astekaria 2017/06/09
arrowItzuli

gizartea

Asmoetatik berdintasunera

Ion Orzaiz

Asmoetatik berdintasunera

Lege batek soilik ez du berdintasuna ekarriko, ezta jazarpena errotik erauziko ere. Baina urrats garrantzitsua izan daiteke LGTBI kolektiboarekin dugun zor historikoa kitatzeko bidean». Asteartean, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendari Mertxe Leranozek zurian beltz jarri zituen Nafarroako Gobernuak genero eta sexu identitatearen esparruan dituen helburuak eta aplikatu nahi dituen politikak. Gaurtik aurrera, ezinbesteko tresna izanen du laukoak politika horiek garatzeko: lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen (LGTBI+) berdintasun sozialerako foru legearen proposamena onartuko du gaur Nafarroako Legebiltzarrak.

Gobernuari eusten dioten lau indar politikoek hasieratik adierazi zuten LGTBIfobiaren aurkako politikak iraultzeko asmoa, eta idatzita utzi zuten konpromiso hori 2015eko itun programatikoan. PSN izan zen, ordea, LGTBI kolektiboaren eskubideak bermatzeko lege berri bat ontzea proposatu zuen lehena, 2016ko urrian. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren babesa jaso zuen proposamenak. UPNk eta PPk, berriz, abstentziora jo zuten.

Laukoaren eta PSNren artean adostu zituzten foru legearen oinarriak, eta, horren ostean, parte-hartze prozesua abiatu zuten, LGTBI esparruko eragileen ekarpenak jasotzeko. Kattalingorri Nafarroako LGTBI elkarteko kide Raul Lopez izan zen bileretan parte hartu zutenetako bat. Haren irudiko, «prozesu eredugarria» izan da foru legearen garapena: «Pozik gaude parte hartze prozesuarekin, aukera izan dugulako lege proposamena aztertzeko eta ekarpen asko egiteko». Lopezen esanetan, «zeharo» aldatu da legea azken hilabeteetan. «Alde handia dago PSNk aurkeztutako proposamenaren eta orain onartuko duten legearen artean. Finean, PSNk aurkeztu zuena zera izan zen, Katalunian eta Espainiako beste erkidego batzuetan onartutako legeen moldaketa bat. Zenbait elementu interesgarri zituen, jakina, baina beste hainbat puntu ez zeuden behar bezala garatuak, edo zehaztasuna falta zitzaien». Kattalingorriko kidearen ustez, «transexualitatearen despatologizazioa» izan da parte- hartze prozesuaren ondorioz txertatutako berritasunik aipagarrienetako bat.

Prebentzioa ardatz

LGTBIfobia zantzu orori aurre egiteko eta jazarpena errotik erauzteko neurriak jasotzen ditu lege proiektuak. Sustatzaileek diote «prebentzioaren ikuspegitik landua» dagoela. Horretarako, sentsibilizazio eta prestakuntza egitasmoez eta protokoloez gain, zigorrak ere ezarriko dituzte «jokabide bereziki larriak agertzen dituztenentzat». Hala, jazarpen kasu batean administrazio publikoek zuzenean esku har dezakete, salaketa baten beharrik izan gabe. Zigor administratiboak ezartzeko aukera ere jasotzen du testuak.

Bestalde, azpimarratzen da administrazioko zenbait departamentu eta alorretan ahalegin berezia egin behar dela; besteak beste, hezkuntzan, Osasunbidean, gazterian, aisialdian, kirol munduan edota segurtasun indarren esparruan. Berdintasunari lotutako gaietan prestatuko dituzte sail horietako langile publikoak, generoari eta sexu identitateari buruzko kontuetan adituak diren profesionalen bidez.

Gainera, LGTBI berdintasunerako unitatea eta Nafarroako LGTBI Kontseilua sortzeko galdea egiten dio lege proiektuak exekutiboari —lauko gobernuak aurrea hartua dio jada puntu horri, LGTBI unitatea martxan baitago jada—.

Osasunaren esparruari dagokionez, ugalketa lagundurako teknikak LGTBI pertsona guztientzat eskuragarri jarriko ditu legeak, eta transexualentzako arreta zabalduko. Bestalde, sei hilabeteko gehienezko epea ezarri dio administrazioari martxan jar dezan transexual eta intersexualen arretarako protokoloa.

Hezkuntzan, azkenik, hezkidetza parametroak txertatzeko bidea zehazten du lege proposamenak: genero eta sexu identitatea nahiz berdintasuna jorratzeko lanketa programak ezarriko dituzte ikastetxeetan, eta, horrez gainera, berrikusi eginen dituzte egun indarrean diren planak eta edukiak.

Pozik, baina arretaz

LGTBI komunitateko elkarte eta eragileek besoak zabalik hartu dute lege proposamen berria, baina ez dute euforiarako arrazoirik ikusten. Lopezen ustez, legea «aitzindaria» izan daiteke zenbait puntutan, baina arrisku bat ikusten dio: uste du legea ezerezean gera daitekeela garatu ezean. «Asmo onak ikusten ditugu, baita borondatea ere, baina legea oso orokorra da. Foru dekretuen bitartez garatu beharko dira hainbat puntu, eta, horretarako, ezinbestekoak izanen dira baliabideak. Konpromisoak isla izan beharko luke aurrekontuetan».

Iritzi horrekin bat dator Lugatibe asanbleako eta Zikutak Bollera Transfeministen kolektiboko kide Luna Martinikorena: «Aurrerapauso ikaragarria da eta pozik gaude, baina gauza bat da lege on bat egitea, eta beste bat, lege horri zehaztasuna ematea. Bestelako aldartea ikusten diogu gobernu honi, bai, baina horrek ez du apalduko gure borroka; kalean segituko dugu».

BERRIAn argitaratua (2017/06/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA