astekaria 2017/06/16
arrowItzuli

politika

Oihal baten puskak josten

Hodei Iruretagoiena

Oihal baten puskak josten

Existitzearekin bakarrik, beste inork egiten ez duen lan bat egiten ari da Udalbiltza. Egin beharrekoa, gainera». Udalbiltzako lehendakari ohi Mertxe Aizpuruaren hitzetan, horrez gain, gauza asko egin ditzake Euskal Herriko udalen eta hautesien erakundeak: «Elkar ezagutzatik hasita. Hain bananduta, hain zatituta dagoen herri bati horretarako tresnak jartzea, ja, hori bakarrik, oso inportantea da. Eta beste hainbat ikerketa, proiektu... Baina existitzea bera bada, beharrezkoa delako». «Jostorratzaren lanaren» beharra aipatu du Loren Arkotxak, Udalbiltzako aurreneko lehendakariak. Bat dator gaur egungoa ere. Luis Intxauspe: «Herri honetan behar ditugu erreferenteak aurrera egiteko. Historikoki, oso zatituta egon garen herri bat gara. Baina bat gara. Eta ordezkaritza bat badaukagu. Hobeto edo okerrago eramango da hori, baina aurrera begirako imajinarioari begira garrantzitsua da: Euskal Herria bat da, eta badauka instituzio publiko bat».

1999an eratu zen Udalbiltza, baina 2013an berrantolatu zen arte, ez zuen bide erraza izan. Bi ildoren arteko zatiketa gertatu zen aurrena, 2000. urtean, Lizarra-Garaziko prozesua hautsi ostean —beste bide bat egin zuen ondoren Udalbiltza-Udalbidek—. Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako polizia operazioa etorri zen gero: atxiloketak, espetxeratzeak, epaiketa... 2011n, absolbitu egin zituzten auzipetuak, eta duela lau urte ekin zion aro berriari Euskal Herriko instituzioak. Ibilbide gorabeheratsu horren ondoren, gogoeta eta egokitzapen prozesua hasi zuten urtarrilean —Udalbiltzan bagabiltza—. Gogoeta horiez eta erakundearen ibilbideaz hitz egiteko batu ditu BERRIAk Udalbiltzako hiru lehendakariak, Ondarroako (Bizkaia) udaletxean: Loren Arkotxa, Mertxe Aizpurua eta Luis Intxauspe.

«Indar harreman berriak»

2015etik hona, aldatu egin da Euskal Herriko mapa politiko-administratiboa, eta, besteak beste, horretara egokitzeko hasi nahi izan dute prozesua, Intxauspek azaldu duenez. Nafarroako udal eta foru hauteskundeek ekarritako aldaketa, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta Euskal Elkargoa sortu izana aipatu ditu lehendakariak: «Horrek guztiak aukera berriak zabaltzen ditu elkarlanerako, proiektu berriak martxan jartzeko, Euskal Herriaren kohesiorako eta garapenerako. Euskal Herria subjektu bezala hartzen dutenen indar harreman berriak daude, eta egoera hori baliatuz, Udalbiltzak ere bere gogoeta egin du».

Sorrerako bost printzipioetan oinarrituta, hiru ildo —naziotasuna, burujabetza eta nazioartekoa— eta hamaika proiektu ditu martxan erakundeak, eta horiei buruz ez ezik, antolaketaren eta baliabideen inguruan ere ari dira gogoetan. Hiru fasetan jaso dituzte ekarpenak; lehenik, hautetsienak, eskualdez eskualde, batzarren bidez. «Hiruna batzar egin ditugu eskualde bakoitzean: egoera aztertzeko, etorkizuneko erronkak markatzeko eta baliabideei buruz hausnartzeko», azaldu du Intxauspek: «Oraindik ez dago emaitzarik, baina errepikatu dira elementu batzuk».

Hautetsiei ez ezik, ordea, herritarrei eta eragileei ere zabaldu nahi izan diete gogoeta. Galdetegi bat jarri dute webgunean, nahi duenak iritzia eman dezan: «Herritar asko daude Udalbiltzan parte hartu dutenak, hautetsi zirenean, langile bezala, egitasmo ezberdinetan... Edo proiektua bera konpartitzen dutenak. Inportantea da ekarpen horiek jasotzea». Oraindik ere zabalik dago parte hartzeko epea. Joan den ostiralean, berriz, eragileekin izan zuten bilera, Iruñean. Intxauspe: «Interesatzen zaiguna hori da: beste eragileek nola ikusten gaituzten, nola ikusten duten Udalbiltza, zertarako, zer ekarpen egin dezakeen, zer arlotan, non... Herri gisa, nazio gisa, subjektu gisa, nora joan nahi dugun. Eta hor denok daukagu zer esana. Elkarrekin egin beharreko bide bat da».

Udalbiltzak «beste inork egiten ez duen lan bat» egiten duela nabarmendu dute hiru lehendakariek, baina elkarlana nahi dute beste erakundeekin. «Harremanak normalizatzeko eta elkarlanerako aukera aztertzeko» helburuarekin, ordezkari ugarirekin egin dituzte bilerak: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin, Eudelekin, Nafarroako udal eta kontzejuen elkartearekin eta Gasteizko, Iruñeko eta Donostiako alkateekin —hiriburu guztietakoekin egitea da asmoa—. Nafarroako Gobernuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskal Elkargoarekin ere bildu asmo dute, eta alderdi politikoekin ere ari dira harremanetan.

Orain arteko harrera ona izan dela azaldu du Intxauspek. Udal hautetsiek osatzen dituzten erakundeekin «elkarlanerako eremuak zabalagoak» izan daitezkeela uste du, baina gainerakoekin ere bilatu daitekeela modua. Lurralde garapenaz hitz egitean, turismoaz eta landa eremuaz, esaterako, «lurralde ezberdinetako hausnarketak eta proiektuak bat etortzea» interesgarria izan daitekeela dio. «Ikusi behar da bakoitzarekin zer eremutan egin daitekeen elkarlana: interes horiek topatu behar ditugu».

Baliabideak, bidelagunak

Gainerako erakundeen osaera aldatzeak Udalbiltzan ere eragiten du, batez ere, udal hautetsiek osatzen dutelako nazio instituzioa. «Hauteskunde bakoitzean berriro hasi behar duzu», kontatu du Aizpuruak. Horrek alde onak ere badituen arren, «hein batean, eragozpen bat» da hori lehendakari ohiaren ustez, «ez baita gauza bat egonkortzen dena. Beti berritu behar duzu». Izaera horregatik, Arkotxaren esanetan, beharrezkoa da «funtzionatzeko nukleo» bat izatea: «Ezin da hautetsien bizkar utzi lan mekaniko eta politiko guztia. Egitura eraginkor eta funtzional egonkor bat behar du Udalbiltzak, eta, horretarako, baliabideak».

Arkotxak azaldu du 1990eko hamarkada amaieran erakundea sortu zutenean «indar eta konplizitate askorekin» irten zirela plazara. «Ez bakarrik udal hautetsiena. Hori zen oinarria, baina beste eragile sozial, politiko eta sindikalen konplizitatea ere bazegoen». Gaur egungo egoera politikoak, berriz, «aukera gehiago» sortu dituela uste du Udalbiltzako lehenengo lehendakariak. Argi du zer egin behar den: «Arloz arlo, plan estrategikoak Euskal Herri osoarentzat». Horretarako, ordea, beharrezko jo ditu konplizitateak: «Eta konplizitateak esaten dudanean, hori da: baliabideak behar ditu Udalbiltzak».

«Garai batean, hamabost-hamasei pertsona zebiltzan lanean», gogoratu du Arkotxak. Aldatu egin da egoera, Aizpuruak oroitarazi duenez. «Baina zer aurrekontu zegoen? Garai hartan, ikusita bakarrik Usurbilek ematen zuena, harrituko zinatekete. Orain, hori ez dago». Intxauspek ere ikusten du behar hori, eta gogoeta prozesuan landu dute hori: «Sendotasuna emateko behar da finantzaketa. Zuzendaritza politikoa hor dago, baina langile talde bat behar da horri egonkortasuna emateko, proiektua aurrera ateratzeko».

Juridikoki ere behar du egonkortasuna Udalbiltzak, lehendakariaren hitzetan, «historian izan dituen eraso juridiko, politiko eta mediatiko guztiak kontuan izanik». Azken urteetan ere izan dira jopuntu: Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohi Carlos Urkijok hainbat salaketa jarri zituen. Intxauspek nabarmendu du hamazazpi auzi izan direla haien aurka, eta guztietan Udalbiltzaren aldekoak izan direla epaiak: «Juridikoki, partzuergoa ondo eratutako instituzio publiko bat dela esan dute. Aitortza hori eman diote epaileek».

Partzuergoa da Udalbiltzaren egitura juridikoa: 62 udalek osatzen dute; hautetsiak, aldiz, elkarteetan biltzen dira. «Orain, elkarteen konfederazio bat sortzeko prozesuan gaude, elkarte denak —Iparralde eta Hegoaldekoak— lotu eta konfederazio hori ere partzuergoko kide izateko. Hala, udalak eta hautetsiak, guztiak bilduko ditu partzuergoak».

Baliabideez eta egonkortasun juridikoaz harago, bidelagunak ere behar ditu Udalbiltzak, Arkotxaren iritziz, «arlokako plan estrategiko» horiek gauzatzeko: «Hasi eta bi urtera, gu konturatu ginen Udalbiltzak bere bizkar ezin duela hartu lan guztia: Udalbiltza izan behar da arduratzen dena, inkestak jasotzen dituena, eta gero, landu behar duen jendearekin landuko duena».

Oraingo egoera politikoak bere berezitasunak dituen gisan, abagune berezian heldu zen erakundearen sorrera ere. Lizarra-Garazikoa «oso garai aberatsa» izan zela uste du Arkotxak: «Batez ere, elkarrizketarako». «Posible ikusten zen pausoak ematea, batik bat, Euskal Herria aintzat hartzen genuenen artean». Gauzak aldatu arren, fedea badu sorrerako bost printzipioetan. «Hori denok adostu genuen. Gero, desadostasunak izan ziren, baina denok mantendu genuen oinarri hori. Balio izan zuten, balio dute, eta uste dut, etorkizun nahikoa luze batean balioko dutela oraindik. Hain zuzen, horregatik: denen artean adostu zelako».

Atxikimendua

Azken batean, proiektuekin hartzen dute lur printzipioek. Badituzte martxan batzuk: Ikerbiltza, jakintza Euskal Herriaren kohesioaren eta eraikuntzaren mesedetan jartzeko; lurralde garapenerako Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa; Hurbiltzen, herrien arteko senidetzeak bultzatzeko... Aizpurua: «Badaude batzuk, indar gehiagoz aurkeztu direlako edo erreferentzia bat lortu dutelako, ikur bihurtu direnak. Lehen garai hartan, Zuberoa Garatzen izan zen, gero, erakundea birsortzean, Pirinioetan Lan eta Bizi izan den bezala. Izugarrizko lorpena izan da hori. Mugak asko zatitzen du, mentalki ere bai, eta okerrena da gaur egungo instituzioen dinamikak hori sendotu egiten duela. Hori da gure tragedia».

Orain, herritarren parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute hiru lehendakariek. Intxauspe: «Herri bat izatearen ideia horrekin herritar eta hautetsi askok egiten dute bat, sigla politikoez aparte. Atxikimendu ahalik eta zabal eta sendoena behar dugu». Udal hautetsien erakunde batek, izan ere, badu indarra, Arkotxaren esanetan: «Euskal hautetsiek beti izan dute herritarrekin lotura zuzena. Herritarrak ematen dio konfiantza zinegotziari, eta horrek indarra, edonora joateko. Indar handia du Udalbiltzak».

BERRIAn argitaratua (2017/06/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA