astekaria 2017/06/09
arrowItzuli

ekonomia

Dirua, gainditzeko ikasgaia

Irune Lasa

Dirua, gainditzeko ikasgaia

Gerta daiteke bi urteren buruan atzerrian bizitzea batxilergoko azken urtea egiten, edo karrerako lehen urtean. Gerta daiteke jada lanean aritzea, lehen nominak jasotzen, edo lanik gabe egotea, baina laguntzaren bat eskuratzen. Eta, gaur egun, ez daukate arrastorik zenbat gastatzen duten hilero eskuko telefonoarekin.

Kutxabankek 15-16 urteko gazteentzako Finantzak Bizitzeko ikastaroak eskaintzen ditu eskolentzat, eta ikastaro horien koordinatzailea da Lourdes Antoñana. Hark azaltzen du nola, normalean, adin horretako gazteek ez duten jakiten euren gastu askoren zenbatekoa. Hori gurasoek ordaintzen dute kontzeptupean artxibatzen dute buruan, eta kito. Hori gertatzen da eskuko telefonoarekin. «Baina, hori bai, hilero zenbat mega dituzten ederki asko dakite», gaineratu du.

Gazte askok ez dituzte ezagutzen eguneroko bizitzan arruntak eta ohikoak diren finantza kontzeptuak. Eta, ondorioz, ez dakite halakoekin hasterakoan har ditzaketen erabakiek zer-nolako ondorioak izan ditzaketen.

Eta hori ez da gertatzen Euskal Herrian soilik, mundu osoan baizik. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak PISA txostenerako egiten dituen azterketak baliatu ditu hamabost herrialdetako 48.000 gazteren finantza gaitasuna edo jakintza neurtzeko. Orain gutxi eman du emaitzen berri. Eta, haiei begira, argi ikusten da euskal gazteak ez direla diruaren inguruko kontzeptuekin arazoak dituzten bakarrak.

Arazoa ez da nolanahikoa. Txosteneko herrialdeetako 15 urteko hiru gaztetik bik dute laneko diru sarreraren bat. Eta bitik batek du kontu korronteren bat. Australian, ikasleen %79k eskatu zuten kreditua unibertsitatean ikasteko 2013. urtean. Herbehereetan gazteek, batez beste, 16.000 euroko zorrarekin amaitzen dituzte ikasketak.

Globalizazioak eta digitalizazioak, gainera, finantza produktuak gero eta eskuragarriago egiten dituzte gazteentzat, eta gutxieneko jakintza bat beharko dute, egoera batzuetan gastu lehentasunak behar bezala neurtzeko, iruzur modu berrien inguruan erne egoteko eta egia izateko onegiak diren eskaintzak identifikatzeko.

Neurketaren arabera, herrialde horietan, batez beste, 15 urteko gazteen %22 ez dira gai faktura batean agertzen diren kontzeptu soilak ulertzeko, eta ez daukate kreditu txartel baten nondik norakoen berri. «Onenean, ikasle hauek gai dira beharren eta nahien arteko desberdintasuna ulertzeko, eguneroko gastuei buruzko erabaki sinpleak hartzeko eta fakturen moduko finantza agiri arrunten helburua ulertzeko», esan dute azterketaren egileek. Hortik aurrera, ez dira gai hainbat paper eta kontzeptu behar bezala ulertzeko.

Maila horretan daude, adibidez, Brasilgo 15 urteko gazteen erdiak baino gehiago eta Perukoen ia erdiak ere. Azterketa hori gainditzen duten gazteen proportzio handienak Txinak eta Errusiak dituzte. Baina hor, PISA txosteneko beste azterketa guztiekin gertatzen den moduan, kontuan izan behar da Txinako eskualde jakin batzuetan soilik egiten direla galdeketak, garatuenetan hain zuzen.

%12 soilik goiko mailan

OCDEko hamabost herrialde horietan, batez beste, 15 urteko gazteen %12k soilik dituzte azterketako 5. mailako gaitasunak. Hots, gai dira eguneroko bizitzan horren arruntak ez diren diru arazoei irtenbidea topatzeko edota produktu finantzario konplexuak ulertzeko. Maila horretara Txinan, Belgikan eta Kanadan iritsi da gazte gehien, eta gutxien, Brasilen eta Perun.

Egia da eguneroko finantzei buruzko jakintza mailan zerikusi handia dutela gaztearen matematika eta irakurketa gaitasunek; horrek esplikatzen du, txostenaren egileen arabera, ikasleen emaitzaren %62. Baina gaitasun horretarako beharrezko jakintzaren gainerako %38 ez da lortzen matematika eta irakurketa maila onarekin bakarrik.

Nola lortzen da orduan? Gazteen familiek, nola ez, eragin zuzena dute. Gazteak kontu korrontea izatea edota paga jasotzea lagungarri zaie, eta diru kontuez gurasoekin hitz egiten duten gazteen jakintza handiagoa izaten dela ere erakusten du PISAk.

Dena den, maila sozioekonomiko altuagoko ikasleek trebezia handiagoa erakutsi dute azterketa honetan, klase sozial baxuagokoek baino. Ezer egin gabe, pentsatzekoa da diferentzia hori areagotu besterik ez dela egingo gazte horiek heldutzen direnean.

Horregatik da garrantzitsua, besteak beste, eskolan eta eskolaz kanpo gazteei eguneroko finantzei lotutako heziketa ematea. Herrialde batzuetan jada horretan hasiak direla dio OCDEk, eta esperientziak positiboak direla, baita, maiz, halakoak lehiaketa, joko eta antzekoen bidez egiten direla ere.

Hain zuzen, Kutxabanken Finantzak bizitzeko programa joko bat da, simulazio joko bat. «Ikasleek eurek esaten dute jokoaren bidez hobeto dela», dio Lourdes Antoñanak. Bi mailako programak dituzte, oinarrizkoa eta aurreratua. Ikastetxera bi bisita egiten dituzte: lehena, jokoa abian jartzeko, eta bigarrena, jokoa bukatu eta zalantzak argitzeko. Oinarrizko mailan binaka jokatzen dute gazteek, eta gela osoak pertsonaia bera du, nerabe bat, bere ohiko diru sarrera eta gastuekin. Gazteek pertsonaiari ilusio bat eman eta jokoa hasten dute balizko hilabeteetan agertzen diren sarrera eta gastuekin —txartelen bidez agertzen dira—, eta jarraipen orriak betetzen dituzte. Hor, adibidez, pertsonaiak isuna jaso dezake, motoan kaskoa ez erabiltzeagatik. Eta, kontu korrontean daukan dirua horretarako erabili dezaketela pentsatzean, lezioa dator: adingabea izanda, guraso edota tutoreen baimena behar du pertsonaiak diru hori bankutik ateratzeko. «Ikasle askok izaten dituzte kontu korronteak, eta baimena behar zutenik ez zekiten». Maila aurreratuan, pertsonaia gehiago agertzen dira, ikaslea, enpresari txikia, ezgaitua, luzerako langabea, merkataria... Eta hor jada agertzen dira BEZa, hipotekak, beste zergak...

«Kontzeptu horiek ulertzea da asmoa. Batzuek entzunak dituzte etxean, baina jakintza maila oso desberdina izaten da gela berean bertan ere», azaldu du Antoñanak. «Aurreztu egin behar dela badakite, oro har. Pertsonaiak ilusio hori betetzeko aurreztu egin behar duela. Gero, maileguak eta hipotekak entzunak dituzte; eta zergekin... Adibidez, herentzia bat ona dela ondorioztatzen dute, edota etxebizitza saltzea, baina ez dakite horrelakoetan, besteak beste, zergak ordaindu behar izaten direla».

Kutxabankeko programaren koordinatzailearen arabera, interesen gaiak jakin-min berezia eragiten die gazteei. «Atentzioa ematen die, eta hori galdetzen diote Kutxabankeko bulegoko pertsonari». Izan ere, programaren lehen saioan ez bezala, bigarren eta azken saio horretan, dinamizatzaileez gain, tokiko Kutxabanken bulego bateko langile bat joaten da ikastetxera. Horrek hainbat kritika eragin ditu, esaterako, sindikatuen artean. EH Bildu ere kontra agertu zen Eusko Legebiltzarrean.

«Ez dute ezer saltzen, ez dituzte euren produktuak aipatzen, soilik sortzen diren galderei erantzuna emateko joaten dira», azaldu du Antoñanak. «Zer gertatzen da? Adin horrekin ikasleak ez dira bulego batera joaten, edo oso gutxitan, eta beti nagusi batekin. Eta, horrela, bulego horietako pertsonak, berdin zait zein bankutakoak, hurbilago ikusten dituzte».

BERRIAn argitaratua (2017/06/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA