astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

iritzia

Sentipenen hierarkia

Eneko Gorri

Sentipenen hierarkia Eneko Gorri

Larunbat goiza. Irratia Ā«edizio bereziĀ» moduan sartua da, bezperako gertakarien berri emateko. Katilua hirugarren aldiz kafez betetzen, bezperan edandako garagardo soberakinari aurre egiteko. Belarriak albistegiari lotuak, begiak hutsean, burua gogoetetan galdua. Esatariak zenbaketa makabro batean sartuak dira, detaileak gordinak dira. Deskribaezinaren gainean hitzak jartzea, zein ariketa zaila.

Gosari isil horren erdian, bi urteko alaba. Esplikazio betebeharra. Nola esplikatu ulertezina, neurtezina eta onartezina, gauzak xuri edo beltz ez direlarik? Haurrentzako ipuinetan ez bezala, xintxoak eta gaixtoak zein diren ez da hain argi, kausa eta ondorioak jokoan sartzen direlarik. Nondik hasi? Emozioen hierarkia intuitiboa da, instintiboa kasik. Gure gogoeta fase desberdinetatik pasatzen da. Gure mikrokosmo kritiko eta alternatiboan, biktimekiko enpatia eta kausa/ondorio analisiaren artean etapa bat saltatzen ez ote dugun nago. Gibelapenarekin, lagun arteko elkarrizketetan adierazgarria iruditzen zait behintzat. Ondorioek kezkatzen gaituzte: larrialdi egoerak sortuko dituen neurri errepresibo eta libertizidoak, musulmanek pairatu beharko duten xenofobiaren gorakada, FN zerrendek abenduan trumilka bilduko dituzten gorroto-botoak, gerla inperialistaren bonbardaketen biktima inoxenteak, frantses biztanleriaren biktimen araberako emozioa…

Masazko hedabideen doxa eta iritzi publikoaren errextasunaz haratago joateko joera ona da, tripekin baino buruarekin pentsatzea behartzen gaituelako. Baina gehienetan oinarrizkoa dena ez dela ikusten uste dut, hau da atentatu egileek hedatu nahi duten jendarte eredua gure baloreen kontra dela, errotik. Besta, alkohola, sexu librea, musika, askatasuna, drogak, berdintasuna ezer baino gehiago maite ditugula, erlijioak eta faxismoa gorrotatzen ditugun bezainbat. Beharbada hori esplikatu behar nioke alabari…

BERRIAn argitaratua (2015/11/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA