astekaria 2017/06/09
arrowItzuli

ekonomia

LAN HANDIA, ZOR HANDIAGOA

Lander Muñagorri Garmendia

LAN HANDIA, ZOR HANDIAGOA

Zerra hortz batekin konparatzen dute ontziolen sektorea hango langileek. Sektoreko gorabeherak betikoak eta ohikoak direla diote. «Ez ditugu bizikletak egiten, eta enkarguak lortzea oso zaila izaten da», dio Navaleko langile eta ordezkari sindikal batek. Enpresan bertan gorabehera ugari izan ditu berak. Gertuko garaietara joz, tax lease auziaren garaian ez zuten lanik eduki ontziolan, eta, oztopo hori gainditu ondoren, bi urteko epean bost ontzi egiteko enkargua hartu zuten Sestaoko lantokian (Bizkaia). Horietako bat entregatua dute jada.

Behetik gora egin zuen egoerak 2014. urtetik 2016. urtera bitartean. Baina berriz ere behera jotzeko arriskuan dago Naval, eta ez da lanik ez dagoelako: lau itsasontzi hainbat eraikitze fase desberdinetan dituzte. Baina, era berean, zorrak itota dago enpresa. Azken urteetan, 80 milioi euroren galerak izan ditu, eta horrek egoera bideraezina izatera eraman du. Kapitala handitzeko asmoa du zuzendaritzak, eta asteazkenean batzar orokorra dute akziodunek. «Egun hori erabakigarria izango da aurrera jarraitzeko, baina egoera hori gaindituta, beldurra ematen digu etorriko denak». Zerraren beste hortz bat ezagutuko duten beldur dira.

Egoera bideratzeko aukera badagoela uste dute sindikatuen iturriek, baina horren ondoren dirua berriz ez galtzeko lan egin beharko dela uste dute. «Orain arte egin den kudeaketa ez da egokiena izan, egia esan». Bi urteko epean kontratuen poltsa goraino bete zuen Navalek, eta, egun, 2020. urtera arte lana bermatuta dauka. Baina poltsa beteta edukitzeak arazoak sortu dizkio ontziolari, lan karga horri aurre egiteko behar adina baliabide ez dituelako. «Langile gutxiegi zituen garai horretan lan karga horri eusteko». Enpresak 180 langile propio zituen orduan, eta egun 220ra igo du kopurua. Lan gehiena, ordea, azpikontraten bidez egiten da. Une honetan 1.500 pertsona daude azpikontratatuta lanean. Hala ere, langile horiekin guztiekin ere, ontziolak ez du lortuko ontzi horiek hitzartutako epearen barruan entregatzea. Eta epez kanpo entregatzen den ontzi bakoitzarengatik isuna dauka. Hein batean, hortik dator zorraren zati handi bat.

Kontratatu ziren ontzien aurrekontuak, gainera, oso justukoak zirela diote langile batzordeko iturriek. «Une horretan ontziola lanik gabe zegoen, eta armadoreak egoera horretaz aprobetxatu zirela esan daiteke». Izan ere, Navalek lan karga izateari eman zion garrantzia, horiek eraikitzeko ondoren behar baino baliabide gutxiago izanagatik ere. Kudeaketa txarra leporatu diote langileek zuzendaritzari, eta horren lekuko jarri dute akziodun batek beste bati jarri zion salaketa. «Kontraturen batekin dirua galtzeko aukera zegoen, baina, era berean, akziodunetako batek ontzi horren eraikuntzatik irabaziak izan zitzakeen, ontzi horren hornitzailea zelako era berean». Auzia epaitegietan dago, oraindik. Horregatik diote langileek egungo kudeaketa okerragotzea zaila izango litzatekeela.

Kudeaketa arazoez gain, asteazkeneko akziodunen batzarrean erabakiko da ontziolaren kapitala nola handitu. Akordeoi operazio bat izatea nahi du zuzendaritzak, hau da, bazkideek 2006ko pribatizazio garaian jarri zuten dirua galdutzat eman, eta berriz ere ekarpena egitea. Akziodun bakoitza berriz ere hutsetik hasiko litzateke, eta bakoitzak aurreikusten duen dirua jarriko luke, 40 milioi euro inguruko ekarpenera iritsi arte. Ontziolak aurrera jarraitu dezan, diru kopuru hori beharko zela aurreikusten du zuzendaritzak.

Gaur egun, akzioen %38,07 ditu Ingeteamek, beste horrenbeste Murueta ontziolak, %12,18 Iniciativas Navales del Nortek, %10,15 Naviera del Nervionek, eta %1,5 Lairak. Parte hartze hori galduta, Manuel del Dago enpresari asturiarrak —Naviera del Nervioneko akzioduna da— 30 milioi euroko ekarpena egin dezakeela diote sindikatuetako iturriek. Hala izango balitz, Navaleko akziodun nagusi bihurtuko litzateke. «Zalantzak ditugu harekin ere, ez dakigulako zein asmorekin datorren; enpresaren egoera bideratzera etorriko dela espero dugu, baina hori ikusi egin beharko da». Oraindik ez da halakorik gertatu, ordea, eta Del Dagok akzioen %90 erosiko baditu, hainbat baldintza jarri behar ditu mahai gainean.

Hiru hankako mahaia

Ontziola bera dagoeneko hasia dago lanean baldintza horiek bete daitezen. Bi negoziazio bide dauzka zabalik: batetik armadoreekin, ontzien entrega epea luzatu dezaten; bestalde, bankuekin, abian dauden proiektuak finantzatzen lagundu dezaten. Ontziolaren egoera berriz ere bideragarria izateko behar diren bi hankak lirateke horiek, kapital handitzearekin batera. «Hiruak lortu behar dira, bestela mahaia herren geratu, eta apurtu egin baitaiteke». Horren ostean bideragarritasun plan bat egin beharko litzatekeela adierazi dute sindikatuen iturriek, «baina aurreko hiru baldintza horiek bete ezean, ez dauka zentzurik».

Armadoreekin abiatutako negoziazioak lehen emaitza eman du, Van Oord armadore nederlandarrarekin akordioa lortu baitzuen ontziolak maiatzaren erdian. Bi dragaontzi egiteko enkargua egin zion ontziolari, eta, horiek urrian eta abenduan entregatzekoak baziren ere, urtarrilera eta ekainera arte luzatu dute epea. Adostasunik lortu ezean, hamahiru milioi euroko zigorra jasoko luke ontziolak.

Balearia eta Tideway armadoreekin ferry bat eta kablea botatzeko ontzi bat hitzartuta daukate, hurrenez hurren, eta horiekin antzeko akordio bat lortzea litzateke asmoa. Izan ere, ontzi horiek berandu amaituko balituzte, hamazazpi milioi euroko zigorra jasoko luke Navalek. «Negoziazioak gogorrak izaten ari dira, eta isun horiek hitzartutakoak dira, bai; baina akordio bat lortu ezean, ontziola hartzekodunen lehiaketan sartuko litzateke, eta armadoreek ez lukete euren ontzia bi urte baino lehen jasoko». Negoziazioak gogorrak izaten ari dira, Tideway belgikarrarekin batez ere. Hala ere, itxaropena daukate.

Beste negoziazio ildoari dagokionez, Bankia, CaixaBank eta Santander bankuekin hitz egiten ari da ontziola. Hasierako asmoa zen eurekin zeukaten zorra kitatzea —hamabost milioi euro inguru—, eta, horren truke, sozietatearen akzio batzuk eskaini. Aukera horrekin, bankuek ez lukete enpresaren kudeaketan eta erabakietan parte hartuko, administrazio kontseiluan ordezkariak eduki arren. Bankuek ateak itxi dizkiote aukera horri.

Egoera bideratzen hasteko, ordea, hamar milioi euroko kreditu bat eman diote ontziolari diru arazo larrienei aurre egiten hasteko. «Badirudi bide horretatik irits daitekeela oraintxe eraikitzen ari garen ontzien finantzaketa; baina, horretarako, konfiantza eman behar diegu, eta ontziak epe barruan amaituko ditugula bermatu», diote langileen ordezkariek. Kasu honetan, ordea, banku bakoitza irizpide ezberdinekin ari da jokatzen, eta horietako batekin negoziazioak ere zailtzen ari dira. Edonola ere, asteazkeneko akziodunen batzarrera iritsi aurretik, badirudi hiru hankak ezartzen ari direla. Bakoitzak garaiera ezberdina izan dezake, baina apurka egokituz joatea litzateke kontua.

Jaurlaritzaren erantzuna

Euskal Herriko ontziolarik handiena soka fin baten gainean aurrera egiten jarraitzeko lanean ari den bitartean, Eusko Jaurlaritzak Naval «lagunduko» duela esan du. Hala ere, hori gerta dadin, «akziodunek dagokien ardura euren gain» har dezatela eskatu zuen Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, maiatzean. Navaleko langileak maiatzaren 26an batzartu ziren Jaurlaritzarekin, eta ez ziren gustura geratu. Izan ere, ontziolaren plan guztiak gaizki aterako balira gobernuak zer jarrera hartuko lukeen galdetu zieten langileek, eta «animoak ematea» beste aukerarik ez luketela izango erantzun zien Jaurlaritzak, ezingo zutela ezer egin. «Hori ezin da izan gobernu batek eman dezakeen erantzuna».

Ontziolaren egungo egoera delikatua da, eta gerta daitekeenaren esperoan daude hango 200 beharginak. Baina baita 1.500 langile azpikontratatuak ere. Asier Goitia Pine enpresako langilea da, eta LABek enpresan duen ordezkaria. Navalek enpresari lan asko ematen diola azaldu du, eta, orain, atzeratutako lanekin laguntzeko euren enpresako 70 langile daude ontziolan. «Navalen langile asko daude, baina ontziolaren inguruan ehun industrial oso bat garatu da, era berean». Horregatik, enpresaren iraupena eskualdearen garapenean ezinbestekoa dela dio, nahiz eta badakien azpikontratetako baldintzak ez direla egokiak. «Guk lan baldintza onak dauzkagu, baina Navalen piratak diren azpikontrata asko daude». Arazo hori ere konpondu beharrekoa dela dio, baina oraintxe bertan ez da halakorik azaldu ere egiten ontziolako zuzendaritzaren buruan.

BERRIAn argitaratua (2017/06/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA