astekaria 2017/06/09
arrowItzuli

iritzia

Ziztorraren gibelean

Juan Kruz Lakasta

Ziztorraren gibelean Juan Kruz Lakasta

Zenbaitetan neure analisirako gaitasunak beldurtu egiten nau: maiatzaren 11n, txoko honetan berean, etortzeko zegoen Nafarroako banderaren aldeko manifestazioaz ari nintzela, Nafarroako eskuin politiko eta mediatikoa joan den legealdiko oposizioaren agitprop estrategia kopiatzen ari zela nabarmendu ondoren, honako hau bota nuen: «Kontuz ibil dadila Zaldieroa, apika aurki Nafarroa Kapitainaren trasunto erregionalista sortuko dute eta: Capitan Navarra, Ultzamaraino eta harago!».

Tira, egiaren aitortzeko, iragarpena bainoago hiperbolean oinarrituriko txistea izan nahi zuen: gauza ezin neritzon gehiegikeria. Baina, bistan denez, errealitateak aise gainditu ninduen, elkarretaratzearen buruan superheroi forala ikusi baikenuen, Nafarroako bandera soinean, maskara greziarra musuan, ziztorra eskuan. Ziztor Woman, lotsaizun infinituraino eta harago!

Alferrik saiatu zen deitzaileen eledun Patxi Mendiburu elkarretaratzeari berniz plurala ematen Nire aitaren etxea olerkiaren bertsioa eginez, Txoria txori kanta abestuz —bakarka, han zirenek ez baitzuten ezagutzen—, protestaren buruko pankartan mezua elebitan izkiriatuz —Maiatzaren Leheneko UGTren eta CCOOren manifestazioan gauza bera egin zuten: the times they are a changing—. Elkarretaratzearen tonua Ziztor Womanek markatu zuen.

Haatik, hor nonbait irakurri dut ezin garela geratu Asun Requena artista tafallarraren performance hestebetezalearen irudi barregarriarekin. Han milaka herritar arrunt zeudela eta haien mezua serio hartu behar dugula.

Arruntak ala ez, ezin uka daiteke milaka herritar elkartu zirela. Mezuaren seriotasuna besterik da. Irudipena baitut Ziztor Womanek ederki ordezkatzen duela mezuaren maila. Areago: ez ote den koipetsuagoa mezua superheroi ziztorduna baino.

Manifestazioaren deitzaileek behin eta berriz esan dute Nafarroako banderak nafar guztion identitate eta ideologia guztiak ordezkatzen dituela, eta ikurrina sobran dagoela, onartezina dela. Eta hori autoritarismoaren adibide paradigmatikoa da. Autoritarismoa horixe baita: adostasunik ezean, boteredunek beren borondatea inposatzea, askatasunak urratuz. Eta Ikurren Legearekin —eta beste gauza askorekin— horixe egin zuten: haienak inposatu, eta besteenak debekatu.

Arazoa da orain ez dutela boterea —behintzat instituzionala—, ezin dutela haien borondatea inposatu, horrek amorratu egiten dituela, eta ernegazio itsu hori argudio demokratikoz beztitzen dutelarik ipurdi autoritarioa bistan geratzen zaiela: guk zuen ikurrak hankapean hartzeko dugun askatasuna zapaltzen ari zarete, guk zuek errespetatu behar izatea inposatzen ari zarete, guk zuei burutik behera txiza egiteko dugun eskubidea ukatzen ari zarete.

Beraz, nahiko argi geratu da 2019ko foru hauteskundeak iritsi arte eskuin politikoak eta mediatikoak zein diskurtso eta estrategia erabiliko dituzten.

Ongi legoke aldaketaren aldeko indarrek ere argi edukitzea zeintzuk izanen diren haien diskurtso eta estrategiak. Erakundeetan eta kalean, alderdiek eta gizarte eragileek —ziur naiz gizarte zibilak rol indartsuagoa jokatu behar duela, baina ez dut horren argi eskuinaren manifestazioei manifestazio gehiagorekin erantzun behar zaien, arriskutsua suerta baitaiteke haien mobilizatzeko gaitasuna gutxiestea (baita elikatzea ere)—. Aldaketan sakontzeko —zalantza izpirik gabe, gehiago egin daiteke, gehiago egin behar da datozen bi urteotan—. Eta aldaketak 2019z harago iraun dezan.

Gauzak ongi egin eta azalduz gero, aurrera egiteko aukera asko daude. Izan ere, larunbatean Karlos III.a etorbidean elkartu ziren milaka herritarrez gain, Nafarroan bada tik autoritarioekin aspaldi nekatu zen eta demokrazian —eta justizia sozialean, eta bizikidetza errespetuzkoan— sakondu nahi duen gehiengo sozial zabal bat.

BERRIAn argitaratua (2017/06/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA