astekaria 2017/06/09
arrowItzuli

mundua

SEI EGUNEK BALDINTZATUTAKO 50 URTE

Mikel Rodriguez

SEI EGUNEK BALDINTZATUTAKO 50 URTE

Bihar beteko dira 50 urte Israelgo 200 gerra hegazkinek ezustean eraso ziotenetik Egiptori. Ordu gutxiren buruan, Egiptoko armada aireko indarrik gabe gelditu zen, eta, hurrengo sei egunetan, Israelek hiru armada arabiar garaitu zituen, eta 1949an ezarritako statu quo-a aldatu zuen: Palestina historiko guztia okupatu zuen, bai eta Egiptoko Sinai penintsula eta Siriako Golango gainak ere. «Gure aberriaren zatiak itzuli zizkigun, eta erabat aldatu zuen gure egoera estrategikoa», adierazi zuen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak duela bi aste, 50. urteurreneko ospakizunen finantzaketa erabakitzeko gobernuak egin zuen bileran. Palestinarrek, ordea, bertzelako oroitzapen bat dute, gerra haren ondorioak gaur egungo errealitatea baitira. «Kolonizazio proiektua berehala hasi zen, palestinarrak Zisjordaniaren ekialdetik eta mendebaldetik harrapatuta uzteko», azaldu dio BERRIAri Jamal Juma Apartheidaren Harresiaren Aurkako Kanpainako eta Lurra Defendatzeko Koalizioko koordinatzaileak.

Maiz esan izan da akademia militar guztietan irakasten dela Israelek gatazka hartan jarraitu zuen estrategia. «Hitz egin liteke Israelek erakutsi zuen abilezia militarraz eta halakoez. Inork ez du ukatzen Israel gaitasun gehien duten munduko armaden artean dagoela, inork ez ditu ukatzen haren gaitasun teknologikoa eta ekonomikoa, apartheid-aren Hegoafrikaren gaitasunak ukatzen ez ziren bezala. Baina arrakasta horrek moralki justifikatzen al du okupazio bat, ideologia kolonial bat, supremazismo arrazista, zapalkuntza egoera bat eta desjabetzea?», galdetu du Jose Abu-Tarbush ikerlariak. Nazioarteko harremanen soziologiako irakaslea da Kanaria uharteetako La Laguna unibertsitatean, eta mundu arabiarra eta islamiarra ditu ikergai nagusi; bereziki, israeldarren eta palestinarren arteko gatazkari buruz idatzi izan du.

Abu-Tarbushek egunkari honi azaldu dionez, Israelen nagusi den bertsioaren arabera Sei Eguneko Gerran Tel Avivek jarrera «defentsiboa» izan zuen Egiptoko, Jordaniako eta Siriako armaden aurka; hau da, 1948ko aurrekariari jarraikiz, herrialde arabiar horiek berriz eraso zioten Israeli, estatu sionista suntsitzeko helburuarekin. «Baina, errate baterako, Ilan Pappe historialari israeldarrak berriki artikulu batean zalantzan paratu du defentsaren argudioa, eta 1956ko Suezko aurrekaria ere ez da ahantzi behar». 1956an, Egiptoko Gobernuak Suezko kanala nazionalizatu zuen, eta Erresuma Batuak eta Frantziak eraso zioten nazionalizazio hori eragozteko. Israel ere elkartu zitzaien, eta hilabete batzuetan Gaza eta Sinai okupatu zituen. «Gerra kolonial argi bat izan zen, eta Sobietar Batasunak eta Estatu Batuek gibelera egitera behartu zituzten».

Abu-Tarbushen ustez, israeldar anitzentzat 1948koaren «atal bat gehiago» izan zen 1967ko gerra. «Palestinako garbiketa etnikoa burutuko zuten horrela, eta praktikan britainiarren garaiko Palestinako Agintaritzaren lurralde osoa hartuko zuten kontrolpean. Izan ere, ondorengo gertakariak objektiboak dira: Israel lurralde horiez jabetu zen, ez zituen bueltatu, eta ez du horretarako asmorik». Juma ekintzaile palestinarrak ere 1948ko data ekarri du gogora: «Israelgo Estatua ezarri zenetik, Palestinako herritar gehienak, sei milioi inguru, haien etxeetatik eta lurretatik bidali dituzte».

Abu-Tarbushek azaldu du gerraren ondorengo lehenbiziko hamarkadan, laboristen agintepean, Israelek «anbiguotasunez» jokatu zuela lurralde okupatuak «trukerako txanpon gisa» erabilita. «Bakea lurraldeen truke» formula gorpuztu zen horrela; hau da, arabiarrei 1967an okupatutako lurrak bueltatzea haiek Israelgo Estatua 1949ko armistizioko mugekin onartzearen truke. Formula hori, ordea, behin bakarrik gauzatu zen: Egiptorekin, Sinai bueltatuta (1979).

Izan ere, Jerusalem ekialdearekin, Zisjordaniarekin eta Gazarekin bertzelako jarrera bat hartu zuen Israelek —baita Golango gainekin ere—. «Laboristek kolonizazio politika bat hasi zuten, eta 1977an, Likuden eskuin muturreko gobernuak, Menachem Begin lehen ministro zela, kolonizazio hori guztiz hauspotu zuen». Likudek gobernua hartu ondoren Israelek terminologia ere aldatu zuela kontatu du Abu-Tarbu-shek. «Lurralde okupatuez, lurralde palestinarrez edo jabetza zehaztua ez duten lurraldeez mintzatzeari utzi zioten. Begin hizkera aldatzen hasi zen, errealitatea aldatzeko, eta 'lurralde askatuak' aipatzen hasi zen, 'Judea eta Samaria'». Israelek Zisjordania izendatzeko erabiltzen du Judea eta Samaria. Antzinaroan lurralde horretan kokatu ziren bi erresumaren izenak dira, eta, sionisten arabera, Israelek lotura historiko zuzena du haiekin; hortaz, baita lur horiek bereganatzeko eskubidea ere.

Jumak azaldu duenez, 50 urteotako kolonizazio prozesuak bortz fase nagusi eduki ditu. Lehenbizikoa «su-etena sinatu eta berehala» hasi zen, 1967ko ekainean bertan. «Israelgo bulldozerrak Emwas, Yalo eta Beit Noba mugako herrixkak suntsitzen hasi ziren, 58 kilometroko eremu bat bereganatzeko. Aldi berean, Jerusalemgo alde zaharrean bi auzo historiko suntsitu zituzten, gaur egun Auzo judua erraten diotena eraikitzeko». Kolonizazioa «batik bat» base militarren eraikuntzan oinarritu zen, «Jordan haranean eta Jerusalemen presentzia bermatzeko».

Lerro Berdea desegiten

Bigarren fasea 1973an hasi zuen Israelek. «Lerro Berdea [1949ko armistizioko mugak] desitxuratzea eta, geroago, deuseztatzea zuen helburu, mugaren inguruan koloniak eta gune militarrak sortuta, eta baliabide naturalen kontrola bermatuta. Fase honetan hasi ziren baseak hiri-kolonia bihurtzen». 1987an, Intifada piztu zen Gazan eta Zisjordanian, kolonizazioaren aurkako matxinada. Israelen erantzuna prozesua areagotzea izan zen. «Koloniak eta haien segurtasun eremuak handitzeaz gain, kolonoek bakarrik erabiltzeko errepideak egin zituzten. Gainera, aro horretan sortu zuten kontrol militar finkoen sistema, Zisjordania lur eremu inguratuen artean banatzeko».

Laugarren fasean, aldaketa erabakigarria egin zuen Israelek. Martxan paratu zuen Osloko Akordioak negoziatu, sinatu eta betetzen hasi ziren aroan (1992-1996); Jumaren arabera, «etorkizuneko negoziazioetan bermatzeko palestinarren eta kolono israeldarren artean korapilo askaezin bat sortuko zela, eta bereziki palestinarrek Jerusalem ekialdea hiriburutzat aldarrikatzea trabatzeko». Izan ere, aro horretan Europa ekialdeko juduen migrazio handia gertatu zen Israelerantz, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna eta Europako bloke sozialista desegin ondoren. Etorkin horiek erakarrita Tel Avivek koloniak handitu zituen. Horrez gain, Osloko Akordioetan Zisjordania A, B eta C eremuetan banatzea erabaki zuten, administrazio mota ezberdinak ezartzeko. «Lehenbiziko aldiz, Israelen gurariei nazioarteko legitimazioa eman zitzaien, C eremuko lurraren eta baliabideen kontrola utzita», nabarmendu du Jumak. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundeak ez zituen onartu 1967ko okupazioak, eta, gaur egun ere, nazioartean nagusi den jarrera ofiziala hori da, Israelen aliatu nagusi AEBena barne.

Bortzgarren eta, orain arte, azken fasea Bigarren Intifadan hasi zuen Israelek, 2000. urtean. Lehendik hartutako neurriak handitzeaz gain, hiru ezaugarri nagusi izan ditu: Gazako kolonien desegitea eta erretiratzea (2005), Banaketa Harresia eraikitzea Zisjordanian —«palestinarrak itxita bizitzeko eremua fisikoki mugatzen du zortzi metro garai diren zementu blokeekin», azaldu du Jumak—, eta Zisjordaniako C eremua Israeli batzeko «azpiegitura administratiboa sortzea».

'Bantustanizazioa'

Jumak salatu du Israelek 50 urteotan aplikatu duen kolonizazio politikaren helburua Palestinaren «bantustanizazioa» dela. Bantustan-ak Hegoafrikako apartheid-eko erregimen arrazistak (1948-1994) sortutako lurraldeak ziren, etnia beltzak horietan itxita mantentzeko. «Ez da kasualitatea Israelgo politikariek anitzetan jendaurrean adierazi izana Hegoafrikako bantustanizazioarekiko mirespena, eta apartheid-aren bertze estatu hori bisitatu izana ikasteko», erran du Jumak. Izan ere, Hegoafrikako erregimena nazioartean bakartuta egon zen, baina Israelekin harreman ona mantendu zuen, gehienbat arlo militarrean eta ekonomikoan. Palestinaren bantustanizazioaren ideia «sinplea» da, Jumaren arabera: «1948-1949ko palestinarren kanporaketa masiboen antzekoak berriz egitea politikoki bideragarria ez zenez, biztanle palestinarrak bantustanetan bakartu behar zituzten, lur eremu ahalik eta txikienetan, mugak zehaztu gabe, burujabetzarik gabe, autodeterminaziorik gabe, eta bantustan horietatik kanpo bizi zirenak alde egitera behartuko zituzten Israelek kolonizatu eta lur horiek beretzat aldarrika zitzan».

Balfourko Adierazpenetik

1967ko gerrak aldaketa erabakigarria eragin zuen palestinarren erresistentzia mugimenduan ere. Abu-Tarbush ikerlariak azaldu du aldaketa hori ulertzeko hamarkada batzuk lehenagoko egoera nolakoa zen aztertu behar dela. Erresuma Batuak 1917an hartu zuen Palestinaren kontrola, Otomandar Inperioari I. Mundu Gerran kenduta. Juduek XIX. mende bukaeran hasi zuten Palestinarako migrazioa, sionismoak bultzatuta —juduen estatu-nazio bat sortzeko ideiak—. Azaroan beteko dira ehun urte Arthur James Balfour Erresuma Batuko Atzerri idazkariak eskutitz batean adierazi zuenetik Londresek oniritzia emanen ziola Palestinan «herri juduaren aberri nazionala» ezartzeari. Balfour Adierazpena erraten zaio agiri horri, eta, hortik aitzinera, Erresuma Batuaren administraziopean erabat handitu zen juduen migrazioa. Erresuma Batuak I. Mundu Gerran hitzeman zien arabiarrei otomandarren aurka laguntza ematearen truke Ekialde Hurbilean estatu arabiar handi eta bateratu bat ezartzen lagunduko ziela; gerra bukatzean, ordea, Frantziarekin banatu zuen Ekialde Hurbila, eta Palestinan juduen estatu egitura bat ezartzea babestu zuen.

«Palestinarrek 1936-1939 artean greba eta desobedientzia zibil mugimendu bat paratu zuten martxan britainiarren Palestinako Agintaritzaren aurka, ez zituelako betetzen palestinarren behar nazionalak. Palestinarrak beldur ziren haien lurraldean atzerritar bihurtuko zituztela. Kontuan hartu 1930eko hamarkadaz ari garela; mundu osoan lehenbizikoetariko borroka antikoloniala da palestinarrena», kontatu du Abu-Tarbushek. Jumak ere garai hartako erresistentziaren garrantzia nabarmendu du. «Garbi utzi nahi dut gauza bat: palestinarrok ez dugu behar Mendebaldeak irakastea guri bortizkeriarik gabeko borroka moldeen ideia zibilizatua. Faxismoa Europa birrintzen ari zen bitartean, Hitler II. Mundu Gerra prestatzen ari zenean eta brigada internazionalistak Francoren aurka borrokan ari zirenean, palestinarrek historiako greba orokor luzeena egin zuten britainiarren eta sionisten kolonizazioari aurre egiteko».

1948tik PAEra

Borroka haren ondorioak, ordea, gogorrak izan ziren palestinarrentzat. «Militar britainiarrek zanpatu egin zuten, eta matxinatu zirenek espetxean, erbestean edo lurpean bukatu zuten», kontatu du Abu-Tarbushek. «Horrek desegin zuen gerren arteko orduko mugimendu nazional palestinarra. Hortaz, agintaritza britainiarrak Palestinako auzia Nazio Batuetara eraman zuenean, palestinarrek ez zuten zuzendaritza politikorik. Horregatik, herrialde arabiarren menera zeuden».

Azaroaren 29an 70 urte beteko dira NBEk onartu zuenetik Palestinako Agintaritzan bi estatu sortzea: bata, judua, azaleraren %56 hartuta; bertzea, arabiarra, %44an. Kontuan hartu beharreko ezaugarri bat nabarmendu dio BERRIAri Amira Hass kazetari israeldarrak: «Herri juduak Europan jasandako genozidiotik eratorritako estatua da Israel, eta NBEren ebazpenari zor dio existentzia. Hasierako gobernuek ulertu zuten Israelen legitimazioa ez datorrela bakarrik Ekialde Hurbilaren banaketa inperialistatik, baita II. Mundu Gerraren ondoren NBEn ezarri ziren kontzeptu unibertsalistetatik ere». Herrialde arabiarrek ez zuten juduen estatua onartu, eta 1948an, David Ben Gurion Israelen Aldeko Agentzia Juduko buruzagiak Israelgo Estatua aldarrikatu eta ordu gutxira, Egiptoko, Siriako, Transjordaniako (gaur egungo Jordania) eta Irakeko armadek eraso zioten. 1949ko armistizioak Israelen mugak ezarri zituen: Palestinako Agintaritza ohiaren %78. Zisjordania eta Jerusalem ekialdea Jordaniak bereganatu zituen, eta Gazaren administrazioa Egiptok hartu zuen bere gain. Statu quo hori 1967ra arte mantendu zen.

«Aro horretan palestinarrek espero zuten nazioarteak haien arazoak konponduko zituela, eta agintari arabiarrek Israeli aurre eginen ziotela. Izan ere, garai horretan agintari arabiarrek auzi palestinarra zuzendu nahi zuten; batzuek, politikan halakorik existitzen bada, asmo onekin Nasserrek bezala [Egiptoko presidentea]; bertze batzuek, asmo anexionista argiekin, Jordaniak bezala», azaldu du Abu-Tarbushek. 1967ko gerrak egoera irauli zuen. «Israelek argi irabazi zuen, eta armada arabiarrek gibelera egin zuten. Panarabismoaren bukaera izan zen, eta palestinarrak bakarrik gelditu ziren».

Horren ondorioz, hiru urte lehenago sortutako erakunde batek, PAE Palestina Askatzeko Erakundeak, palestinarren erresistentziaren gidaritza hartu zuen, Al-Fatah alderdiak bultzatuta. «Burokratikoa zen egitura bati eduki politikoa eman zioten, eta 1974an herrialde arabiarrek eta Nazio Batuen Batzar Orokorrak Palestinako herriaren ordezkari legitimo bakartzat onartu zuten». Abu-Tarbushek azaldu du PAEk «gehienekoen eta gutxienekoen» programa bana egin zuela. Gehienekoen programa zen «Palestina guztia askatzea, estatu laiko eta demokratiko bat ezartzea, herritarrak jatorri etnikoarengatik diskriminatu gabe».

«Gutxienekoen programa»

1970eko hamarkadan, ordea, «errealitate gordina» nagusitu zen. «Israel ekintza bururatu bat zen, eta PAEk biraketa estrategiko bat egin zuen. Israelgo Estatuaren aurkako borrokari eutsi zion, baina 1967ko okupazioaren aurka borrokatzen hasi zen. Hau da, gero eta gehiago zentratu zen 1967an okupatutako lurraldeak askatzean. Hortaz, gutxieneko programa bat onartu zuen: estatu palestinar bat ezartzea Zisjordanian eta Gazan, hiriburua Jerusalem ekialdean ezarrita, eta Israelek errefuxiatuen itzulera onartzea. Hori gaurdaino mantendu da horrela, eta, 50 urte geroago, Hamas ere batu zaio, de iure Israel onartu gabe, baina bai de facto».

Hain zuzen, 1967ra arte herrialde arabiarren erasoren batek desegiteko beldurra zuen Israelek, baina ordutik estatu sendo gisa finkatu da nazioartean. «50 urteotan Israelgo gizarteak eta sistema politikoak apartheid-eko errealitate bat garatu du», azaldu du Hassek. «Itsasotik Jordan ibairaino bi herri bizi dira, eta gobernu bakarrak erabakitzen du bi herrien oraina eta etorkizuna. Bi lege sistema daude: militarra palestinarrentzat eta zibila juduentzat. Eskubideetan, azpiegituretan eta mugimendu askatasunean hierarkia bat dago». Israelgo Estatuarekin eta gizartearekin hagitz kritikoa da Hass. 1993 eta 2003 artean lurralde okupatuetan bizi zen berriemaile israeldar bakarra izan zen —Gazan lehenik, eta 1997tik Zisjordanian—. Gaur egun, Haaretz egunkarian zutabeak idazten ditu. Kontatu du okupazioaren gatazka gai nagusia dela Israelgo barne politikan. «Egoera honetan jaio diren belaunaldi gazteek ez dakite gaizki dagoela. Hori da ezagutu dutena, eta normala da haientzat. Bereziki, Osloko Akordioen ondotik, modu nahasgarrian agerrarazi nahi izan baitzuten okupazioa bukatuko zutela. Palestinako agintea [PAN Palestinako Aginte Nazionala, 1994an sortua] estatuarekin eta burujabetzarekin nahasten dute, baina okupazioaren azpikontrata bat bihurtu da».

Kolonizazioa eta armada

Hassen arabera, «uste orokorra» da PAN «Israelen pare» dagoela, ez haren azpitik. «Horrek israeldarrak askatu egin ditu beren burua okupatzaile gisa ikusi behar izateko zamatik. Horren ordez, terrorearen biktimatzat ikusten dute beren burua, ez bortz hamarkadatan eskubiderik gabeko herri bat dominatu duen super potentzia militar baten gisan».

Kolonizazioa eta armada estatuaren bi zutabe garrantzitsu dira. Hassek dioenez, koloniak «ongizate estatu herdoilduaren ordezkapen» bihurtu ditu estatuak. «Israelen dituzten soldatek bermatu ezin dituzten onurak, estatusa eta erosotasunak eskaintzen dizkie herritarrei, eta kolonien aldeko alderdiek, nagusiki erlijiosoek, justifikazio ideologikoa ematen diote pribilegioen eta diskriminazioen sistema horri: jainkoaren promesak, Biblia, aukeratutako herria...». Israeldarren %10 baino gutxiago bizi dira kolonietan, eta Hassek uste du horrek erakusten duela herritarren artean «arrakasta mugatua» duela kolonizazio politikak. Hala ere, ohartarazi du «Israelgo gizarte juduak» bat egin duela kolonialismoaren bi jarrerarekin: «Nagusitasuna sentitzearen ideologiarekin eta kontzientzia karguaren galerarekin».

Armadari dagokionez, «kasta militarrak» garrantzi handia du. «Babesle gisa ikusten da, eta Israelentzat ona zer den erraten duen aditu objektibo bat bezala». Gutxiengo arabiarrak eta bertzelako kasu berezietan izan ezik, 18 urte baino gehiagoko israeldar guztiek bete behar dute soldaduska, gizon eta emakume. Anitzek lurralde okupatuetan betetzen dute soldaduska, eta bertze anitz erreserbako unitateetan sartzen dituzte zerbitzua bukatutakoan. «Karrera militarrak karrera zibilerako bidea errazten du, bai negozioetan, bai politikan. Segurtasun egoeraren betikotzeak armada bihurtzen du osagai sozial garrantzitsuena, eta, hortaz, anitzentzat gizartean mailak igotzeko tresna bat da. Gazteek ezin dute beren burua irudikatu armadatik kanpo, oinarrizko hezkuntza eta unibertsitatea bezain normala da». Iraganean Europan jasandako sarraskien ondotik, armada harrotasunerako motibotzat ikusten dute Israelgo judu anitzek, «iraganeko jazarpenei emandako erantzun gisa». Aktibo ekonomiko eta diplomatiko bat ere ematen dio Israeli, lurralde okupatuetako «laborategian» trebatutako taktikak, materiala eta esperientzia saltzen baitie estatuei, eta industria pribatu oso bat eraiki du horren inguruan.

Jumak ere ohartarazi du hortaz: «Europako Batasunak, gaur egun, hainbat milioi dolarrekin finantzatzen du Israelek zuzendutako proiektu bat 'galdeketa tekniketarako'. Israelgo Poliziak eta unibertsitateak Guardia Zibilarekin eta Belgikako eta Errumaniako poliziekin lan egiten du. Adibide horrek argi erakusten du Europako herrialdeek etekina ateratzen dietela Israelek egindako giza eskubideen urraketei. Lehendik ez bazeuden behar adina kezka Guardia Zibilak giza eskubideekin daukan errespetuari buruz, Israelen laguntzak ez die egoera hobetuko Espainiako Estatuan errepresioa jasateko arriskua dutenei».

Konponbide argirik gabe

Israel barneko egoerarekin ezkorra da Hass. «Oposizioko alderdi bakarra Zerrenda Bateratua da [hirugarren indarra], juduek eta arabiarrek osatu eta sionista ez den fronte bakarra, baina, zoritxarrez, txikiegia da». Sionista ez den edo sionismoaren aurka dagoen ezkerra «hagitz ahul» ikusten du. «Gobernuz kanpoko erakunde eta talde anitz dago, baina duten oihartzuna neurriz kanpokoa da egiatan duten tamainarekin konparatuta».

Sei Eguneko Gerratik 50 urtera, beraz, konponbide argirik ez da ageri. «Kontua honela dago: Israelek ez du bi estatuen konponbidea nahi, nahiz eta nazioartean erabateko babesa duen konponbidea izan», azaldu du Abu-Tarbush ikerlariak. «Ze alternatiba du Israelek? Badirudi gaur egungo statu quo-a eperik gabe luzatzea dela haren alternatiba, baina horrek apartheid-eko estatu bat bihurtzen du. Orduan, bi naziok osatutako estatu bakar bat litzateke ezinbertzeko irtenbidea, eta hori John Kerry AEBetako Estatu idazkari ohiak ere ondorioztatu zuen. Bertze aukera bat? Bi estatuk lurralde bera konpartitzea, Europako zirkulazio askeko ereduan oinarrituta. Odolezko putzu bat eta sufrimendu handia dago tartean, baina jendeari eskubide zibilak aitortzen bazaizkio, epe luzera konfiantzarako mekanismoak sortuko ditu».

BERRIAn argitaratua (2017/06/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA