astekaria 2017/06/02
arrowItzuli

iritzia

Zenbatekin bizi

Onintza Enbeita

Zenbatekin bizi Onintza Enbeita

Politikaren lehen lerroan, edo komunikabideek horrela deitzen dioten lekuan, eman nituen lau urte. Inor ez nuen ikusi lapurretan, baina beharrezkoak ez diren gastu handiak antzeman nituen. Niri, Espainiako Kongresuko diputatua izatearren, ia bost mila euro sartzen zizkidaten nire kontu korrontean hilero. Hortik erdia baino gehiago, bai, erdia baino gehiago, alderdiari ematen nizkion. Ez nuen egundo kotxe ofizialik erabili, eta nire lana egiteko joan beharreko leku guztietara garaiz heldu nintzen (gutxi gorabehera). Baina hori ez omen zen normala. Lau urtean ezagutu nituen politikaririk gehienek ordainsari osoa eurentzat hartzen zuten, eta kotxe ofiziala, txoferra zein dena delako pribilegio guztiak erabiltzen zituzten: lehen klasean bidaiatzea barne. Eta kontatu zidaten autonomia erkidegoetako parlamentuetan ere, antzeko pribilegioak zeudela, eta Europako Parlamentuan oraindik eta gehiago. Hasieran eskandalua iruditu zitzaidan guztia, baina amaierarako inbidia ere sentitu nuen. Nire buruan kalkuluak egin nituen: zer egingo nuke diru horrekin, zenbat denbora aurreztuko nuke auto ofiziala banu, zenbat erosoago joango nintzateke lehen klasean. Ez naiz halakoak pentsatzearren inkoherenteago sentitzen: katolikoak dira pentsatze hutsa zigortzat hartzen duten bakanak. Kontua da, orduan, Kongresuko tribunatik entzun nuela esaten bostehun eurorekin ondo bizi daitekeela. Orain, berriz, Eusko Jaurlaritzatik dator notizia: 650 euro nahikoa ditu norbanakoak bizitzeko. Pozten naiz, bada; izan ere, horrek esan nahi du egungo soldata lotsagarriekin hilabetea pasatzea posible dela. Eta, beraz, pentsatu nahi dut, legebiltzarreko eta Eusko Jaurlaritzako soldatak ere kopuru horretara murriztuko dituzuela laster baino lehen. Argia eta ura, jana eta edana, ordainduta, gelditzen zaizuenarekin garraio publikorako bonoa erosi ezazue: ea ikusten duzuen nola bizi diren 650 euro irabazten dituztenak.

BERRIAn argitaratua (2017/06/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA