astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

iritzia

Terrorea (II)

Angel Erro

Terrorea (II) Angel Erro

Ostiralean, Pariskoa gertatu bitartean, ni Madrilen nengoen eta asteburu osoa bertan igaro dut. Iruñean egotera, orain nagoen bezala, ziurrenik oso bestela biziko nituen notiziak. Aitortu behar dut izuak ziztatu ninduela, batez ere hurrengo egunean, eguerdian hiriguneko kale jendetsuetatik edo gauean ibilitako pub eta diskoteka, ISISen aburuz, higuingarri eta gaiztakeriaz beteetan. Pariskoak segida balu Europako gainerako hiriburuetan?

Egiaztatu dut terrorismoa delakoa eraginkorra dela, izua eragiten duela, hotzean aztertuta erlatibizatu beharrekoa. Beldurrak esajeratu egiten ditu datuak, hurbiltasunak ere bai, hurbiltasun kulturalak edo klase hurbiltasunak, zer esanik ez. 2000. urtetik hona munduan izan diren atentatu guztietako hildakoen %2,6 baino ez da mendebaldarra, Dorre Bikietan hildako ia 3.000 lagunak barne.

Kalkuluek ez zidaten beldur arrazionala kenduko. Europako hiriburu atentagarri batean nengoen eta nire bizitzan lehen aldiz mota horretako terrorea sentitu dut. Taktikaren eraginkortasunaz gain, zer pentsa eman dit Euskal Herrian bizitu dugunak erasana inoiz sentitu ez izanak (orain jakin dudanez). Horrek erlatibizatzeko, orrialdea pasatzeko eskatzeko zilegitasuna kenduko balitz bezala.

BERRIAn argitaratua (2015/11/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA