astekaria 2017/06/16
arrowItzuli

bizigiro

Oinak airean

Nagore Etxeberria

Oinak airean

Oinutsik jaiotzen da gizakia, eta oinutsik egiten ditu lehen urratsak; oinutsik edo galtzerdi hutsean, bederen. Ondoren etortzen da oinak estaltzeko ohitura eta zapatak janzteko moda. Korrikalari ugarik, baina, nahiago izaten dute urratsak oin hutsean egin, lurrarekin kontaktu zuzenagoa izateko eta sentsazioak areagotzeko.

Kontxi Ugartemendia fisioterapeuta eta korrikalariarentzat, esaterako, oinetakoak «oinentzako presondegiak» dira. Hala, oinak askatzea erabaki zuen, orain hiru urte. Christopher McDougall egilearen Born to Run (Korrika egiteko jaioak) liburua izan zen oinak biluztera animatu zuena. «Zapatilak gure korrika egiteko era okertzen duten instrumentuak direla dio egileak. Fisioterapeuta gisa, oinutsik korri egitea zer zen probatu nahi nuen, eta halaxe hasi nintzen, bat-batean». Eta ez da damu hartutako bideaz: «Ez dut inolako damurik. Korri egiteko ilusioa eta plazera berreskuratu ditut. Denborari begira korrika egin beharrean, lasaiago korrika egiten dut. Mendian ezin zara joan oso azkar, adibidez, baina askoz gehiago disfrutatzen dut, beste sentsazio batzuez gozatzen dut».

Juanjo Ugartemendia EHUko irakasleak ere uste du «sentsazio berriak deskubritzen» direla oinak askatuta, zapatilak jantzita «informazio ugari» galtzen baita. Oinetakorik gabe ibiltzea «oinentzako askatasun handia» dela gaineratu du. Oinei arnasa emateko asmoz, oinetakoak eranstea erabaki zuen, orain lau urte. Donostiako maratoian parte hartzekoa zen irakaslea, baina lanak eta minek asmoak zapuztu zituzten.

Oinetako berriak erosi behar zituen, eta informazio bila hasi zen. Orduan ezagutu zuen modu naturalean korrika egiteko filosofia. Pentsaera horren bultzatzaileek esaten zutena «zentzuzkoa» iruditu zitzaion, eta zapatila minimalista batzuk erostea deliberatu zuen. Gomendioen artean, tarteka oinutsik korri egiteko zioen jendeak, «teknika egoki bat hartzeko», eta proba egitea erabaki zuen, erdi ezkutuan. Gustatu egin zitzaion korri egiteko modu hori, eta erronka bota zion bere buruari: San Silvestre lasterketa oinak biluzik zituela egingo zuen. 2013ko abenduaren 31n biluzi zituen oinak lehen aldiz, jende aurrean.

Pablo Juaristi prestatzaile pertsonalak ere minak behartuta izan zuen oinetakorik gabe korrika egiteko joeraren berri. Interneten kuxkuxean zebilela, era horretan korrika egiten zuten bi donostiar ezagutu zituen. Pixkanaka, «mundu horretan sartzen» hasi zen. Bat-batean, minak desagertu ziren. Hiru urte dira minei erremedioa bilatu zienetik.


Laster ohartu zen Juaristi korrika egiteko teknika «guztiz» aldatzen zela, eta teknika aldatzean minak gutxitzen zirela. «Gainera, kilometro gehiago egiteko aukera eskaintzen zidan hala aritzeak; kilometro gehiago, eta, bereziki, minik gabe. Askoz azkarrago suspertzen nintzen, gainera».

Izan ere, oinutsik korrika egitean, zapaltzeko modua eta teknika aldatzen dira. Ugartemendiak dioenez, «suspentsioa duten zapatilek beste modu batera korrika egitera behartzen zaituzte. Orpoaren gainean erortzen zara, eta ez duzu minik sentitzen. Hori, baina, ez da korri egiteko modu naturala». Ugartemendiak esandakoari zera gaineratu dio Juaristik: «Zapatilek ez digute uzten sentitzen zapaltzen duguna. Eta, beraz, gure teknika okerragoa da. Eskularru batzuk jartzean ez dugu sentitzen zer ukitzen dugun, ba, zapatilekin gauza bera gertatzen da». Gainera, gogoratu du Juaristik: «Suspentsioa duten kiroletako oinetakoekin lurra zapaltzen den aldiro, lurrarekiko lehen inpaktua edo kontaktua orpoarekin egiten da, eta oinutsik, berriz, metatartsoko inguruarekin. Azken modu horretan egitea egokiagoa da, bikiak erabiltzen ditugulako, eta bikien bidez kolpea arintzen dugulako». Garmendiaren aburuz ere, oinetakoen barne zolek, suspentsioek eta beste elementuek «gehiegi ahultzen dituzte oinak».

Juaristiren ustez, «txikitatik korrika egiten ikasi duenak teknika oso landua du, eta badaki nola egin behar duen korri. Hasiberriek, baina, ez dute teknika lantzen». Eta, haren ustez, teknika garatzeko modu egokia da oinutsik edo oinetako minimalistak jantzita lasterka egitea. Horregatik, astean bitan, bederen, oinak agerian ibiltzen da, «oinak askatzeko eta teknika fintzeko». Garmendiak ere pentsatzen du oinutsik korrika eginda «oso ongi» ikasten dela teknika.

Garmendia fisioterapeutaren ustez, gainera, oinak biluzik izatean, «pausoa kontzienteago» ematen da: «Oso kontziente zara nola zapaltzen duzun. Eta hori ez da zapatilekin gertatzen. Oinetakorik gabe zaudenean, oinak zaindu behar dituzu, eta, oinak zaintzean, gainerako estruktura guztia eta gorputza zaintzen duzu. Hala korri eginda, gorputzean jartzen duzu arreta guztia».

Eta egoki zapaltzeak lesio gutxiago izatea dakar. Korrika saio luze baten ondoren, errekuperazioa «askoz azkarragoa» dela eta «giharretako min gutxiago» izaten dela dio Ugartemendiak.

Ohitura kontua

Lehen aldia gogoan du Garmendiak: «Hasieran, gihar guztiak kexu ziren, beste modu batera erabiltzen baitituzu. Entrenamendu luzeen ostean, ordea, sentsazioak oso bestelakoak ziren: ez nengoen hain nekatuta, giharretako nekea askoz txikiagoa zen, lesio gutxiago nituen, artikulazioetan min gutxiago...».

Konturatzerako gorputza ohitu egiten dela dio Ugartemendiak: «Egia esan, oinak baino giharrek ohitu behar dute, korrika egiteko modua aldatu egiten delako. Berez, aldaketa horretara ohitzea kostatzen zaio gorputzari. Hala, arazo gehiago ematen dute, esaterako, orkatilek edo Akilesen zainak, oin azpiek baino».

Korrika egiteko modu berrira laster egokitzen dira oinak eta gorputza, baina hirurei oso garrantzitsua iruditzen zaie trantsizio egoki bat ematea, eta, beraz, poliki-poliki hastea. Garmendiak igeltsua edukitzearekin erkatu du egoera: «Igeltsua eduki duzunean, errehabilitazio bat behar da, geldirik eduki den atala mugitzen hasi aurretik. Bizitza osoan bi igeltsu eraman izan ditugu oinetan. Oinak estututa eta ia mugimendurik gabe egon dira urte askoan. Behin igeltsu hori kenduta, trantsizio bat egin behar da. Egokitzapen hori poliki egin behar da, gorputzak zer dioen entzuten, giharrak luzatzen, masaje asko ematen. Ezinbestekoa da».

Egokitzapena eginda, aise moldatzen da edonor edozein lurretara. Oraindik ere oinen azpian mina sentitzen duela onartu du Ugartemendiak, baina denborarekin mina beste modu batera «jasatera» eta mina «kontrolatzera» iristen zarela dio.

Garmendiak, ordea, ez du minik sentitzen orain: «Hasieran, mina ematen du, oinaren azala ez dagoelako ohituta. Izan ere, sentsazioa oso ezberdina da, eta oinarentzat dena berria da. Gerora, oinek sentsazio pila bidaltzen dituzte, eta, denborarekin, garunak sentsazio hori ez du min bezala ulertzen, presioa bezala baizik».

Sentsazio berrietara ohitzen dira oinak, eta ohituz gero edozein leku eta eguraldi dela egokia oinutsik ibiltzeko uste du Garmendiak: «Hotza egiten duenean, lehen kilometroak neopreno batzuk jantzita egiten ditut beharbada, baina, behin berotuta, ez da hotzik pasatzen oinutsik».

Juaristik ere aitzakia gutxi ikusten dizkio eguraldiari zein lur motari: «Bustiarekin gune batzuk irristakorragoak suerta daitezke, edo, eguzkiak gogor jotzen duenean, asfaltoa berotu daiteke, baina, bestela, ez dago arazorik». Askok uste ez bezala, oinutsik korrika egiteko lur gogorra egokiagoa dela dio Juaristik, oinentzako askoz errazagoa delako oreka topatzea, hondarrean edo lur bigunean ez bezala. Hala, entrenatzailearen hitzetan, egokiena da erritmoa lekuaren arabera moldatzea. Ugartemendiak ere hala dio: «Oinak ez dira garatu soilik hondarrean edo belar samurrean korrika aritzeko, edozein lekutan ibiltzeko baizik. Hala, lur motaren arabera, lasterka egiteko modua egokitzen duzu».

Ez diote alderdi ezkorrik bilatzen korrika egiteko modu horri, beraz, esperientzia probatzera animatzen dute jendea. Hori bai, poliki hasteko gomendioa egiten dute hirurek. «Poliki eta pixkanaka hastea komeni da, metro gutxi batzuk eginez, gorputz atal guztiek ohitu behar baitute», dio Juaristik. Garmendiaren ustez, esperimentatzen hasi aurretik erne ibili behar da: «Gorputzari entzuten ikastea komeni da. Eta nola entzuten zaio? Bere era naturalean komunikatuta. Eta hori oinutsik lortzen da hoberen».

 

BERRIAn argitaratua (2017/06/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA