astekaria 2017/05/26
arrowItzuli

gizartea

Nafarroako AHTa: 2023rako

Arantxa Iraola

Nafarroako AHTa: 2023rako

«Pentsaera irekiarekin joango naiz, entzutera», azaldu zuen atzo goizean Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Aierdik Espainiako Sustapen ministro Iñigo de la Sernarekin arratsaldean izan behar zuen bileraren harira. Mintzagai nagusi batek batu zituen agintariak: tren lasterraren Nafarroako lineak. Azpiegitura zinetan «garrantzitsua» dela oroitarazi zuen Nafarroako buruzagiak: «Estrategikoa Nafarroarentzat». Eta Madrilen ministroaren eskuetatik jaso zuen azpiegitura egiteko itun berri baten zirriborroa —aurrekoa 2010ekoa zen, eta alde guztiak bat datoz: zaharkituta zegoen—. Data zehatz batekin: 2023. urtean Iruñera iritsiko da tren lasterra, eta lineako zati guztiak amaituta espero dituzte ordurako. Proposamenean epemuga «aski arrazoizkoak» zehaztu dituztela esplikatu zuen Sustapen ministroak: «Guztion artean bete ditzakegu».

Atzo aurkezturiko itunak Castejon-Iruñea zatiari buruzkoak zehazten ditu, eta 800 milioi euroko aurrekontu bat du. Aurrekoa 675 milioi eurokoa zen, eta oraingo honek, finantzaketa handitzeaz gain, «berritasun agerikoak» dakartzala adierazi zuen atzo Espainiako Sustapen Ministerioko buruzagiak, bileraren ostean egindako adierazpenetan. Aierdik zirriborroa tentuz begiratu behar dutela adierazi zuen. «Hainbat aldagai juridiko daude aztertzeko». Proposamenean zehazten diren epeak betetzen ez badira ezarriko diren klausulei erreparatu nahi diete, besteak beste, aurreko akordioa alde horretatik eskasa zen iritzia baitute. «Ez dugu nahi iraganeko akatsak errepikatzerik», nabarmendu zuen Aierdik. Bestalde, adierazi zuen aurki Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin tren lasterrari buruzko bilera bat egingo dutela. Aintzat hartu behar da tren lasterra Espainiarekin lotzea garrantzitsua bada ere, Euskal Y-arekin izango duen lotura ere ezinbestekotzat dutela proiektuaren sustatzaileek, eta lotura horri buruzko argibideak zehazteko daudela oraindik. Hiru erakundeen arteko akordio baten beharra agerian utzi zuten atzo bi agintariek Madrilen. Alde horretatik, harremana joria da lehendik ere euskal administrazioen artean; azken bilera, esaterako, maiatzaren 12an egin zuten Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eta Manu Aierdik; bi trenbide sareen arteko lotura nola egingo den fintzen aritu ziren, eta ona izan zen amaierako balorazioa: «Aurrera egin da». Bi administrazioen arteko harremana «estua» dela adierazi zuten.

Hirugarren erraila hizpide

Atzoko bileraren aurretik Aierdik adierazi zuen Sustapen ministroarekin solasean argitu nahi zuela, besteak beste, zer akordio mota hitzartu duten berriki UPNk eta PPk egitasmoaren harira. Izan ere, lehengo hilean harro jakinarazi zuten UPNko buruek Nafarroan abiadura handiko trenaren egitasmoa egiteko urratsak bizkortzeko itun bat izenpetu zutela PPrekin. Espainiako aurrekontuetarako negoziazioen barruan heldu zen albiste hura. Gobernuaren izenean, «harridura» azaldu zuen orduan Aierdik, UPNk egun Nafarroako Gobernuan aginterik ez duelako. Pentsatzekoa da Nafarroako Gobernuko buruzagiak azalpenak eskatuko zizkiola ministroari akordio horren inguruan.

Bestalde, ezin da ahaztu: atzoko bilera egin zen Nafarroako Gobernua osatzen duten lau alderdiek abiadura handiko trenaren inguruan dituzten jarrera ezberdinen inguruko eztabaidaren zurrunbiloan. Ezaguna da gaiaren inguruan ikuspegi ezberdinak dituztela, eta oposizioak eta hura sustatzen dutenek, laukoaren arrakalak topatzeko ahaleginetan, ozen hauspotu zuten atzo kontraesanak ikusi zituztela Aierdik gaiari buruz egin izan ohi dituen adierazpenen eta asteazken honetan Maria Solana gobernuko eledunak adierazitakoen artean. Polemikaren erdigunean hirugarren erraila deitzen dutena jarri dute. Europako trenbideekin lotzeko orain dela urte batzuk proposatu zen sistema bat da: errail hori aurreko bien artean kokatzen dute, eta sistemak baditu defendatzaileak. Hain justu, Aierdik berak atzo onartu zuen, gai horren harira, «desadostasunak» daudela laukoan. Argi utzi zuen, ordea, haren ustez errail klase hori ez dela konponbidea: «Ez du gaitasunik handitzen, eta estandarren arazoa ez du konpontzen». Adierazi zuen, soilik zenbait zatitarako «azter» daitekeela aukera.«Egoera bakoitzaren araberakoa izango da», esan zuen. «Zentzua izan dezake zati batzuetan, une batzuetan».

Laukoa osatzen duten alderdiek hizpide izan zuten atzo gaia. EH Bilduren izenean, Adolfo Araizek onartu zuen gaiari buruz oraino erruz jardun behar dela, eta azpiegitura horren gaineko azken eskumena estatuarena denez, hark izenpetutako itun baten mende dagoela herrialdea. Horrexek sorrarazten die zalantza: «Nafarroak aztertu behar du inolako irabazirik ekarriko ez dion itun bati atxikita jarraitu nahi duen». Ahal Dugu-ren izenean, Laura Perezek irizpide «teknikoak» lehenetsi behar direla adierazi zuen, eta Ezkerrako Marisa de Simonek, berriz, egitasmo «hondagarri» bat dela AHTa. PPko eta UPNko ordezkariek, berriz, hirugarren errailaz entzundakoak gogora ekarri zituzten, eta horiekin laukoa Bilduren «agindupean» ari dela salatu nahi izan zuten. Orain, Madrildik heldu den proposamen berriaren harira, guztiek ere zer jarrera hartzen duten ikusi beharko da berriro ere.

BERRIAn argitaratua (2017/05/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA