astekaria 2017/06/16
arrowItzuli

iritzia

Pizkundearen alaba

Elixabete Garmendia Lasa

Pizkundearen alaba Elixabete Garmendia Lasa

Hogeita gutxi urteko neska bat Vespan herriz herri eta baserriz baserri inkesta etnografikoak egiten; hori joan den mendeko 40ko hamarkadan. Karmele Goñi (Tolosa, 1926) zen neska hura. Bere osaba Manuel Labordek jarri zuen arrasto horretan; enpresaria zen Laborde —gaur egun BERRIA egunkariaren egoitza dagoen lantegiaren jabea—, eta denbora librea etnografiari eskaintzen zion; Aranzadi elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen Laborde 1947an; Karmelek elkarte jaio berriko Antropologia eta Etnografia atalean idazkari jardun zuen hamar urtez.

Etnografiarako zaletasuna lehendik zetorkion, gaztetxotatik, artean etnografia zer zen jakin gabe. Amaren aldeko amona zeraindarraren alboan piztu zitzaion kantuak eta kontuak biltzeko afizioa, eta hamabost-hamasei urte zituenerako horiek denak idatziz jartzen hasia zen.

Zerain izan zuen Karmele Goñik landa lanerako gune ia bere bizi osoan. Zeraingo meatzeei buruzko ikerketan laguntzaile hasi zen Laborderekin. Geroxeago bere kabuz jarraitu zuen, meatzeetatik artzaintzara pasata. Aizkorriko Partzoneriaz eta udaldia Urbian igarotzen zuten hiru artzain zeraindarri buruz idatzi zituen bere lehen artikuluak (Eusko Folklore Urtekaria, 1955 eta 1956). Hortik aurrera, Zeraingo etxe barruetan sartu zen etnografoa, eta miatu zituen altzariak, oihalak eta ontziak; apuntatu zituen gaixotasun eta ondoezetarako errezetak eta erremedioak; idatzira pasatu zituen esaerak, legendak eta kantak; deskribatu zituen umeen jolasak, nagusien jokoak eta gazteen dibertimenduak, ordura arte aipatu gabeko kontuekin: «Galdeketak gizonezkoek egiten zituzten, ez amodiorik, ez horrelako konturik batere». Bizitzaren zikloa osorik errepasatzeko, igarotze erritualei buruz egin zuen azken lana, heriotzaren inguruko usadio eta protokoloak jasoz. Euskal Herrian etnografiari heldu zion lehen emakumeak gizonezkoak sartzen ez ziren barrunbeak miatu zituen, ordura arte ikusezin eta ezdeus ziren alderdiak azaleratuz.

Etnografoaren lanak eragin zuzena izan du herrian: Zerainek 1980tik aurrera bizi izan zuen bilakaeran, Karmele Goñik piztutako txinparta suma daiteke, herriaren ondare material eta inmateriala berreskuratu eta balioztatzea izan baitzen garapen proiektuaren ardatz nagusietako bat. Etnografoaren lezioa ikasita zeukaten zeraindarrek.

Karmele Goñik bazuen, ordea, beste fronte bat ere: Bilbon, euskaltzaletasunaren eta abertzaletasunaren aldekoa. Eta hor, Andere elkartea ageri da, emakumez osatua. Bazuten antolaketa mota berezi bat: Hamarrekoa. «Hau da, ni Hamarreko baten buru banaiz, beste bederatziei deitu behar diet», esplikatzen zuen Karmelek funtzionamendua. Hor zeuden belaunaldien arteko lotura ziurtatzeko Kontxa Azaola, gerra aurretik Emakume Abertzale Batzako presidente izan zena, eta Tere Rotaetxe Chalbaud, azpiegituran laguntzeko beti prest. Burgesiako emakumeak ziren, eta agiriko lana ikastolak sortu —Resurrección M. Azkue lehen mailarako, Oñate ikastegia bigarren hezkuntzarako— eta haiei eusten egin zuten edota umeek dotrina euskaraz ikasi eta lehen jaunartzea hizkuntza horretan egin zezaten. Hortik aurrera, erresistentzia aktiboko taldea zen Andere Francoren garaietan, ezkutuagoko lanak ere egiten zituena. Hor, Karmele Goñi ekintzailea.

Bi aldeak batu zituen Karmele Goñik, etnografoarena Zerainen eta ekintzailearena Bilbon. Bere baitan joan den mendeko 30eko hamarkadan Tolosan hain oparoa izan zen Euskal Pizkundearen aztarna antzematen da, 36ko gerrak erabat suntsitu ez zuena.

BERRIAn argitaratua (2017/06/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA