astekaria 2017/06/09
arrowItzuli

iritzia

Behingoagatik

Andoni Egaña

Behingoagatik Andoni Egaña

Igande iluntzeak argitu zigun estresa zer zen. Mendebaldetik heldu zitzaigun hitza duela hamarraldi batzuk eta, egun hitzetik hortzera badarabilgu ere, hasiera hartan zer esan nahi zuen ulertu nahian ibili ginen. Gurean igande iluntzeak izan zuen aldaerak balio izan zigun zerbait konprenitzen hasteko. Urte batetik bestera jo zuen jendeak igande iluntzea azken jai egunaren azken ordu gisan zukutzetik erretiro neurtuko arlotzat hartzera. Biharamunean lanera joan behar zuenak azken atseden ordu horiek lanera joateko prestatzeko erabiltzen hasi zen. Igande iluntzean plaza, kale eta tabernak bete samarrik ikustetik gorri ikustera ohitu ginen. Ekialdera egin genuen hustualdi bat-batekoa azaldu ahal izateko eta europartzen ari ginela erabaki genuen. Inor gutxi zebilen lehenengotariko igande iluntze haietako batean eman zuen adiskide batek epaia: «Hauxe dek ditxosozko estresa: biharkoaz gehiago kezkatzea gaurkoaz baino».

Iruditzen zait asmatu duela sistemak edo dena delakoak gu nola estutu. Edo akaso geu izan gara geure buruari honelako sistema bat «oparitu» diogunak. Gehienek nork bere herrian lan egiten zutenean, gehienek lanpostu berean urteak eta urteak ematen zituztenean... igande iluntzeak jai ziren artean. Mugikortasun erabatekoak eta behin-behinekotasun mingarriak izorratu gaitu gehien. Mugitzeko gaitasuna badagoenez mugitu egiten gara; mugiarazteko gaitasuna dutenez nahieran mugituko zaituzte.

Osakidetzari buruzko datu batzuk egin zaizkit deigarri bihar Bilbon egingo duten manifestazioaren atarian. Langileen %43 omen da behin-behinekoa. Ia erdia. Eta guztiok dakigu behin-behinetakotasunak zer dakarren: estresa. Baina hori bezain txarra da edozein pertsonak duen pertenentzia sentimenduak dakartzan onuren murrizketa. Lantalde batean partaide sentitzen zaren unetik egokiago burutuko duzu zure lana. Gaur hona, bihar hara, etzi auskalo eta etzidamu langabeziara doanak hezurretarainoko izua sentituko du batetik, eta bestetik nor ez den usteak kolpaturik, lur joko du —bejondeiela hala ez egiteko barne-indarra dutenei— eta nekez emango du bere onenetik.

Enpresa pribatuen joera behin-behinekotasuna bultzatzea dela badakigu. Topatuko dizkiote legeari zirrikituak, egun ez baita zaila arrakala handiak dituenari pitzatuak aurkitzea: ez dute inor fijo hartzeko arriskurik jokatuko; kontratazio berri bakoitzak ekarriko dizkie diru-onuraren batzuk; gastuak mehetuko dituzte inori antzinakotasunik ordaindu behar ez badiote... Eta beste mila xehetasun izango dira burua ahalik eta diru-bilketarik handiena egitera baino jarria ez daukatenek ongi asko menperatuko dituztenak. Baina nork eta osasunaz arduratzen den enpresa publikoak enpresa pribatuek baino behin-behinetakotasun kopuru handiagoak onartzea ez da zilegi. Ezta osasunaren ikuspegitik ere! Harat-hona eta epe labur-laburreko kontratuarekin dabilenak hartzen ditu antsiolitiko gehien. Goizero telefono dei baten zain dagoenak nekez biltzen du loa eta ukenduren bat behar du bere ezinegonak. Esaneko bihurtuko da derrigor, baina edozein enpresak jakin behar luke izanekoz osatutako lan-taldeek emaitza hobeak ematen dituztela luzera.

Estatuko gainerako komunitateetakoa baino handiagoa omen da, halaber, Osakidetzaren behin-behinekotasun tasa. Errua betikoena dela pentsatzen dutenek oso erraza daukate arrazoia zuritzen. Esango dute erkidegoan inon baino handiagoa dela ordezkoen premia. Gizarte-onurek, bajek, 35 orduko lan-asteek eta euskara ikasteko liberazioek dakartela tartekako jendea hain modu neurriz kanpokoan kontratatu beharra.

Igande iluntzez jende gutxi ibiltzen da orain kaleetan. Azken teoria horren arabera, belarria jarri eta gehien-gehienak mediku, erizain eta gisa horretako langileak direla jabetuko zarete. Euskara ikasle, mintza-praktika egiten ari dira biharamunekoaz batere kezkatu gabe.

BERRIAn argitaratua (2017/06/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA