astekaria 2017/06/02
arrowItzuli

gizartea

«Txantrea nire etxea da; ez dut alde egin nahi»

Ion Orzaiz

«Txantrea nire etxea da; ez dut alde egin nahi»

Dena gertatzen da zerbaitengatik; seguru amesgaizto honek ere izanen duela arrazoiren bat». Irribarrez mintzo da Cheikh Dieng (Touba, Senegal, 1980). Optimista da berez —«halakoxea izan naiz beti»—, eta horregatik uste du bere kontrako kanporatze agindua ez dela beteko. Aurkituko dutela irtenbideren bat. Espainiako Poliziak ez duela Iruñetik aterarazi eta hegazkin batean Senegalera itzultzera behartuko. Paperak lortzeko auzibide malkartsua, ordea, ez du bakarrik urratuko. Orain arte bezala, sostengua eta laguntza ematen dion auzo oso bat du aldamenean; Txantreako seme kutun bihurtua baita Cheikhouna: Korrikako lekukoa eraman zuen auzoan, haren aldeko manifestazio eta elkarretaratze ugari egin dituzte, eta auzoko festetako txupinazoan ere aipamen berezia egin zioten. Hamaika urteko bidaiaren ostean, ez du inora joateko asmorik. Etxean da jada.

«Urteak daramatzat hemen, auzoko seme bat naiz, eta oso ongi nago. Ez dut alde egin nahi. Ezkaba plazan ibiltzen gara kuadrillan, eta sumatzen dut hemengo jendearen maitasuna», dio. Egia da. Nabari da txantrearrek ematen dioten hatsa. Plazako taberna batean sartu, eta bi lagun agurtu ditu Cheikhounak, grabagailuaren aitzinean eseri aurretik ere. «Famatua egin zara dagoeneko!», esan dio batek, besarkada estua emanez.

Umore onez erantzuten die Cheikhounak auzokide eta lagunen galderei, baina, noizbehinka, irribarre artean, kezka itzal batek ihes egiten dio. Ez da gutxiagorako. Haren kontrako kanporatze agindua berretsi zuen Nafarroako Administrazioarekiko Auzien epaitegiak maiatzaren 10ean, eta gero eta urrunago ikusten ditu azken hamarkadan etxe izan duen Iruñean geratzeko aukerak. Une batez, goibeldu zaio begirada Cheikhounari, eta hitza hartu du Fermin Vierge (Iruñea, 1980) kuadrillako lagunak: «Helegitea aurkeztu dugu, eta azken uneraino borrokatuko gara. Itxaropena ez dugu galdu».

Epaileak kanporatze agindua eman arren, badute maniobrarako tartea oraindik. «Kanporatze agindu bat ez da egun batetik bestera betetzen: hegazkin bat prestatu behar dute, egoera berean diren senegaldar guztiak elkartu... Denbora eskatzen du horrek», dio Viergek. Bitartean, lan bila dabil Cheikhouna, kontratu batek prozesu osoa geldiaraziko bailuke. «Hori da gure lehentasuna oraintxe: lana aurkitzea».

Cheikhounaren egoera bertsuan diren migratzaileentzat, sorgin gurpil bihurtzen da prozesu hori: lanik gabe, ez dago paperak lortzerik, eta, paperik gabe, enpresa gehienek ez dute lanik eskaintzen. «Urtebeteko kontratua behar du gutxienez, eta inguruko enpresa txikiek ezin diote halako kontratu bat ziurtatu. Nahi bai. Taberna eta saltoki askotan eskaini diote laguntza, baina ez da erraza urtebetez pertsona bat kontratatzeko gaitasuna duen enpresa bat aurkitzea, gero hori guztia administrazioaren aurrean frogatu beharko baitu», azaldu du txantrearrak. «Auzo osoa buru-belarri dabil egunotan, lan aukera guztiak aztertzen, eta jende dezente hurbildu zaigu galdezka, ea zer behar dugun, ea laguntzerik duten... Guk argi azaltzen diegu ez dela fabore edo karitate kontua. Lasai bizi ahal izateko, lan duin bat behar du Cheikhounak, beste edonork bezalaxe. Hori da lortu nahi duguna».

Urte eta erdiko amesgaiztoa

Duela bi urteko Eguberrien bezperan hasi zen Cheikhounaren kontrako prozesua: 2015eko abenduaren 22an. Kaleko saltzaile lanetan ari zen, Antsoain herrian. «Egun hartan, hotza egiten zuen, eta ez nuen etxetik ateratzeko gogorik. Duda-mudatan egon nintzen atera ala ez, baina, azkenean, motxila hartu, eta Antsoainera joan nintzen saltzera». 13:30 pasatxo ziren, Espainiako Poliziak taberna batean geldiarazi zuenean: «Tabernan sartu bezain pronto, bi gizon hurbildu zitzaizkidan, kaleko jantzita: 'Egun on. Poliziak gara, zatoz gurekin kanpora'. Paperak eskatu zizkidaten, eta halakorik ez nuela ikusita, polizia etxera eraman ninduten, atxilotuta». Sei orduz eduki zuten han, 14:00etatik 20:00etara. Gero libre utzi zuten, baina, ordurako, kanporatze prozesua abian zen. Hasia zen atzerako kontua.

Aurtengo apirilaren 27an egin zuten Cheikhounaren kontrako auzi saioa Nafarroako Auzitegi Nagusian. Lepo bete zen aretoa. Txantreako lagun kuadrillaz gainera, SOS Arrazakeria elkarteko kideak eta zenbait alderditako ordezkariak ere bildu ziren; besteak beste, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Marisa de Simon (Ezkerra) parlamentariak. «Animo, Cheikhouna! Alboan gaituzu!», entzun zitekeen epaitegiko pasabideetan. Indar erakustaldi horren aitzinean, fiskalak berak aitortu zuen akusatuaren gizarteratzea «agerikoa» zela, baina kanporatze eskaerari eutsi zion berdin-berdin: «Legea argia delako kontu hauetan: paperik ez badu, kanporatu egin behar dugu».

Gainera, aretoan ziren txantrearren artean haserrea piztu zuen esaldi bat utzi zuen fiskalak: «Axolagabe bizi izan da Cheikh Dieng jauna urte hauetan guztietan, eta azken unean kanporatze agindu batek behartu duen arte, ez du bere egoera legeztatzeko ahaleginik egin». Viergek ezezko keinua egiten du buruarekin, hitz horiek gogora ekartzen dituen aldiro: «Gezur hutsa da hori. Duela sei urte, ni neu saiatu nintzen Cheikhounari kontratu bat egiten, gure gastronomia elkartean sotolari eta garbitzaile lanak egin zitzan. Beraz, hau ez da azken eguneko kontu bat izan: ahaleginak eta bi egin ditugu urte hauetan guztietan haren egoera arautzeko, baina horrek bost axola dio fiskaltzari».

Familiari ezer esan gabe

Europara jauzi egin aurretik, Touba hirian bizi zen Cheikhouna, gurasoekin. «1997tik 2006ra, ehungintza enpresa batean egin nuen lan, arropa josten. 17 urte nituen lantegian lehen aldiz sartu nintzenean», gogora ekarri du. «Gazteak ginen, ez genuen dirurik, eta lagun askok aipatzen zuten txalupan Europara etortzeko aukera. Niri ez zitzaidan burutik pasatu ere egiten, gurasoek beti esaten zidatelako kontuz ibiltzeko, eta halako ontzietan ez sartzeko». Egun batez, ordea, begien aurrean jarri zioten aukera: «2006ko irailaren 9a zen. Lagun batzuk hurbildu zitzaizkidan, eta esan zidaten bazihoazela. Europara joanen zirela txalupan. Baietz esan nien».

Etxera itzuli, eta gezurra kontatu zien gurasoei, lagunekin batera Europara joan ahal izateko. «Festa batera nindoala eta pare bat egunen buruan itzuliko nintzela esan nien». Horren ordez, Senegalgo kostaldeko herri batera joan ziren, txalupako billeteak erostera. «Han, txalupak kontrolatzen zituen mafiarekin negoziatu, eta bidaiaren nondik norakoak zehaztu genituen. Hamar egunez zain egon behar izan genuen, ontziratu aurretik».

Egonaldi luze horren ostean, irailaren 20an itsasoratu ziren Cheikhouna eta lagunak, baina, Espainiako kostaldera iristear zirela, erregairik gabe gelditu zen txalupa. «Gasolinarik gabe, noraezean zebilen ontzia; zorionez, arrantzontzi bateko marinelek ikusi gintuzten, eta abisua eman zioten Gurutze Gorriari. Berehala erreskatatu gintuzten, eta Teneriferaino eraman (Kanaria uharteak, Espainia)». Irailaren 30ean iritsi ziren Europara. Senegaldik atera zirenetik hamar egunera. Neka-neka eginda, baina onik.

«Madril ez nuen gustuko»

Tenerifetik, Madril ondoan dagoen Miraflores herrira eraman zituzten itsasoan atzemandako senegaldar guztiak, eta migratzaileentzako atxikitze zentro batean sartu. Hilabete oso bat eman zuten han. «Duela hamar urte, zentro horien egoera ez zen gaur egun bezain txarra. Gogorra izan zen, bai: jende asko geunden, eta ohaxketan pilatuta egoten ginen; baina aitortu behar dut nire esperientzia ez zela sobera txarra izan». Madrilen bizi ziren senide batzuei esker, Lavapies auzoan hasi zen kaleko saltzaile lanetan. «Nik ez nuen Madril gustuko. Kaleko salmentan hasi nintzen beste aukerarik ez nuelako, baina herri txiki batetik nentorren, eta ez nuen maite hiriburu handi horretako giroa. Gainera, behin eta berriz gelditzen ninduen Poliziak, eta salgai guztiak kentzen zizkidaten». Orduantxe erabaki zuen Madrildik alde egitea.

Lagun baten aholkuari esker, Euskal Herrira iritsi zen, 2006ko abenduan, eta oso bestelako giroa aurkitu zuen: «Burlatan bizi nintzen hasieran, eta kaleko saltzaile nenbilela, tipi-tapa, Txantrearaino heldu nintzen. Artzara elkarteko atea jo nuen, eta oso adeitsuak izan ziren nirekin: 'Nahi duzu freskagarri bat? Gose zara? Zerbait behar al duzu'. Ordutik, maizago etortzen hasi nintzen».

Viergek ere gogoan ditu Cheikhounaren lehen egunak auzoan: «Gure elkartera etortzen zen noizbehinka, eta pixkanaka-pixkanaka konfiantza hartzen hasi ginen. Txantreako Eguneko bazkarira gonbidatu genuen, eta horrela hasi zen gure arteko harremana. Bartzelona futbol taldeko jarraitzailea da, gainera, eta partidak ikustera etortzen zen. Sadarrera ere joan ginen, Osasuna-Bartzelona partida bat ikustera. Guztietara apuntatzen zen!».

Ordutik, hazi egin da Cheikhounaren kuadrilla. Orain, bultza egiten diote lagunek, euskara ere ikas dezan. Asko eman baitio Txantreak Cheikhounari. Baina, haren lagunek diotenez, askoz gehiago da Cheikhounak Txantreari eman diona.

BERRIAn argitaratua (2017/06/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA