astekaria 2017/05/26
arrowItzuli

bizigiro

BIDANE PETRALANDA

«Ditugun baliabideekin, euskarazko zirkuituak erraz antola daitezke»

Julen Aperribai

«Ditugun baliabideekin, euskarazko zirkuituak erraz antola daitezke»

Osasun arloan euskarazko zirkuituak sortzeak lagundu dezake jakiten euskarazko tratua jaso nahi dutenen kopurua, eta, horren arabera, mediku batengana edo bestearengana bideratu daitezke. Hala uste du Bidane Petralandak (Durango, Bizkaia, 1992). Gradu amaierako lanaren zati bat zirkuitu horiek aztertzen eman du. Norberak lehenetsitako hizkuntzan artatua izateak medikuaren eta pazientearen arteko komunikazioa hobetzen duela dio, eta horrek osasun zerbitzuaren kalitatean eragina duela.

Euskarazko zirkuituen ingurukoa da lanaren zati handi bat. Zein ondorio atera dituzu?

Ikusi nuen, besteak beste, zirkuiturik gabeko zerbitzuetan jende gehiago zegoela euskaraz lan egiteko gai dena, zirkuitua dutenetan baino. Hori hala izanik ere, ez da euskaraz lan egiten. Mediku euskaldunak egoteak ez du bermatzen harremana euskaraz izango denik. Zirkuituek, gutxienez, balio dute jakiteko zenbat jendek jaso nahi duen tratua euskaraz, eta benetan zenbat kontsulta diren euskaraz.

Osakidetzak 2013an onartu zuen arreta euskaraz emateko zirkuituak sortzea, Bigarren Euskara Planean. Zergatik ez dira martxan jarri?

Horrelako zerbait martxan jartzeko, borondatea behar da, eta inork ez badu egiten, ez da egiten. Bestelako arrazoiren bat egongo da agian, baina nik uste dut borondate falta dela arrazoi nagusia.

Egoitz Tolosa medikuaren lana aztertu duzu. Aitzindaria izan da hura zirkuitua martxan jartzen?

Ez dakit gehiago egongo diren, baina nik aurkitu ditudan bakarrak lanean aztertutakoak dira. Baliteke Egoitzen moduan zirkuitua bere kabuz egin duen norbait egotea. Egoitzen kasuan, ezin da esan zirkuitu oso bat denik. Euskaraz artatuak izan nahi dutenak bere kontsultan hartzen ditu Egoitzek, baina haiengandik hurrengo espezialistarengana doazenean eteten da zirkuitua.

Zirkuituaren hasierako fasea zein litzateke?

Lehenengo arreta zerbitzuan hasi beharko litzateke zirkuitua, eta, ondoren, familiako medikuek pazienteak espezialistengana bideratzean; euskarazko tratua jaso nahi dutenak halako zerbitzua eskaintzen dutenengana bideratu beharko lituzkete. Badakigu Egoitzengana heldu zirenetako batzuk berak euskaraz hartu zituela, baina ez dakigu lehen urratsa ere bete zen; alegia, denek ote zuten hizkuntza lehenetsita.

Tolosaren kasuaren ondotik, antzeko erabakia hartuko duten medikuak egongo direla uste duzu?

Zirkuituen kontuarekin konturatu naiz jendeak ez dakiela oso ondo zer den. Jakingo balute, nik uste dut kasu gehiago egongo liratekeela. Gaur egun ditugun baliabideekin, euskarazko zirkuituak erraz antola daitezke. Hala, bermatzen da euskaraz artatuak izan nahi dutenak euskarazko tratua jasoko dutela.

Osasun zerbitzua euskaraz jasotzea eskubidea izatea ez ezik, horrelako neurriek pazientearen eta medikuaren arteko harremana hobetuko lukete?

Pazientea lehenetsitako hizkuntzan tratatua izateak tratuan eragina dauka; artikulu pila bat aurkitu ditut hori diotenak. Azken batean, pazientean zentraturiko medikuntza da egin behar dena, ez medikuan zentraturikoa. Edozein osasun profesionalek norbait artatu behar duenean, harengan eragina duten hainbat faktore kontuan hartu behar ditu; horien artean, hizkuntza. Komunikaziorako funtsezkoa da. Medikuaren eta pazientearen arteko komunikazioa ez badago bermatuta, praktika bat arriskutsua izan daiteke.

Euskararen egoera ez da bera leku guztietan. Zirkuituak leku guztietan dira aplikagarriak?

Mediku guztiek izan behar lukete gai euskaraz lan egiteko. Pertsona bakoitzak zein hizkuntza lehenesten duen jakinda, horren arabera antola daiteke lana. Horrela, jakin ahalko da leku bakoitzean zenbat zirkuitu jarri behar diren. Eskaera asko aldatuko da leku batetik bestera, baina, behintzat, jendeari zirkuitu horietan parte hartzeko aukera eman beharko litzaioke. Hizkuntza lehenesten duen jende jakin bat, agian, prest legoke euskarazko zerbitzua jasotzeagatik beste leku batera mugitzeko ere.

Zure lana eremu profesionalean aplikatzeko modua ikusten duzu?

Oso kontu ezezaguna da zirkuituena, eta honen bueltan gabiltzanak ez gara hainbeste. Ez dakit zer formatutan, baina honi jarraipena eman nahiko nioke. Interesgarria litzateke zirkuituen benetako jarraipen bat egitea, Osakidetzak ez baitu egiten. Horrela, emaitzekin neurria eraginkorra den ala ez jakin genezake, eta, horren arabera, hurrengo urratsak egin.

BERRIAn argitaratua (2017/05/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA