienek.

Eta giroa ulertzeko esanguratsua da Vaticanoren pabiloirako Josep Maria Sert pintore kataluniarrak egindako lientzoaren titulu esplizitua ere. «Santa Teresak, Espainiako maitasun jainkotiarraren enbaxadoreak, 1936ko martiri espainiarrak eskaintzen dizkio Gure Jaunari». Eta giro hiperpolitizatu horretan, neurri batean, salbuespena da Picassoren koadroaren tituluko zeharkako aipamen soil hori: Gernika.

Nahita dabil. Baina gehiago eskatzen zuen garaiak, kritikoen ustez.

MAIATZ AMAIERA

Data zehatza falta da. Collage teknika probatzen dabil orain Picasso, eta oihal estanpatu batzuk itsatsi ditu figuren gainean. Berehala kenduko ditu, eta ez da haien arrastorik geratuko, baina hor daude oraintxe. Dora Maar artistak seigarrenez atera dio argazki orokorra margolanari. Etengabe doa aldatuz. Eta bitxia da: erabateko kontzentrazioa iradokitzen du egunez eguneko Picassoren lan abiadurak, baina, benetan, kaotiko xamarra da haren lagunen lekukotzek deskribatzen duten giroa.

Etengabeko maitale, artista, politikari eta lagun joan-etorria da tailerra. Eta kaos horren erdian topatzen du artistak koadroaren zuri-beltzeko konposizio soila. Gernika-ren itxura du jadanik margolanak, baina oraindik ez da Gernika.

Profanaziotik gertu dabil, esaterako, Henry Moore eta Roland Penrose artistek kontatutako anekdota. Maiatza amaiera da, eta festa antolatu dute Picassoren tailerra dagoen etxean. Gernika nola doan ikustera agertu zaizkio Picassori Moore, Penrose, Alberto Giacometti, Max Ernst, Paul Eluard eta Andre Breton.

Jostalari dabil artista.

Bukatu gabe dago koadroa, baina aspaldi dago hor leiho moduko batetik oihuka agertzen den emakumea. «Zerbait falta zaio», dio Picassok. Hartu du komuneko paper zati bat, eta eskuan itsatsi dio. «Argi erakusten du horrek zein den beldurrak sortzen duen ondorio ohiko eta primitiboena».

Amaitze bidean da artelana, baina marrazki eta lerro multzo bat da oraindik koadroa pintorearentzat. Demagun, festagatik, larunbata dela: maiatzaren 28a.

Zazpi egun falta dira.

ERREAKZIO EPELA

Baina zer inpresio eragin zuen koadroak? Kontrajarriak dira harrerari buruzko albisteak: indiferentzia erabatekoa deskribatzen dute zenbait iturrik, eta ikusleengan eragindako kolpea nabarmentzen dute beste batzuek. Bada argia den bereizketa bat, ordea: koadroaren oso alde aritu ziren Picassoren oso aldeko zirenak, eta koadroaren erabat kontra lerratu ziren pintorearen erabat kontrako zirenak. Oso alde, esaterako, 1937ko Cahiers d'Art aldizkariko monografikoa. Baina ezin jakin publiko orokorrak ere halako pozez hartu ote zuen.

Ekilibrismoan irudika liteke koadroa. Koadroaren tamaina, adierazkortasuna eta kokapena kontuan hartuz gero, esaterako, zail baita sinestea erabat oharkabean pasatu zitekeenik. Baina, bestalde, garaiko errealismo sozialistarako zegoen joera ikusita ere, ezin txalo zaparrada orokorrik amestu. Kritiko mintzo zen, esaterako, Anthony Blunt arte kritikari eta espioi komunista britainiarra abuztuaren 6ko artikulu batean. «Desilusionagarria da koadroa. Picassoren zezenketei buruzko eszenen gauza bera da funtsean. Ez da atsekabe publiko ariketa bat, baizik eta Picassok Gernikaren garrantzi politikoa ulertu duen arrastorik erakusten ez duen ideia pribatu baten adierazpen distiratsua».

EKAINAREN 4A

Bukatu berria du koadroa Picassok, alboan du Josep Lluis Sert arkitektoa. Itxura guztien arabera, pozik dago artista emaitzarekin. Epika handiz mintzo zaio behintzat lagunari bere sorkuntzaren aurrean. Hala jaso du, bederen, Françoise Gilotek Life with Picasso liburuan. Sei asteko lanaren ondoren, heze da oraindik oihala, baina amaituta dago koadroa. Eta, akaso, horregatik iragan urrunekoa dirudi orain, aste gutxi batzuk lehenago Henry Moore eta lagunekin izandako elkarrizketa irreberenteak. Picasso da hau, beraz, Sert lagunari hizketan, betiere Giloten arabera: «Munduan bakeak irabazten badu, margotu dudan gerra iraganeko kontua izango da (...) Isuriko den odol bakarra marrazki on baten aurrean isuriko dena izango da, koadro eder batena. Jendea gehiegi hurÞbilduko da, eta harramazka egiten dionean, odol tanta bat sortuko da erakutsiko duena obra benetan bizirik dagoela».

UZTAILAREN 11

Pabiloiaren inaugurazioa. Gernika hasi da Gernika bihurtzen.

BERRIAn argitaratua (2017/06/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA