astekaria 2017/06/16
arrowItzuli

kirola

Erreferente bihurtuta doaz

Ainara Arratibel Gascon

Erreferente bihurtuta doaz

Julen Guerrerok, Joseba Etxeberriak, Andoni Iraolak edo Gorka Iraizozek bezala, agur hunkigarria izan dute Iraia Iturregi, Eli Ibarra eta Irune Murua Athleticeko jokalariek. Bai zelaian eta bai prentsa aretoan. Lehen aldia izan da klubak emakumeen taldeko jokalari batzuk agurtzeko prentsaurreko bat antolatzen zuela. Horretan ere izan dira bide urratzaile. Bide urratzaile, eredu eta erreferente. Ez bakarrik Athleticen, baita emakumeen futbolean ere. Hasi zirenean harritu egiten ziren elastikoan zenbakia eta izena eramategatik. Orain, ordea, zale bat baino gehiagok daramate elastikoetan haien izena eta zenbakia. Eskoletako jolastokietan ere ume askok aukeratzen dute haien izena jokatu behar dutenean. Athleticek eta futbolak dena eman dietela diote hirurek. Haiek ere dena eman dute Athleticengatik eta futbolagatik.



1.129 partida, 281 gol eta hamahiru liga zenbatu dituzte hiruren artean. Denbora zeramaten erretiroan pentsatzen. Iturregik sasoi hasieran jakinarazi zion klubari azkena izango zela. «Aurreko denboraldian ere pare bat buelta eman nizkion. Baina, liga irabazi, eta ilusio handia egiten zidan Txapeldunen Liga jokatu eta San Mames berrian aritzea». Lesiok izan dira futbola uzteko arrazoi nagusia Ibarraren kasuan. «Duela hiru urte arte ez nuen aparteko lesiorik eduki. Baina azken sasoietan denbora dezente eman dut min hartuta, eta gero eta gehiago kostatu zait berriro ere erritmoa hartzea». Beste urtebete jarraitzeko moduan zen Murua. «Baina psikologikoki gero eta nekatuago amaitzen nituen denboraldiak. Aulkian egotea oso gogorra da».

Taldekideekin eta ingurukoekin izandako solasaldietan natural hitz egiten zuten erretiroaz. Baina agur prentsaurrekoa hunkigarria izan zen. Hirurek ezin izan zieten malkoei eutsi. «Nik uste dut orduan hasi ginela konturatzen agur esateko ordua zela», dio Iturregik. Ez zuten halako agurrik espero, Ibarrak onartu duenez. «Banekien gogorra eta emozio handikoa izango zela, baina ez izan zen modukoa». Gogorra baina, aldi berean, polita, hirurek nabarmendutakoaren arabera. «Oso eskertuta gaude».

Prentsaurreko osoa negar zotinka eman zuen Muruak, hitz egin ezinda. «Egoerak gain hartu zidan. Baina nik uste dut isiltasun harekin gauza asko esan nituela». Negar malkotan bada, Iturregi eta Murua gai izan ziren agur hitz batzuk esateko eta irakurtzeko. Aurreko egunetan prestatu zituzten. Iturregik hala azaldu du: «Bezperan egin nuen. Berandu arte aritu nintzen esan nahi nuena idazten. Baina behin baino gehiagotan jaiki nintzen, aldatzera. Agurra bakarra da, eta ondo azaldu nahi nuen pentsatzen eta sentitzen nuena. Hirurek jakin genuen hori egiten, bakoitzak bere modura».

Orain lasaiago daude, eta taldearekin egingo dituzten azken lan saioez disfrutatzeko gogoz. «Azken batean, hori izango da faltan gehien sumatuko duguna», dio Ibarrak. Bidaietan eta aldagelako egunerokoan bizipen asko partekatu dituzte. «Ez bakarrik futbolari lotutakoak, baita pertsonalak ere». Aldagelaren alde «humano» horrekin geratzen da Murua. Lezamako jendearekin duten eguneroko tratua ere faltan sumatuko dute: harrerako langileak, autobuseko gidariak, denak... «Hau gure etxea da. Hemengo jendea zoragarria da, oso atsegina. Ikaragarria da zenbat jende ari den gu zaintzen», dio Ibarrak.

Atzera begiratzeko garaia ere bada agurra. Txikitatik izan dira Athleticzaleak hirurak. Baina ez zuten sekula pentsatu bertan jokatzeko aukera izango zutenik. Orduan ez zuen emakumezkoen talderik. «Nik beti pentsatu nuen mutilek zorte handia zutela, Athleticekin jokatzeko aukera zutelako», azaldu du Ibarrak. Iturregik gogora ekarri du eskolako patioan zer gertatzen zitzaion. «Bakoitzak jokalari bat aukeratu behar genuen. Beti izan behar zuten mutilak: Alkiza, Guerrero, Ziganda... Nik behin eta berriz esaten nion neure buruari: 'Zergatik izan behar du beti mutil bat?' Zorionez, hori aldatzen ari da».

Biak emakumeen taldea sortu zutenetik daude Athleticen. Eibartarrak taldetik eta Leioatik iritsi ziren Lezamara, 2002. urtean. Murua izan zen Athleticen sartzeko probak egin behar izan zituen bakarra. Hurrengo sasoian iritsi zen talde zuri-gorrira. Ez du egun hura ahaztuko. «Bosgarren zelaian izan zen. Gogoan dut proba egiteko ekarri nuen arropa ere».

Gauza txikienarekin ere harritu egiten ziren. «Nire lehen oroitzapena San Mames zaharreko arropa dendakoa da. Han bildu gintuzten jokatzeko eta entrenatzeko arropak emateko: elastikoak, galtzak, botak... Sinestezina zen guztiontzat».

Hirurentzat berezia izan zen lehen aldiz Athleticen elastikoa janztea. «Ama denbora guztian argazkiak ateratzen aritu zen. Mordoa atera zizkidan. Etxean jarria dut horietako bat», azaldu du irribarrez Muruak. Estutasunen bat pasatu zuen entrenatzera eraman beharreko oinetakoekin. «Iñigok [Iñigo Juaristi entrenatzailea] korrika egiteko oinetakoak eraman behar genituela esan zigun, eta nik soilik futbolean jokatzekoak nituen. Amarekin joan behar izan nuen korrika erostera».

Lezamara iritsi ziren eguna ere oso gogoan dute. «Sartzean ikusi nuen lehen pertsona Fernando Llorente izan zen. Gazteen mailan zegoen», oroitu du Iturregik. Lehen partida Torrejonen aurka jokatu zuten, eta 7-1 irabazi zuten. Gogoangarria izan zen, 2.000 zale bildu baitziren. Ibarrak, gainera, gola sartzeko aukera izan zuen. «Niretzat ahaztezina izango da beti».

Sasoi hartan, liga irabazi zuten. Azken partida San Mamesen jokatu zuten, eta 35.000 ikusle bildu ziren zelaian. «Nire kirol ibilbideko egun zoriontsuena da, zalantzarik gabe. Mugarri bat. Ez bakarrik liga irabazteagatik, baizik eta bizi izan genuenagatik. Emakumeen futbol partida gutxitan bilduko ziren hainbeste ikusle», berretsi du Iturregik. Ibarrak kontatu du bi ordu lehenago joan zirela zelaira: «Aldageletatik jada sekulako zalaparta entzuten zen» Lehen liga hartan ez zen izan Murua. Bai, ordea, bigarrenean, 2004an. «Alde guztietan zaleak ikusten zenituen txalo egiten eta animatzen. Ez zegoen eserlekurik hutsik».

Beren kirol ibilbideko unerik mikatzena ere han pasatu izan zuten, Bartzelonaren aurka liga galdu zutenean, 2013an. «Berriro ere egun perfektua zen. Dena alde genuen: giroa, berdinketak balio zigun, San Mameseko azken partida zen... Baina huts egin genuen», gogoratu du Ibarrak. Iturregik uste du presioak gehiegi eragin ziela. «Irabazteko presioa genuen, eta bagenekien jende guztiak hori espero zuela».

Kolpe gogorra izan zen. Baina aurreko sasoian berriz izan ziren txapeldun, bederatzi urte pasatu eta gero. Arantza kendu zuten. «Azken sasoietan zorte txarra izan dugu lesioekin. Jokalari asko egon dira denbora luzez min hartuta, eta bigarren taldera jo behar izan du entrenatzaileak. Baina lortu genuen liga irabaztea. Ikusi da harrobian oso futbolari baliagarriak daudela, eta gai direla gure lekukoa hartzeko», dio

Profesionalizazio bidean

Hirurek argi dute emakumeen futbola ere profesionalizatzen ari dela. Hori kontuan hartuta, Iturregik uste du emakumezkoen futbolak gizonezkoenaren antzeko «joera eta eboluzioa» jarraituko duela. Argi mintzatu da: «Jada ikusten ari da hori. Bartzelona eta Atletico Madril daude goian. Dirua eta baliabideak dituzte». Errealitate horretarako egokitu beharko du Athleticek. «Ziurrenik, zaila izango da ligak irabaztea. Baina gure filosofiari eutsiz, talde horiekin lehiatzeko gai izan behar dugu».

«Diruaren morrontzari eta zurrunbiloari» ihes egin ez izatea pena dela iritzi diote hirurek. «Batez ere zailagoa izango delako talde txikiagoak edo aurrekontu murritza dutenak gora iristea, eta pena da. Izan ere, talde horiei esker badira gora iristea lortu duten jokalariak»

Behin erretiroa hartuta, urrutitik biziko dute errealitate hori. Oraindik ez dute erabaki zer egingo duten. Baina Muruak eta Ibarrak ez dute uste futbolari lotuta jarraituko dutenik. «Taldekideen partidak ikustera etorriko naiz, baina, egia esan, ez naiz oso futbolzalea. Athletic gustatzen zait», onartu du Muruak. Osasun Larrialdietako Teknikari ikasketak egiten ari da. «Urtebete falta zait, eta amaitutakoan lan eskaintza publiko bat egin nahi dut. Euskaltegian ere izena eman dut». Ibarrak Administrazioa eta Finantzak ikasi zituen, eta enpresa batean egiten zuen lan. Eszedentzia eskatu zuen futbolean jokatzeko. Baina enpresa itxi egin zuten. «Udan oporrez disfrutatu nahi dut, eta gero hasiko naiz patxadaz etorkizunaren inguruan pentsatzen». Oso bestelakoa da Iturregiren kasua. «Soin Hezkuntzako ikasketak eginak ditut, baita Goi Errendimenduko master bat ere. Futbola asko gustatzen zait, eta entrenatzaile izan nahiko nuke, baina ikusiko dugu».

BERRIAn argitaratua (2017/06/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA