astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

iritzia

Garrasien argia

Amaia Espinosa

Garrasien argia Amaia Espinosa

Gaur, hamabostero bezala, nire hausnarketa eta sedimentuak konpartitzeko idazteari ematen diodanean, aurrera egin ezineko itolarri batek hitzak eta ideiak moteldu egiten dizkit. Pentsatuta neukan, datorren asteko egun berezia gogoratuz, emakumeen kontrako indarkeriaren salaketa, gaitzespena eta aspaldian izutu eta amorratu egiten gaituzten zenbaki ikaragarrien aipua egitea. Pentsatuta zein ulergaitza egiten zaidan, gizarte aurreratua omen den batean, urteak bete duen hiru laurdenerako, 48 emakume izatea euren bikotekide edo bikotekide ohien basakeriaz erailak izan direnak. Pentsatuta derrigorrezkoa dela indarkeria hau estrukturala dela aitortzea eta, baita ere alde pribatutik publikora daraman azterketaren bitartez, irtenbideak topatzea, biktimaren kontrola eta sakonean dauzkan sustraiak ezagutzeko bideak jorratzeaz batera. Pentsatuta, euren sufrimenduan barneratuz, bizirik irauteko erabiltzen dituzten mekanismo ikaragarriez jabetzea eta, oraindik zehazteko zaila den etorkizunean, munduan gizarteak duen gaitzik eta korrosiboenak inoiz azkena izango duen jakitea.

Pentsatuta neukan zein txiripako paradoxa den azaroaren 25ean, indarkeriaren kontrako egun horretan, Elizak eguna eskaintzea Alexandriako Katalinari, zeinari zenbait historialarik asmakizun susmoa jarri baitiote. Fikziozko saindua omen da. Diotenez, Elizak berak nahi zuen emakumearen eredua kontrolatu nahian, Alexandriako beste emakume handiari, filosofo, feminista eta jentila zen Hipatiari aurrez aurre jartzeko sortutako «saindua» besterik ez zen Katalina. Eta paradoxak ere bere dohainak, zeren sainduaren osperik handiena emakume ezkongabeei senarra topatzea baitzen: «Ez ezkongabe hiltzen utzi, lagundu iezadazu», errezatu ohi zioten ezkongabe gajoek. Horrexegatik ere, pentsatuta neukan zenbait sinesmen eta kulturatan, emakumearen gorabehera jakina, emakumearen bertutearen bermea senarra den sinesmena salatzea. Pentsatuta horrelakoak berraztertu beharko liratekeela aldarrikatzea. Pentsatuta, azkenean, zenbait gizakiren morala bideratzeko gaitasuna daukaten erakundeak animatzea gaurko gizartean infernuak eta bekatuak berton daudela esan dezaten, eta, aldi berean, dituzten baliabideak pertsona guztiak askatasun eta duintasunez bizi izatera bidera ditzatela exijitzea.

Hori dena neukan pentsatuta, maitasun eta argiaren hiria suz, negarrez eta odolez bete denean. Ez da batere erraza gertatutakoa azaltzea, zeren samina, beldurra eta inpotentzia baitira nagusi telefono, pantaila edo egunkarietatik mugitzen diren argazki eta garrasien aurrean; sekulakoak! Gurutzadak berriro, diote batzuek, berriro Jaungoikoaren izenean, deitzen dena deitzen dela, euren burua salbatzailetzat daukatenek izua barreiatuz. Jentilei aurre egiteko, antza. Eta lagun hurkoarekiko maitasuna? Irudiek gizakiok gizakien kontra zein bortitzak garen islatzen duten bitartean, sinestunak sinestunen kontra, herriak herrien kontra, gizonak emakumeen kontra edo indartsuak ahulen kontrako zurrunbilo horretan, pentsatu nahi dut batzuk baino ez direla gehiengoen kontra daudenak. Ordezkari politiko batzuk gerra hitza erabiltzen hasi dira; noren kontrako gerra, baina? Nor da arerioa? Ileak laztu egiten zaizkit konturatzen naizenean ondokoari mesfidati zeharka begiratzen diodala arrazoi askorik gabe. Buruan painueloa daramaten emakumeei, Siriatik euren biziaren alde ihes datozenei edo burumakur otoitz egiten dutenei errezeloa? Orduan, gurea datorkit burura, ETAk hil eta denok errudun izaten ginenekoa, eta ezetz esaten diot neure buruari; hemengoei bezala, horiei ere ez diedala gorrotoaren aberria eta fanatismoaren ikurra besterik aitortzen, sinesmena zein herritartasuna aitzakia, hiltzaileak hiltzaile. Gaur, ostera, Paris bihotzean, Frantziaren leloa inoiz baino indartsuago eta egokiago azaltzen zait: Liberté, egalité et fraternité; pour tous!

BERRIAn argitaratua (2015/11/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA