astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

iritzia

Terrorea

Angel Erro

Terrorea Angel Erro

Info7 irratiko tertulia batean Hedoi Etxarteri aditu diot, gaizki ulertu edo gogoratzen ez badut, Parisko atentatuen ondoren lehia bitxia dagoela, sare sozialetan batez ere, baina baita bestelako eremuetan ere, nor gehiago hunkituko; gertatuari sentimendutik hurbiltzen zaio —eta hala izatea komeni zaie eta bultzatzen dute agintariek—, arrazoimenetik egin beharrean.

Sentimendu bat da terrorea. Terrorea ez da arrazionalizatzen. Terrorismoa zer den eta zer ez den ongi zedarrituta dago. Guri eraso egiten digutenean da terrorismoa. Gerrak baditu bere arauak. Zilegitasun bat du, historikoa eta abar, baditu bere zeremonia propioak. Halere, honakoari gerra egunkariek deitu diote, gure erantzuna terroretik bereizteko.

XXI. mendeko gerretara ez da deitzen. Hirugarren mundu gerra ez da —aspaldidanik badakigu— inoiz deklaratuko. Nik nahiago nuke gerra deituko balute, edo dagoeneko egon badagoena gerra bat dela onartuko balute. Nahiago nuke munduan diren eta nire erakundeek babesten duten gatazka beliko guztien zerrenda aterako balute. Ostiralean sentitu nuen beldurrari, babes faltari, egiazko dimentsioa egiteko. Terroreak esajeratu egiten baititu datuak. Hunkiberatasunak jakingabean anker egin baikaitzake.

BERRIAn argitaratua (2015/11/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA