astekaria 2017/06/09
arrowItzuli

kultura

Esker on beste hitz

Amagoia Iban

Esker on beste hitz

Martin Ugalde Kultur Parkeko aretoa jendez bete zen atzo arratsean, Anjel Lertxundi idazleari ia hamalau urteko lanagatik eskerrak emateko ekitaldian. BERRIA egunkariaren lehen zenbakiarekin batera hasi zen Lertxundi Hitz beste zutabea idazten, 2003ko ekainaren 21ean. Joan den apirilaren 16an idatzi zuen azkena. Lehen zutabea zein azkena ekarri zituen gogora ekitaldiko gidariak, Alex Gurrutxaga literatur kritikari eta unibertsitate irakasleak. Ez ziren gogora ekarritako bakarrak izan, hala ere, ordu eta hiru laurden iraun zuen ekitaldian hamaika ekarri baitzituzten gogora oholtzako pantailatik zein oholtza gainetik beretik aritu zirenek. Bideoz, Lertxundiren «lana, almazena eta jakinduria harrigarri» egin zaizkiola esan zuen Andoni Egaña bertsolariak. Hori, eta «maila bat hartu eta maila horri eusteko gaitasuna».

Kike Amonarriz soziolinguista eta telebista aurkezleak, berriz, Lertxundi «erreferentzia» izan duela nabarmendu zuen, bai idazle, bai euskaltzale eta soziolinguista gisa, bai ikus-entzunekoetako gidoilari gisa. «Erreferentzia etikoa ere izan da Anjel Lertxundi niretzat».

Arantxa Iturbe idazle eta irrati esatariak «bizipoza» hitzarekin lotu zuen Lertxundiren eguneroko jarduna. Inaxio Mujika Iraola idazle eta editoreak, berriz, Lertxundiren lanen lehen irakurlea izatea suertatu izan zaiola ekarri zuen gogora: «Maisu bat da. Literaturan eta gizalegean». Miren Amuriza bertsolari eta BERRIAko zutabegileak, azkenik, azken laupabost urteotan Lertxundiren leihora kuku eginda hartutako gozatuak nabarmendu zituen.

Bideoon ondoren, Harkaitz Canok Ifrentzu jauna irakurri zuen. Hamalau urteotako zutabegintzan Lertxundik utzitako arrastoa errepasatu zuen testu horretan.

Eta heldu zen Lertxundi berak hitza hartzeko tenorea, Maialen Lujanbio elkarrizketatzaile zuela.

Zutabearen izenari heldu zion lehendabiziko galderan bertsolariak, «hitz beste» egitea gaiaz aldatzea dela gogorarazi, eta albiste nagusien zurrunbiloari ihes egiteko asmoarekin jarria ote zen galdetuta. Ikuspuntuaren garrantzia nabarmenduz erantzun zion idazleak: «Beste txoko batetik begiratzen saiatu behar du beti kazetariak, irakurleak berak ere espero ez duen ikuspuntutik idazten. Ikuspuntuak mezua aldatu egiten du, izan ere. Hor, fundamentala da kazetari-idazlearen perspektiba». Bere irakurleen espektroa «euskaldun eta euskaltzale jendea» dela erantsi zuen Lertxundik, eta inplikazio pertsonala ere ez dela ahaztu behar: «Irakurlearekin konplizitatea bilatzea ezinbestekoa da niretzat».

Bizipozaren garrantziaz

Egañak bideoz aipatutako hitz bat errepikatu zuen Lujanbiok: «Almazena». Almazen hori ideiei tira ahala betetzen ote den galdetu zion idazleari. Arantxa Iturbek bideoan aipatutako beste hitz batekin erantzun zion Lertxundik: «Bizipoza». Hitz hori «giltza» dela nabarmendu zuen: «Hitzaren poza, sinestu nahi duzunaren poza... hori gabe, dena materia indarge gertatzen da». Azalaren eta mamiaren, formaren eta argudioen arteko orekari buruz galdetu ziotenean ere, bizipoza aipatu zuen: «Hizkuntzaren bizipoza da hizkuntzari eusteko tramankulu ezinbestekoa. Eta bizipoz hori gabe, esaten diozunari ere ez diozu bizipozik emango».

Gizartean eta unibertsitatean oso hedatuta dagoen izurrite bati buruz aritu zen segidan Lertxundi. Izena ere jarri zion: «gristasuna». Izena «oso-oso suabe» aukeratutakoa zela ere erantsi zuen. Izurrite horren sintomak «emoziorik, bizipozik gabeko hizketa, esan uste dena esan gabe pasatzea» ei dira. Idazlearen konpromisoaz ere aritu zen: «Pertsona publikoak gara, eta egia da intelektual hitzak sekulako galera izan duela eta neu ere ez nauela asebetetzen, baina komunitate bati beste perspektiba batetik beste mezu klase bat ematen diona da idazlea, intelektuala».

Lujanbiok jarri zion hurrengo gaia: idazlearen bakarkako lana, bertsolarien plazako jardunaren beste muturrean. Barkardadeak «asko» markatzen duela erantzun zuen idazleak, «apartatzea» ekartzen duelako. «Zure ikuspuntuak beste trenpu bat hartzeko apartatzen zara. Ez bakarrik jendearengandik. Psikologian ere markatzen du bakarkako lanak. Gero eta uzkurrago nago jendarterako».

Elkarrizketaren amaieran, ekitaldiaren entzuleen galderen txanda heldu zen, eta bertan aurreratu zuen Lertxundik Durangoko Azokarako bere zutabeen bilduma bat prestatuko duela BERRIAk. Segidan, ekitaldia egin bitartean Antton Olariagak azuleju gainean margotutako zinta eman zion egunkariko zuzendari Martxelo Otamendik Lertxundiri, eta «esker on berezia» adierazi. Ekitaldiaren bideoa (Lara Madinabeitia / BerriaTB).

BERRIAn argitaratua (2017/06/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA