astekaria 2017/06/09
arrowItzuli

politika

Elkar hartuta, erabakitzeko

Edurne Begiristain

Elkar hartuta, erabakitzeko

Egin du lau urteko bidea. Eta, lau urtean, egin dio ekarpen bat Euskal Herriari: herritarrak «aktibatu» eta «ahaldundu» ditu, eta «kultura politiko berri bat» sortu du. «Harro» egoteko modukoa da Gure Esku Dago dinamikak orain arte egin duen lana. «Ikaragarria» baita lortutakoa. «Herritarrok erakutsi dugu demokrazian edozein gai normaltasunez kudea daitekeela. Gai gatazkatsua zena, erabakitzeko eskubidea, normal bilakatu dugu». Esaldi horrekin laburbildu dute lau urteko balantzea Angel Oiarbide eta Karmele Olabarrieta dinamikako kideek, Bilbon egin duten agerraldian.

Ez baita makala egindako lana. Duela lau urte Irungo Ficobako ekitaldian (Gipuzkoa) Gure Esku Dago aurkeztu zutenetik, «geldiadirik gabeko bidea» egin du dinamikak, eta bidean mugarri garrantzitsuak jarri ditu: Durango eta Iruñea arteko giza katea 2014ko ekainaren 8an, Donostiako Zurriolako mosaikoa urte bereko azaroaren 8an, ehuntze eguna 2015eko apirilean, bost hiriburuetako ekitaldi jendetsuak ekainaren 21ean, herri galdeketen olatu ezberdinak...

Mugarri handiena, hala ere, sorrera bera izan zen. Urratsa egitea. Kimua jartzea. «Gure Esku Dago herri honetan sortu beharreko dinamika bat zen». Oiarbidek BERRIAri kontatu dio erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika berriak nola egin zuen lehen urratsa. Goierrin (Gipuzkoa) ernatu zen dinamikaren hazia, 2012ko udazken eta 2013ko udaberri artean. Gure Esku Dago-k gero hartuko zituen printzipioen gainean izenpetu zuten adierazpena Goierriko zenbait pertsona ezagunek, eta eskualde hartan egindakoa Euskal Herri osora zabaltzeko pausoak ematen hasi ziren, gero. Uste batetik abiatuta egin zuten: «Sinistuta geunden eragiteko gaitasun biderkatzen zela sentsibilitate ezberdinetako jendeak elkarrekin pausoak ematen bazituen». Ideia horri helduta, erabakitzeko eskubidearen gainean «elkarlan hori eta adostasun eremu hori hauspotzeko» xedez sortu zen Gure Esku Dago.

Baina haizea behar zuen dinamikak aurrera egiteko. Haizea aurrean zituen erronkei heltzeko. Itsasontzi baten metafora erabili du Oiarbidek, itsasoan aurrera egiteko ezinbesteko dituztelako oihal handi eta sendoak, haizea aprobetxatzeko. Eta horixe bera zela dinamikak euskal gizartearekin batera egin behar zuen lana. «Euskal gizartea oinarritik ahalik eta zabalen, pluralen eta koloretsuen josi eta ehundu beharra zegoen, iparretik zetorren haize demokratikoa aprobetxatzeko».

Herritarrak ahalduntzen

Eta abiatu zen. Eta herritarrak dinamikarekin bat egiten hasi ziren. Ahalduntzen. Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohiak ia sorreratik egin zuen bat dinamikarekin. Lagun baten bidez izan zuen mugimenduaren berri, eta ez zuen zalantzarik izan: «Beti pentsatu dut hemen zerbait egin behar zela geunden geldiunetik ateratzeko eta indarrak elkartu behar genituela. Gogoratzen nuen Ibarretxeren proposamena ez aurrera ez atzera geratu zela, eta herri honek ez zuela batere protestarik egin». Bi arrazoik bultzatuta erabaki zuen Gure Esku Dago-rekin bat egitea: desberdinen arteko elkargune bat zelako eta oinarrian eskubide bat zegoelako, erabakitzearena. «Laster ikusi nuen oso giro ona sortu zela gure artean, esperientzia berria zela eta ordura arte elkarrengandik urrunduta egondako pertsonen artean proiektu komun bat genuela».

Hainbat hilabetez herrietako dinamikak sustatuz eta motorrak berotuz aritu ondoren, Gure Esku Dago erronka handi batean murgildu zen: 2014ko ekainaren 8an, erabakitzeko eskubidearen alde Durango eta Iruñea lotuko zituen giza katea egitea. 123 kilometro. 50.000 lagun behar zirela esan zuten dinamikakoek. Ez zirela iritsiko esan zieten askok. Baina haiek ziur zeuden lortuko zutela. «Sinetsita geunden erronkaren tamainaren neurriko indarra jarriko genuela lana egiteko», dio Oiarbidek. Horrek ezinbestean zekarren herritarrak ardurak hartzea, elkarrekin gauza asko antolatzea, adostea, elkarlana sustatzea, errezeloak gainditzea, konplizitateak sortzea, zubiak berreraikitzea, finean, «saretzen» hastea. «Urtebetean ikusi genuen mito eta klixe asko apurtzen ari ginela», esan du.

Giza kateak «ilusio handia» piztu zuen Lea-Artibai eskualdean eta «indarra» eman zion Gure Esku Dago dinamikari. Hala uste du Mari Eli Ituarte Markina-Xemeingo taldeko kideak. «Ikaragarria izan zen, hunkigarria, egun hori betiko gordeta dut». Bizkaiko eskualde horretatik joandako jendetzak hiru kilometro egin zituen, eta baita beste kilometro batzuetako hutsuneak bete ere. Giza katea egin artean, baina, herrian inurri lana egin behar izan zutela aitortu du Ituartek: «Hutsetik abiatu ginen, jendeari dinamika zertan zen azaldu, sinetsarazi...Norberak sinetsi behar du lehenbizi besteak konbentzitzeko, eta, nire ustez, erabakitzeko eskubidea printzipio demokratiko eztabaidaezina da».

Hala ere, ideologia desberdinetako jendearen arteko errezeloak gainditzea izan zen Gure Esku Dago-k bidean izan duen arazo handienetakoa. Zarraoarentzat ere horrela izan zen: «Pentsatu nuen Algortako eta inguruko jendea berehala etorriko zela eta oso bide erraza izango zela, baina, nire harridurarako, ez zen horrela izan». Hasierak zailak izan arren, jendearengana hurbildu eta dinamika zertan zen azaldu ahala, jendea proiektura batuz joan dela dio. Oraindik, hala ere, dauden aurreritziak gainditzeko pausoak ematen jarraitu behar dela uste du: «Gure gertuko historia nahiko gogorra da, eta gure arteko mesfidantzak gainditzeko norberak eman behar du pausoa».

Erabakitzeko ordua

Giza katearen ondoren zabaldu zen hausnarketa prozesuak sei hilabete iraun zuen, eta, ekarpenak jasota, norabide bat marraztu zuten: ehuntze fasea, adoste fasea eta erabakitze fasea. Erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko lehen pausoak Etxarri Aranazen (Nafarroa) eman ziren 2012ko apirilean galdeketa antolatuta, eta azaroan, Arrankudiaga-Zollon (Bizkaia). Ordutik, erabakitzeko olatua handituz joan da: gaur arte, 142 herritan egin dituzte galdeketak, eta 147.000 lagunek eman dute botoa.

Azaroaren 5ean egingo dute galdeketa Getxon. Sinadurak biltzen ari dira orain. «3.000 sinadura inguru lortu behar dugu bi hilabeteko epean. Lortuko dugu», ziurtatu du Zarraoak. Berme batzordea sortuko dute aurki, eta, ondoren, galdera adostuko dute. Galdeketa eguna irudikatzen du jada Getxoko alkate ohiak: «Egun gozoa eta pozgarria izango da. Herri honek bere etorkizuna erabakitzeak berebiziko garrantzia duelako».

Baina erabakitzeko bidea hasi besterik ez da egin. Datozen hilabeteetan galdeketak gune zabalagoetara eramatea da asmoa, baita hiriburuetara ere. «Azken helmuga Euskal Herrian estatus politikoari buruzko galdeketa loteslea egitea da», oroitu du Oiarbidek. Bilbon da hurrengo hitzordua, bihar. Lau urteotan pilatutako borondateak eta konpromisoak azaleratuko dituzte galdera ikur itxurako mosaiko erraldoia eginez eta Herritarron Ituna aurkeztuz. «Munduari esan behar diogu euskal herritarrok ere gure etorkizunaren jabe izan nahi dugula».

BERRIAn argitaratua (2017/06/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA