astekaria 2017/06/02
arrowItzuli

iritzia

Errekaleor

Miren Amuriza

Errekaleor Miren Amuriza

Nire aitaren etxea defendituko dut, nire amarena ere bai; nire seme-alaben etxea defendituko dut, baita nire lagunena ere; nire lagunen etxea, kalea, auzoa defendituko dut. Otsoen kontra, txakurren kontra, lukurreriaren kontra; Gasteizko udalaren kontra, Jaurlaritzaren kontra, justiziaren kontra defenditu eginen dut nire lagunen auzoa. Galduko ditut erosotasunak, zerbitzuak, eskubideak; galduko ditut lan-orduak, klase-orduak, lo-orduak, baina nire lagunen auzoa defendituko dut.

Argindarra kenduko didate eta kandelekin, frontalekin, linternekin defendituko dut nire lagunen auzoa; eguzki plakak ipiniko ditut teilatuan; liburutegietan, tabernetan edo adiskideen sukaldeetan kargatuko ditut mugikorra eta portatila. Ur beroa moztuko didate eta hiriko kiroldegietara joango naiz dutxatzera; hozkailua amatatuko didate eta gatzetan gordeko dut haragia, ur-ontzietan freskatuko ditut jogurtak, egunean eguneko barazkiak jango ditut ortutik hara.

Telebistarik gabe, twitterrik gabe, facebookik gabe utziko naute eta ahoz aho kontatuko, amestuko, defendituko dut nire lagunen auzoa. Argindarra itzuliko didate eta berdin-berdin segituko dut ortua lantzen, kandelak pizten, eguzki plakak erabiltzen eta lo -orduak galtzen; nire lagunen auzoa defenditzen. Eta etxeak eraitsiko dituzte agian, baina nire lagunen auzo ereduak iraunen du zutik.

BERRIAn argitaratua (2017/06/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA