astekaria 2017/06/02
arrowItzuli

bizigiro

Pentsamendu, nora zoaz?

Urtzi Urkizu

Pentsamendu, nora zoaz?

Pentsamenduak irakurri eta mezutara itzultzeko sistema bat sortzeko asmoa du Facebook enpresak. Facebook Building 8 izeneko taldea —60 ingeniari eta zientzialari ditu— sistema berri bat sortzeko lanean dela iragarri zuen apirilean Mark Zuckerberg konpainiaren sortzaile, zuzendari exekutibo eta presidenteak. Sakelako telefonoan gaur egun pertsona batek idatz dezakeena baino bost aldiz bizkorrago egingo luke sistemak garunetik sakelako mezurainoko bidea. Zuckerbergek irudikatu duenez, errealitate areagotuan aurrerapausoak ekarriko lituzke sistemak, «garunaren bai/ez klik erraz baten bitartez».

Zientzia fikzioa ala epe laburrean garatuko den teknologia izango den ikusteko dago. Facebook ez dago bakarrik halako sistemen ikerketan. Neuralink Corp. enpresak —Elon Musk ingeniari eta enpresariak sortua— lau urte barru merkaturatu nahi du garuna eta ordenagailua konektatuko dituen sistema. 2021erako sortu nahi duen produktuak, bereziki, garuneko lesioak dituzten pertsonei lagunduko lieke. Horretarako, garunean elektrodo txiki batzuk jarriko lituzkete, pentsamenduak kargatzeko eta deskargatzeko. Teknologia horren parte bat dagoeneko garatuta dagoela esan du Muskek. Sistema hori garatuko balitz, afasia gaitza duten pertsonentzat «aurrerapauso garrantzitsua» izango litzatekeela uste du Agustin Vicente EHUko irakasleak —Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailekoa da, eta Ikerbasque fundazioan filosofia ikerkuntzan ari da—. «Hitzak aurkitzen ez dituzten pertsona horientzat teknologia zoragarria litzateke».

Garuneko lesioak eta gaitzak dituzten pertsonentzat teknologia berri hori interesgarria izan daitekeela iruditzen zaio David Sotori ere, Donostiako BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroan lan egiten duen ikerlariari; zentro horretan ikertzen ari dira ea gizakiek pentsatzen dituzten hitzekin garunak kode bera duen hizkuntza ezberdinetan. «Hitz egin ezin duten pertsonentzat, adibidez, balio handikoa litzateke sistema. Haiek adierazi nahi dutena bozgorailu txiki batzuen bidez hitz bihurtzea ondo legoke». Pauso hori lortzea «egingarria» dela iruditzen zaio Sotori. «Baina beste kontu bat izango da pentsamenduaren fluxu osoa deskodetzea modu erabat zehatzean». Ikerlariak, bereziki, garuneko lesioak dituztenentzat ikusten du baliagarri aipatutako teknologia. «Itxuraz, koman dauden gaixoentzat ere primerakoa litzateke, mugitu ez arren garuna martxan baitute». Testuinguru klinikoan teknologia horrek onura dezente izan ditzakeela iruditzen zaio Sotori, gaixo batzuentzat bereziki.

Facebook lantzen ari den sistema nolakoa izango den irudikatu du Sotok: «Bi modutan izan daiteke: batetik, elektroentzefalograma bat jarriz, buruan elektrodo batzuk ipiniz, neuronen potentzial elektrikoak erregis- tratzeko. Beste modua erradiazio elektromagnetikoa erabiltzen duten argi infragorri batzuen bidez litzateke. Kasko batzuk daude argi horiek irakurtzen dituztenak, garunaren aktibitatea jaso dezaketenak». Edonola ere, teknologia horiekin erresoluzioa txiki samarra dela azaldu du BCBLko ikerlariak. «Pentsamenduen deskodetzea ez litzateke oso zehatza izango. Zaila izango da erabateko zehaztasuna. Aldera daiteke sakelako telefonoari ahots bidez ematen zaizkion aginduekin. Akatsak daude hor, eta aipatutako teknologiarekin ere akatsak leudeke».

Maria Ruz Granadako Unibertsitateko (Espainia) neurozientzia kognitiboko taldeko ikerlariak ñabardurak egin dizkio Facebook lantzen ari den teknologiaren konplexutasunari: «Kontua ez da pentsamenduak zehatz-mehatz mezu idatzi bihurtzea. Pentsamenduak oso konplexuak dira; garunaren eremu askoren aktibitateak koordinaturik sortzen dira». Regina Dugan Facebook Building 8 taldeko buruak zehaztu zuen «barne hizkera» eraman nahi dutela testura, eta, Ruzek dioenez, «barne hizkera» pentsamenduaren parte bat bakarrik da, «besteekin partekatzea erabakitzen duguna». Sotok uste du oso zaila izango dela pentsamenduen konplexutasun osoa deskodetzea. Ruzek ez du erabat argi hori nola egingo duten; «agian, kasko batzuk erabiliko dituzte, garunak informazioa kodifikatzen duen eremuetan sentsore optiko batzuk jarriz, eta gero informazio hori telefonora edo aparatura iritsiko litzateke».

Facebookek iragarri du teknologia berri horretako sentsoreak ez direla inbasiboak izango. Sotok azaldu duenez, horrek esan nahi du kaskoa buruan jarriko dela, baina ez dutela garunean kirurgia erabili beharko. «Ez dituzte neuronak zulatu beharko».

Ruzek uste du Facebooken balizko aparatuak aukera ugari ekar ditzakeela: «Hipotetikoki, mugitu gabe askotariko aparatuak kontrolatzeko aukera emango luke, ametsak deskodetu ahalko lirateke, eta pertsonak etorkizunean egiteko asmoa duena igarriko luke». Sotok uste du, dena den, garuneko aktibitatea erregistratzeko teknikak asko hobetu beharko direla aipatutako sistemak ondo garatzeko eta kaleko erabiltzaileentzat merkaturatzeko. «Hasieran, garesti samar izango da tresna, eta zaila ikusten dut kaleko jendeak normaltasunez erabiltzea».

Arazo etikoak sor daitezke

Facebookek eta Neuralinkek garatu nahi duten teknologia merkaturatzen baldin bada, Vicentek uste du hemendik urte batzuetara herritarrek munduan duten sarbidea sakelako telefonoaren bidez izango dela, egun egiten duena baino are gehiago. «Gailu eramangarriekiko menpekotasuna areagotu egingo da». Kezka sortzen dio, bestalde, ea sistema berriak norberak esan nahi dituenak bakarrik jasoko dituen ala ez: «Zer gertatuko da batek gauzak esan ala ez argi ez duenean, edo zerbait esan nahi duenean, baina azken orduan atzera jo nahi duenean? Erabiltzaileak etengabe begiratu behar baldin badu pantailan agertzen denak bat egiten duen esan nahi duenarekin, teknologia horren abantailak desagertu egingo dira».

Sotok nabarmendu du kontsumitzaileak berak aukeratu beharko duela Facebooken kaskoa noiz erabili, eta pertsonak hautatuko duela hori noiz piztu eta noiz itzali: «Erabileraren arabera, gauza ezkorrak eta baikorrak izango ditu». Vicentek ohartarazi du teknologia berri horrek arriskuak ekar ditzakeela, etorkizunean Poliziaren galdeketetan edo epaiketetan erabiltzen hasten badira, adibidez.

Aipatutako teknologia arrakastaz garatzen baldin bada, Ruzi iruditzen zaio estatuek kontrol zorrotzak ezarri beharko lituzketela sistema horren informazioa ez erabiltzeko pertsonen baimen espliziturik gabe. «Dena den, ikusita gaur egun zein interes ekonomiko dauden, zaila ikusten dut hori lortzea. Lan egin beharko genuke neurri horiek ezar daitezen, eta informazio mota horren erabilera kontrola dadin». Vicentek etorkizuneko arriskuak gaur egun daudenekin alderatu ditu: «Etorkizunean, oraindik ere komunikazio gehiago egongo dira, eta herritarrak egun baino gehiago jarriko dira ikusgai». Filosofoak uste du «hiper-zaintza» areagotu egingo dela, baina hori ez dela izango Facebookek sortu dezakeen tresnaren araberakoa.

Hizkuntzen mugarik gabe?

Facebookek iragarri duenaren arabera, sortu nahi duen sistema berriak hizkuntzen muga gaindituko luke. Hala ere, zailtasunak egon daitezkeela iruditzen zaio Ruzi: «Hitz egitetik oso gertu dagoen informazioa deskodetzen bada, ziurrenik output-a erabiltzailearen hizkuntzan izango da. Baina garuneko eremu batzuetan, eduki semantikoak ez du derrigor ezberdina izan behar hizkuntza batean ala bestean. Garunaren parte hori deskodetzea lortuko balute, hizkuntzen mugak gurutzatuko lituzkete. Baina hori garatzeko konplexutasuna handia da, eta denbora beharko da horretarako». Sotoren arabera, pertsona pentsatzen ari den osagai indibidual bakoitza deskodetzea da kontua. «Behin hori hizkuntza batean eginda, nahiko erraza izan daiteke edozein hizkuntzan egitea. Dena den, egun Interneteko itzultzaile automatikoetan akatsak baldin badaude, sistema horretan ere akatsak egongo lirateke. Ez da hain erraza izango».

Vicenteri iruditzen zaio Facebookek iragarritakoa betetzen bada askoz bizkorragoa izango dela hizkuntza ezberdinetan hitz egiten duten pertsonen arteko komunikazioa. «Herrialde batera iristen diren etorkinentzat edo errefuxiatuentzat abantaila bat izan daiteke. Mundu globalizatu batean murgilduta dauden herritarrentzat ere asmakizun interesgarria izan daiteke».

Hala eta guztiz ere, Vicentek uste du Facebook garatzen ari den sistema berriak ez diela erantzuten gaur egungo behar zehatzei. «Facebookek aurkezten dituen teknologia motak, aurkezten dituen moduan, erronka teknologiko gisa garatu nahi dituela dirudi, egin daitezkeelako». Filosofia ikerlariak balio handiagoa ematen dio Elon Muskek proposatu duen erronkari, hau da, hitz egiteko arazoak dituzten pertsonei komunikazioa erraztea. «Horrek zentzua du. Baina Facebooken planteamenduari begira, sare sozialetako erabiltzaileek edo goi teknologiako sistemen kontsumitzaileek ez dute inolako beharrik horrelako sistema bat izateko».

Facebook eta Neuralink garatzen ari diren teknologiak etorkizunean askotariko erabilerak izan ditzakeela iruditzen zaio Ruzi. Uzkurragoa da Soto, eta zalantza gehiago sortu zaizkio. Vicentek, berriz, nabari du hainbat teknologia berri «suharki» hartuko dituztela belaunaldi berriek, nahiz eta ongizaterako behar-beharrezkoak ez izan. «Alde horretatik, etorkizuneko belaunaldiak, halako sistema batekin hazten direnak, gu izan garenetik ezberdinak izango dira».

Vicentek Spike Jonze zinemagilearen Her filma (2013) jarri du etorkizunean datorrenaren adibide ontzat. Pelikula horretan, gizon protagonistak sistema operatibo berri bat erosten du, inteligentzia artifizialean oinarritua eta erabiltzailearen behar guztiak asetzeko sortua. Emakumezko ahotsa du sistema operatibo horrek, eta protagonistaren eta sistemaren arteko maitasun harreman bat sortzen da. Gizona hara eta hona dabil, sistemarekin une oro hitz egiten, erabat kateatuta. Gizakiek halako sistemarik sortuko duten, hori ezingo da baztertu.

BERRIAn argitaratua (2017/05/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA