astekaria 2017/05/26
arrowItzuli

kirola

Sinesten dute

Jon Eskudero

Sinesten dute

Lehen Mailako talde gehienak oporretan dauden garai honetan, inoiz baino serio eta gogorrago dihardu lanean Alavesek, Espainiako Kopako finala jokatuko baitu larunbat honetan, Madrilen, Vicente Calderon futbol zelaian, Bartzelonaren aurka (21:30). Atzerako kontua abiatua da Gasteizen, eta hiria jantzi duten kolore zuri eta urdinek azaltzen dute ilusioz gainezka direla taldeko jarraitzaileak. Alaveseko jokalari eta entrenatzaile ohien artean ere ilusioa topa daiteke, eta guztiek sinesten dute Kopa Gasteizera ekar daitekeela.

ANGEL GARITANO, 'ONDARRU'

Alaveseko bigarren entrenatzaile ohia

«Duela hamasei urteko mina arintzen lagunduko luke Kopa irabazteak»

«Oso pozgarria da Alaves final batean ikustea, baina niri duela hamasei urteko oroitzapenak ekarri dizkit gogora. UEFA kopako final hartan, 5-4 galdu genuen Liverpoolen aurka, Dortmunden, luzapenean, eta pena hori barruan gordeta edukiko dugu hil arte. Urte magikoak bizi izan genituen orduan, baina finala galdu izanaren esperientzia eta oroimen txarra geratu zaigu oroimenean askori. Orain Bartzelonari irabazita, arantza atera eta mina arinduko litzaiguke. Final batean egotea beti da zaila, eta gozatu egin behar du Alavesek, sari handia baita partida hori jokatze hutsa. Urteak egon dira Bartzelonak, Atletico Madrilek eta Real Madrilek Kopari garrantzirik eman ez diotenak, baina orain final hori jokatzea handia da. Aukera baliatu behar da. Fisikoki askoz talde hobea da Alaves Bartzelona baino, eta aurrea hartzen badu, erne, ezustekoa eman dezake. Konfiantzaz gainezka dago, gainera, taldea. Sasoi hasieran, etxetik kanpo ondo hasi zen, Mendizorrotzan okerrago, baina, orain, bolada bikainean dago. Pellegrino entrenatzailearen lana txapela kentzeko modukoa da. Bikaina da lortu duena».

EDU ALONSO

Alaveseko jokalari ohia

«Talde txiki bat baldin badago konfiantzaz, oso arriskutsua izan ohi da»

«Bai, noski! Alavesek badu Kopa irabazteko aukera. Denboraldi honetan lortu du Bartzelona garaitzea, Camp Noun, eta hori buruan gordea izango dute haiek, nahiz eta finalak ezberdinak izan ohi diren. Final batean denetik gerta daiteke, baina denboraldiko boladarik onenean iritsiko da Alaves neurketara. Pellegrinok bete-betean asmatu du taldea kudeatzen. Ligako azkeneko zazpi partidetan galdu gabe egon da taldea, eta horrek ziur konfiantza eta segurtasuna emango dizkiela jokalariei. Talde txiki bat konfiantzaz dagoenean, oso arriskutsua izan ohi da hura mendean hartzea. Izenen gainetik, norberaren animo egoerak balio du, eta Alaves olatuaren gainean dabil azkenaldian. Guztiz sinesten du egiten duen jokoan, eta ez du inolako konplexurik zelaian. Sutsu animatuko dut taldea harmailetatik. Izan ere, lehen eta orain, jarraitzaileak dira Alavesen gauzarik onena, alde handiz. Haien babesa eta laguntza ezin daiteke ordaindu».

JOSU SARRIEGI

Alaveseko jokalari ohia

«Ezeren gainetik, larunbatean gozatzera atera behar du Alavesek»

«Esaten ibili gara bikaina izaten ari zela Alaves egiten ari zen denboraldia, baina inork ez zezakeen espero halakorik. Ondo hasi zuen sasoia, eta orain gorakada izugarria egin du. Nire ustez, sekretuak bi dira: taldeak bere buruarengan duen ziurtasuna eta Pellegrinoren eskua. Baikorra naiz, Bartzelona ere ez baita lehengoa. Erasoko lerroan dauzkan izarrei esker, gaitasuna du edozein minututan partida erabakita uzteko, baina zelai erdian eta atzean sendotasuna falta zaio. Golak sartzen dizkiote, denboraldi honetan ahuldadea erakutsi du zenbait partidatan, eta horrek itxaropena sortzen dit. Gainera, mesedegarria da Luis Suarezek ez jokatzea, aurreko hiruretatik bat falta izatea hobea baita. Detaileek erabaki dezakete lehia. Liverpoolen aurkako final hartan ere halaxe izan zen, zorte txarragatik urrezko gol batek kondenatu baikintuen porrotera. Joko izugarria egin genuen sasoi hartan, baina pena latza eman zigun finala galtzeak. Asko oroitzen gara. Ezeren gainetik, gozatzera atera behar du larunbatean Alavesek».

IGOR MARTINEZ

Alaveseko jokalari ohia

«Alavesen harrobikoa eta gasteiztarra izaki, inbidia sentitzen dut»

«Gasteiztarra eta Alavesen harrobiko jokalaria izaki, harrotasun izugarria da taldea bizitzen ari den guztia ikustea. Hiri osoa ilusioz gainezka dago, larunbateko partida noiz iritsiko zain, eta inbidia apur bat ere sentitzen dut. Mirandesen gorriak eta bi ikusten ari gara sasoi honetan, Bigarren Mailari eustea ia ezinezko baitugu, eta txanponaren beste aldean Alaves bizitzen ari den egoerak inbidia ematen du. Halere, izugarri pozten nau egiten ari den lan onak, ni Alaveseko zalea bainaiz. Familia osoa eta lagunak ilusioz gainezka dauzkat, eta desiratzen daude larunbata iristeko. Nik badakit zer den Kopako final batean egotea, Athleticen bizi izan baitut. Ez dut jokatu inoiz final batean, baina taldekideen hurbila sentitu bai. Uste dut urduritasunari eusten asmatu beharko dutela Alaveseko jokalariek. Dena berria izaten da egoera horietan; norberaren gorputzari kasu egitea ere ez da erraza izaten, eta elkar lasaituz, ahalik eta ondoen jokatzen saiatu behar dute. Denboraldi honetan tituluren bat lortzeko, irabaztera derrigortuta dago Bartzelona, eta presioa senti dezake. Egia da ez direla lehengoak, baina, halere, talde handia da oraindik ere, eta sekulako jokalariak dituzte: Messi, Neymar... Hasierako minutuetan eutsiz gero, irabazteko aukerak izango ditu Pellegrinoren taldeak. Oso talde landua eta kalitate onekoa da».

GAIZKA GARITANO

Alaveseko jokalari ohia

«Bartzelonak jokatzeko duen erak mesede egiten dio Alavesi»

«Denboraldi bikaina osatzen ari da Alaves, eta ondo merezita sailkatu da Kopako finalerako. Bigarren Mailatik igo berria izaki, inork ez zuen usteko halako lana egingo zuenik, baina bete-betean asmatu dute taldearen kudeaketarekin. Egin duen hori lortzea oso-oso zaila da futbolean, horregatik diot ondo merezita jokatuko duela larunbateko partida. Gainera, irabazteko aukera ikusten diot, nahiz eta jakin faboritoa Bartzelona dela. Nire ustez, Bartzelonaren jokatzeko erak mesede egiten die gasteiztarrei. Sasoi honetan, Alaves erosoago sentitu da baloirik izan ez duenean eta kontraerasora jokatu behar izan duenean. Alderantziz, baloiarekin protagonismoa hartzera derrigortuta egon denean, ez du hain joko eraginkorra egiterik lortu».

«Ordea, Bartzelonaren aurka irakurtzeko oso partida erraza izango du. Baloia haiek izango dute, eta taktikoki ondo prestatuta zelairatuko da Alaves. Beti bezala, kontzeptuak oso garbi izango ditu. Bartzelonak beharra du tituluren bat irabaztea denboraldia titulu gabe amaitu nahi ez badu, eta horrek gauzak zailtzen dizkio Gasteizko taldeari. Izan ere, buru-belarri Koparen bila zelairatuko dira Messi eta taldekideak, eta erabat kontzentratuta jokatuko dute. Ez dute huts bakar bat ere egin nahiko. Oso zaila dauka Alavesek, baina erne. Ezustea emateko gaitasuna badauka».

MARTIN ASTUDILLO

Alaveseko jokalari ohia

«Pellegrino oso maitatua da Argentinan, eta nahi nuke Alavesek irabaztea»

«Bihotzean eramango dut beti Alaves, hark eman baitzidan Argentinatik Espainiako Ligara jo eta ligarik onenean jokatzeko aukera. Bederatzi denboraldiz aritu nintzen bertan, eta nire bigarren etxea da Gasteiz. Zer gogoratzen dudan Liverpoolgo finalaz? Izugarria izan zen. Ezin daiteke hitzez azaldu han bizi izan genuen guztia. Denboraldi osoan goi mailan jokatu genuen, Europako begirada guztiak guregan jarri ziren, baina gu ez ginen horretaz ondo jabetzen. Giro aparta genuen, eta gozatu egiten genuen zelaian. Pena izan zen finala galtzea, baina pentsatzen jarrita, izugarria egin genuen».

«Horregatik, Bartzelonaren aurka gozatzera irten behar du Alavesek. Ez dut gehiegi jarraitu taldearen jarduna, baina badakit oso lan ona egiten ari dela. Pellegrino oso maitatua da Argentinako futbolean, eta entrenatzaile bikaina iruditzen zait. Motibatzaile ona eta langilea. Ez du erraza izango Messi geratzea, baina poztuko nintzateke Alavesek titulua eskuratuko balu».

MANIX MANDIOLA

Alaveseko entrenatzaile ohia

«Zaleak beti ondoan egon dira, eta haiek merezi dute titulua»

«Gaur egungo zuzendaritza karguan sartu zenetik, gauzak oso ondo egiten ari da Alaves. Igo berri batek halako lana osatzea oso zaila da, baina lortzen ari dira. Garai zailetan, jarraitzaileak egon dira taldearen aldamenean, eta babes horren fruituak jasotzen ari dira orain. Bigarren Mailan egonda ere, Mendizorrotzan aparteko giroa sortu da beti, eta zaleek merezi zuten halako sari bat. Atletico Madrilen antza dauka Alavesek, baina koska bat beherago. Pentsa, bere golei eraginkortasunik handien atera dion taldea izan da Pellegrinorena. Hori ez da kasualitatea, zerbait esan nahi du».

«Ligarekin konparatuta, finalak ezberdinak dira, eta Alaveseko jokalari gehienek ez daukate esperientziarik. Izan ere, final batean nortzuk daukate esperientzia? Oso gutxik. Hori bai, presioa Bartzelonak izango du, denboraldia tituluren batekin bukatzera derrigortuta baitago. Alavesentzat saria da finalean egotea, baina behin jokatuta, irabaztea gustatzen da. Finalak irabazteko dira, ez parte hartzeko. Eta konfiantza osoa dut jokalariengan. Bartzelonak gaitasuna du hamar minututan hiru gol sartzeko, baina erraztasun gutxi emango dizkio Alavesek. Oso ondo jarriko da atzean, ikusi beharko da zenbat defentsarekin jokatuko duen, baina ziur taktikoki ondo prestatuko duela lehia Pellegrinok».

JORGE AZKOITIA

Alaveseko jokalari ohia

«Beti dago lehen aldi bat, eta susmoa dut lehen titulua iristear dagoela»

«Hasiera batean, Bartzelonak dena dauka alde, baina inon eros ezin daitezkeen bi gauza baditu Alavesek: taldearen nortasuna eta jarraitzaileen erabateko babesa. 2001ean finala galdu genuenean ere izugarria izan zen zaleen babesa. Oraindik gogoan dut sortu zen giroa. Lur jota geratu ginen galdu genuenean, baina, haien laguntzari esker, egoerari beste ikuspegi batekin begiratzen jakin genuen. Larunbatean ere ez da faltako zaleen babesik, eta konfiantza osoa dut taldearengan. Ez nuen espero halako sasoia egingo zuenik, baina erakutsi du ondo merezita dagoela dagoen tokian. Horregatik, zergatik ez Kopa irabazi? Baikorra naiz. Beti dago lehen aldi bat, eta susmoa dut lehen titulua iristear dagoela. Halere, zuzendaritzaren hausnarketak ezin du finalaren arabera egon. Lehen Mailara itzuli den honetan egonkortasuna lortu du klubak, gauzak oso ondo egiten ari da, eta berririk onena horixe da. Bide berean segituta, onenen parean luzaro egotea izan behar da helburua, eta finala sari bat izango da. Irabazten bada, askoz hobe, baina galduta ere ez da ezer gertatuko».

BERRIAn argitaratua (2017/05/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA