astekaria 2017/06/02
arrowItzuli

mundua

Iragan beltza eta etorkizun iluna

Asier Arrate Iruskieta

Iragan beltza eta etorkizun iluna

Estatu Islamikoak 2014an mundua ezustean harrapatu zuen Irakeko erasoaldiarekin. Egun gutxitan Abu Bakr al-Baghdadiren armadak Siriako muga eta Bagdad arteko eremua bereganatu zuen AEBek eraikitako Irakeko armadaren ahulezia azaleratuz eta Ekialde Hurbileko balantza politikoa kolokan jarriz. Mosul, Kirkuk, Tikrit eta halako hirigune garrantzitsuak EIren eskuetan bukatu zuten, baina okupatutako hiri zein eremu guztietatik bat bihurtu zen mundu osoan ezagun: yezidi komunitatearen bizileku den Sinjar. Lehen ikerketaren arabera, 3.100 lagun hil eta 6.900 bahitu zituen EIk. Gizonezkoak exekutatu eta emakume eta umeak esklabo hartu zituen. Ihes egitea lortu zutenek Sinjar mendian babestu ziren, janari eta edari gabe, PKK-ko eta YPGko miliziek korridore bat zabaltzea lortu zuten arte.

EIren erasoaren aurretik, milioi erdi yezidi geratzen ziren Iraken. Urteetako jazarpenen eta euren sinesmenen ezaugarrien ondorioz nabarmen egin du bera komunitateak, eta, 2014ko erasoaren ostean, euren presentzia kolokan geratu da Ekialde Hurbilean. Hala ere, yezidi orok behin eta berriz errepikatzen duenez, EIren erasoa ez da arazoa; urteetako diskriminazioaren azken ondorioa baizik. Yezidiek azpimarratzen dutenez, jasan duten 72. genozidioa da Sinjarrekoa.

«Neurri honetako genozidio bat ezin da hutsetik jaio. Sistemak ekoitzia da; izan ere, sistemak utzi gaitu babesgabe». Yazda gobernuz kanpoko erakundearen presidente Murad Ismaelen hitzak dira horiek. Yezidiei babesa eta laguntza eskaintzeaz gainera, Sinjarren gertatutakoa ikertzen ari da erakundea, eta, besteak beste, Nadia Muradekin ari da lanean gertatutakoa nazioartean ezagutzera emateko.

Alboratuta eta sistemak traizio eginda, horrela sentitzen da Hadji Khatari idazle eta pentsalari yezidia: «Gobernuaren eta herritarren artean kontratu bat egon beharko luke herritarrak babesteko, baina alderdi politiko kurduek saldu egin gintuzten Sinjarren. Pexmergek euren bizia eman izan balute, EIk ez zituen hilko eta bahituko milaka yezidi». Sinjarreko eskualdea historikoki abandonatuta egon dela azaldu du idazleak. «Arbilgo gobernuak ez du interesik Sinjarren, baina, era berean, ez du nahi beste inork laguntzea». Izan ere, Sinjargo eskualdea, Kirkukekin batera, estatusa zehaztu gabe daukan eremuetako bat da: 2003an pexmergek de facto kontrolpean hartu zuten, baina ofizialki ez da Kurdistango Eskualde Autonomoaren parte.

Yezidien bizitza ez da erraza izan Iraken, 2003ko AEBen inbasioaren ostean pairaturiko egoera gorabeheratsuaren barruan. Muturreko mugimendu jihadisten agerpenak yezidien existentzia mehatxatu zuen, eta Arbileko gobernua egoera kontrolatzeko gai izan baldin bazen ere, askok Europara egin zuten ihes. «Gure erlijioa dela eta, ez dugu lagun kurdu edo arabiarrik xiita edota suniten artean», dio Khatarik. Izan ere, mesfidantza eta gorrotoa sortu dute bi komunitateen artean historikoki izandako elkarbizitza zailak. Ohikoa da Islamaren aurkako diskurtso gogorrak entzutea yezidien ahotatik. Areago: liskarrak ekiditeko, iheslarientzako kanpalekuetan, yezidiak eta musulmanak banatuta daude. Yazdako zuzendariak onartzen du Islamarekiko ikuspegia aldatu beharra dutela etorkizunean elkarbizitza sustatu nahi bada.

Edonola ere, alderdi kurduen indartzeak eta Arbilek lortutako autonomiak ere ez zuen yezidien egoera hobetu. Azken hori da Khatari idazlearen ustez arazo nagusia: alderdi kurduek ez dutela inoiz interesik izan yezidien komunitatearekiko. Sinjarreko erasoaren ostean, aldaketa helduko zela uste zutela dio, alderdi politiko gehienek yezidiak jarri zituztelako zenbait kargu esanguratsutan, eta, gainera, euren agenda politikoan gehitu zituztelako. Hala ere, Khatarik eta Ismaelek argi dute egun yezidiak propagandarako soilik erabiltzen dituztela.

Interes geopolitikoak

Qadir Hassan epaile yezidia da Dahuken, baita PUKeko kide ere. Haatik, onartzen du alderdi kurdu batek ere ez dituela yezidiak ordezkatzen: «Nazioartean babesa eta irudi ona lortzeko erabiltzen gaituzte».

Yezidiak ez dira politikarien interesekoak; bai, ordea, euren jaioterria. Sinjar 2015eko azaroan askatu bazuten ere, gerra hotsak ez dira isildu. Izan ere, Sinjar EIren aurka ari direnen jokaleku bihurtu da: eremu sunita baten erdian dago, baina Kurdistanen partetzat du Arbilek; Siria eta Irak arteko bidean eta Turkiako mugatik gertu, kurduek, Ankarak, Bagdadek edota Teheranek, guztiek dute zerbait jokoan Sinjarren. Gaur egun gatazka nagusia, PKKren eta KDPren arteko lehia da. Azken urteotan kurduen batasuna oztopatu duen lehiak yezidien artean aurkitu du bere azken joko zelaia. 2014 arte KDP zen nagusi, baina EIren erasoaren ostean, pexmergak erretiratu zirenean, PKKren eta PYDren miliziak hartu zuten haien lekua.

Ismaelek azaldu du PKK-k beti izango duela yezidien esker ona: «Gure laguntzan etorri ziren, eta orain defentsarako miliziak osatzen laguntzen ari dira». Sinjarren dauden PKK-ko kideek Yezidien Erresistentzia Unitateak —YBS— entrenatzen ari dira, eta Sinjargo Biltzar Konstituziogilea eratzen lagundu dute, gobernu sistema autonomo gisa. Ondorioz, PKKren ospea izugarri hazi da yezidien artean, eta Arbilek eskualdearen kontrola galdu du. «KDP ahalegintzen ari da 2014 aurreko egoerara bueltatzen, dirua eta armak emanez tribuetako liderrei eta agintariei», azaldu du Yazdako buruak. Sistema bera ezarri nahi dutela dio, baina Arbilek zeukan eragin eta ospe txikia galdu egin dela yezidien artean. «Ez dute nahi gure ahotsa entzuna izatea eta ezarritako bideari jarraitzea beste aukerarik ez digute eskaintzen». Sinjarreko banaketa Kurdistanek bizi duen banaketaren erakusle da Qadir Hassanentzat: «Alderdi politiko guztiok, PUK, KDP, PKK edo PYD izan, yezidiak jarri behar ditugu gure interesen aurretik. Ideia politikoak aldatu eta moldatu daitezke, baina yezidiak pertsonak dira, eta haiek bizirik irautea dago jokoan».

Hirurek goraipatu dute PKK-k yezidiengatik egindako guztia, alabaina, nabarmendu dute PKK-k ere agenda propio bat duela, eta ez dute uste onuragarria denik yezidientzat. «Eskertu nahi diegu guregatik egindako guztia, eta nazioarteko komunitateari eskatu PKK terrorismo zerrendatik kentzea», adierazi du Khatarik, «baina gure arazoa yezidien arazoa da, ez kurduena. Eta ez dugu nahi Sinjar Qandil berri bat bihurtzea». Hor dago izan ere gakoa; PKKren presentziak iparraldetik erakar ditzaken arazoak. Turkia PKKren eta PYDren aurkako kanpainan murgilduta dago, eta Sinjar arrisku gisa ikusten du, eta, beraz, helburu militar gisa. Martxoan airez eroso egin zion Sinjarri, eta lurreko tropekin inbaditzearekin mehatxatu du behin baino gehiagotan.

Turkiaren mehatxuaren aurka babesgabe daudela kexu da Hassan: «Yezidiok Turkiaren aire erasoak gaitzesten ditugu, baina ezin diogu Turkiaren botere militarrari aurre egin». Ez du nahi yezidiak gerra horren frontean egotea, baina saihetsezina dela dio, Turkiak beti izan baitu Ninivehko lautada kontrolatzeko nahia. Dagoeneko Turkiak tropak ezarri ditu Bashiqan, Mosul iparraldean, eta Barzaniren gobernua aliatu estua du PKKren aurka Teheranen eta haren aliatu den Bagdadeko gobernuaren eragina mugatzeko. Bagdad, berriz, Arbilen esku izan ezik Sinjar beste edonoren eskuetan ikusteko helburuz, YBSko yezidiak laguntzen ari da diruz eta armez hornituz.

Interes politiko eta militarren lehia korapilatsu honen azken aktorea, ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, Iran da. Arrazoi nagusia, analisten esanetan, Sinjarreko probintziatik pasatuko den Mediterraneorako korridorea da; Iran eta bere aliatuen kontrolpean egongo litekeen Teheranetik Latakiako (Siria) portura arteko ibilbidea. Horri esker, Iranek egoera geoestrategikoa indartzeaz gain, bere lehiakide den Turkiaren interesak oztopatuko lituzke. Helburu hori lortze aldera, maiatzaren 14an Hashd al-Shaabi milizia xiitak —Irakeko Herri Mobilizaziorako Unitateak— Sinjar eta Tal Afar arteko eremua hartu zuen kontrolpean. Eta orain, Arbilgo gobernuak yezidien eremuetatik erretiratzeko agindu dio milizia xiitari, beste fronte bat gehiago irekitzeko arriskua areagotuz.

Mugimendu politiko eta militarrek erakusten dute, Ismaelen aburuz, Kurdistan Turkiaren eta Iranen interesek zatitutako lurra dela, eta egoerak horrela jarraituz gero yezidien etorkizuna arriskuan egongo dela. «Ez gara inor bi erraldoi horien arteko joko geopolitikoan».

Nazioarteko babesaren zain

Egoera hori dela jakinik zer egin dezaketen galdetuta, Ismaelek dio yezidiek bi aukera baino ez dituztela aurreikusten: nazioarteko babesa edo alde egitea. «Nazioarteko esku hartzea behar dugu gatazka berri honetatik babesteko». Sinjarretik heltzen zaizkien berriekin oso urduri daudela nabarmendu du Yazdako zuzendariak. «Beldur gara gerra zibila piztuko den, milaka pertsonaren bizia arriskuan jarriz». Khatarik ere argi du aukera bakarra nazioarteko babesa dela. «Nazioarteko tropak behar badira, hala izan dadila». Babesik gabe, beldur da yezidien komunitateak ez duelako iraungo: «Desagertu egingo gara eta historiatik ezabatuko gaituzte».

Yezidien etorkizuna jokoan dago, dagoeneko izugarri murriztutako komunitatea desagertzeko zorian baitago. Baina Nazioarteko babesa soilik ez da izango behin betiko irtenbidea. Ez behintzat nazioarteko potentzien interesak eta errekurtsoak beste norabait zuzentzen badituzte. Bestalde, Kurdistanek bizi dituen aldaketak, ezinbestean, yezidien etorkizuna markatuko du. Bai erreferendumaren ostean Kurdistango Eskualde Autonomoa Iraketik banatzen bada, bai Sinjarrek Rojavan abiatutako eredua jarraitzen badu dagoeneko martxan dagoen Sinjargo Asanblada Konstituziogilea bitartez.

Jadanik ezer ez da berdin izango yezidien jaioterrian. Baina oraintxe bertan garrantzitsuena tentsioa eta lehia politikoa baretzea dela diote. Elkarrizketa politikoa bultzatzea beharrezkoa delakoan daude, baina, horretarako, yezidiei lidergoa eman behar zaiela azpimarratu dute, euren etorkizuna erabaki eta potentzia handiagoen interesen matazan ez galtzeko.

BERRIAn argitaratua (2017/05/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA