astekaria 2017/06/16
arrowItzuli

gizartea

Lekeitiarrak elebiduntzen

Jose Mari Pastor

Lekeitiarrak elebiduntzen Jose Mari Pastor

Trantsizio espainiarraren hasierako asteburu batean Bartzelonara joan ginen Jose Inazio Basterretxea, Jose Ramon Egiluz eta hirurok, zenbait elkarrizketa eta erreportaje egin eta Anaitasuna aldizkarian argitaratzeko. Eva Serra historialari eta militante independentistarekin hitz egin genuen, kartzelatik irten berria zela. «Konponbiderik al du arazo katalanak?». «Arazo espainiarra esan nahi duzue, ezta?», erantzun zigun, zorrotz.

Ostegunean 40 urte beteko dira demokratafaxistek, halabeharrez demokratizatutako frankistek antolatutako lehen hauteskundeetatik. 40 urteko frankismoak ez zuen lortu arazo espainiarra konpontzea; 40 urteko demokrazia postfrankistak ere ez. Atzo ikusi genuen azken froga: Carles Puigdemontek independentziari buruzko erreferendumaren data eta galderaren berri eman zuen.

Galdera Kataluniako hiru hizkuntza ofizialetan egongo da idatzita: katalanez, gaztelaniaz eta araneraz. Hain zuzen ere, Katalunia independenteko hizkuntzen ofizialtasunari buruz mintzo da Antonio Baños kazetari eta CUPeko parlamentari ohia, La república possible liburuan. Pierre Vilar historialariak Katalunia Espainia modernoaren barruan aipatu zuen «katalanen abertzaletasun linguistikoa» gogora dakar Bañosek bere azken lanean —Euskal Herrian, salbuespenak salbuespen, eguneroko praktikan oso sendo ez dugun abertzaletasun linguistikoa—. Hala ere, Katalunian hizkuntza ofizialik ez egotea defendatzen du. Estatuaren hizkuntza bakarra katalana nahi du, baina ofiziala izan barik.

Inozo samartzat jo daiteke ikuspuntu hori. Funtsean, errepublika beste oinarri batzuetatik sortzearen aldeko ahalegin irudimentsua da, baina. Bañosen arabera, katalana izango litzateke estatu katalanaren hizkuntza, eta administrazioak zerbitzu publikoak eskainiko lituzke herritarren behar linguistikoak betetzeko. «Ofizialtasunak ez-ofizialtasuna dakar», dio liburuaren egileak. Izan ere, katalana hizkuntza ofizial bakarra egiteak ez-ofizial bihurtuko luke gaztelania, «oposizio hizkuntza», Katalunian dauden 300 hizkuntzak bezalako beste hizkuntza bat izan beharrean —gainera, herritarren erdien lehenengo hizkuntza da—. Bañosek azaltzen duenez, katalanak estatuaren hizkuntza esklusiboa beharko luke, ofizialtasunik gabe, baina, kontuz, elebitasunaren tranpan erori gabe. Blanca Serra hizkuntzalariaren galdera gogoratzen du —Eva Serraren ahizpa da—: «Katalunia elebiduna da ala elebidundua?».

Bestelakoa dugu hemengo egoera. Ez soilik arrazoi soziolinguistikoengatik eta gure abertzaletasun linguistiko eskasagatik. Beste plus bat dugu euskaldunok: zenbait erakunde eta agintariren utzikeria euskararekin eta errespetu falta euskaldunen aurrean. Egunotan jakin dugu Lekeitiotik Eusko Legebiltzarrera bisitan joandako ikasle taldeari zer gertatu zitzaion. Gure botere autonomiko transbertsal eta, aldi berean, guztiz aldebikoen eraikin bateko sarreran zeuden ertzainek erdaraz egiteko eskatu zieten lekeitiarrei. Hablad en cristiano esan zieten, hablad en cristiano esan gabe. Finak gero! Zer espero dezakegu hain sinbolismo handia duen erakunde batean herritarren aurreko jardunean elebakartasuna onartu edota ahalbidetzen dutenengandik? Nolaz eskatuko dugu beste esparruetan euskara errespetatzeko, gure administrazioan bertan hala jokatzen badute? «Zuen erakundeetan dena euskaraz egitea posible duzuenean etorri nigana, tomates barik tomateak idazteko eskatzera», esango digute.

Euskararen eguna ospatzen dugu, baina erdararen urte osoko jarduna ezartzen dugu. Batzuk %100 Basque dira teorian, baina %200 euzkadillero praktikan. Azkenean, lekeitiarrak errudunak, Eusko Legebiltzarrean erdaldunekin topo egiteagatik. Ertzainen damua? Bai, leku okerrean une okerrean egoteagatik: «Ya vienen estos pesaos con el euskera. ¿Por qué no cogería fiesta hoy?».

Elebiduna ala elebidundua da Lekeitio? Eusko Legebiltzarrera joateak euskaldunago bihurtzen ditu lekeitiarrak ala elebidunduago?

BERRIAn argitaratua (2017/06/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA