iritzia
Kontzientzia
Onintza Enbeita
Aste honetan aztoratuta sumatu ditut autoz ibili zaleak diren zenbait: Bilboko Udalak peajea kobratuko die hiriaren erdira autoz sartu nahi dutenei. Oraindik asmoa baino ez da, baina eztabaida pizteko balio izan du. Batzuei entzun diet hori baino lehen beste neurri batzuk hartu behar direla, eta ados nago. Garraio publikoa indartzeak eta prezio bateratu bakarra ezartzeak asko arinduko luke trafikoa, adibidez. Beste batzuei, ordea, entzun diet garraio publikoari esker baino, Abiadura Handiko Trenari esker konponduko dela hein batean Bilboren arazoa. Hiriaren sarreretan aparkalekuak egin behar direla ere bota du zenbaitek. Eta badira ordainsaria ezartzeari ondo deritzotenak ere: dirua da kontzientzia hartzen laguntzen digun gauza bakarra. Kontua da, baina, ea benetan kontzientzia hartuko dugun. Pentsatu nahi dut egunero hirigunera sartzeko ordaindu behar duenak nahiago izango duela autobusez edo trenez joatea, edo kotxea beste batzuekin konpartitzea. Ez dakidana da ea denborarekin ulertuko ote duen ingurumenari eta bere buruari mesede egiten ari dela. Diruak ez du hain erraz kontzientziatuko, bere hondakinak sailkatzeari korapilatsu iritzita, erraustegiak onartzeko prest dagoen herria.