astekaria 2017/05/26
arrowItzuli

kirola

OINATZ BENGOETXEA

«Egungo Oinatzek ziur irabaziko liokeela 2008ko txapeldun hari»

Imanol Magro Eizmendi

«Egungo Oinatzek ziur irabaziko liokeela 2008ko txapeldun hari»

Beasaingo (Gipuzkoa) Antzizar pilotalekuaren alboan dago herriko gaztetxea. Lan saio fisikoa egin ondoren, hara eraman du argazkilariak Oinatz Bengoetxea (Leitza, Nafarroa, 1984). Mural ederrak ditu kanpoaldean margotuta, eta pilotaria bera harrituta gelditu da. «Egin argazkia hemen, ni oraindik gaztea naiz eta». Alai dago, ez da gutxiagorako.

Buruan asko agertu al zaizu finala azken egunetan?

Ez. Hori dut ona: ez naiz obsesionatzen ari txapelketarekin. Azken bi finaletara iritsi izanak asko lagundu nau horretan. Obsesiorik gabe jokatu dut, eta horrek lagundu egin nau buruz burukoan. Lehen partidan, Olaizola II.aren aurka, kale edo baleko partida izan arren, ahalik eta onena egitea zen asmoa, eta Urrutikoetxearen aurka ere bai. Eurek ez zuten izan egunik onena, eta, nik nire jokoa egin badut, hein handi batean lasaitasun horregatik izan da.

Zenbat sarrera eskatu dituzu? 33 urterekin mugitzen al duzu jenderik?

Bai. 200 edo eskatzen ditut beti; oso eskertua natzaie zale eta lagunei. Hirugarren finala da jarraian, eta adarra jo didate gastuekin: sarrerak garestiak dira, afaria, egun guztia kanpoan...

2008an askoz gehiago mugitu al zenuen?

Ez dut uste. Pilotari bakoitzak 200 bat sarrera izaten ditugu, eta horiek banatzen ditugu. Gero, jendeak bere kasa ere erosi ohi du. 150etik gora joanez gero, asko dira.

Orain, zure zaleek seme-alabak zeinekin utzi erabaki behar dute.

Bai, hori da. Gazteak ginenean su handiagoa egoten zen, normala denez. Eta, orain, gazteak iristen direnean, lagunek festarako gogo handiagoa izaten dute. Baina, tira, nire lagunak parrandazaleak dira, eta erraz sartzen dira festan.

Azken bederatzi hilabeteetan hiru final jokatu dituzu, zure ibilbideko lehen hamabi urteetan adina. Zergatik?

Azalpen zehatzik ez dago. Irujo eta Olaizola II.a aurkari ikaragarri gogorrak izan dira, eta hesi handiak izan ditugu. Ez nik bakarrik, beste pilotari askok ere bai. Irujo jada ez da ariko lehian. Olaizola II.a hor dago, gerra ematen, baina azken urte hau ez da izan haren onena. Eta, tira, pentsatzen dut nik ere nire meritua izango dudala aurten.

Inoizko Bengoetxearik onena al da hau?

Bolada onak izan ditut aurretik, baina erregulartasun hau, nola ari naizen eusten mailari... Bada, agian, bai izan daiteke onena. Lau t'erdiko txapelketan, binakakoan eta buruz burukoan ia partida guztiak oso onak egin ditut. Oso erregularra izan naiz.

Oraindik egunero pisatzen al zara?

Duela hilabete-edo etxeko baskula hautsi zen, eta ordutik ez naiz pisatu. Ez dut berririk erosi. Egunero tripari begiratu, eta antzera dago.

Sasoi bikainean zaude.

Fisikoki entrenamendu onak egin ditut beti, eta, orain, Etor Mendiarekin ere oso ondo ari gara. Baina jokoaren mailak eta sasoiak zerikusi handia dute: ondo jokatzen ari bazara, gutxiago nekatzen zara, eta gaizki ari bazara, bestea ibiltzen da eroso. Arlo fisikoa baino gehiago, jokoa eta konfiantza dira bolada onen gakoak.

Duela bi urte finalari uko egin behar izan zenion hatz bat hautsi zenuelako. Buruz burukoa zurekin zorretan zegoen?

Ez dut uste hala denik. Lesio hura ez zen inoren errua izan, eta norbaitena izatekotan, nirea izan zen. Gaizki pasatu nuen, baina ahaztuta dago. Hala ere, aurten berdin prestatuko dut. Bi pilotaleku saio egingo ditut, ondo lotuko ditut hatzak, eta kontu pixka batekin ibiliko naiz.

Buruz buru jokatzeko estilo propioa duzu. 2008an, horri esker izan zinen txapeldun, eta oraindik balio dizu.

Oraingoz, bai. Nire jokoa erritmoa sartzea izan da, eta ahal den guztiari eustea. Orain, sotamanoz eta airez pilotari guztiek jokatzen dute asko, eta gero eta zailagoa da airez bakarrik sartzen tantoa egitea. Orain, beste baliabide batzuk bilatu behar dira: pilota hanketara bota, paretan sartu... Orain dela urte batzuk lautik laura hiru pilotakada joz gero aurkariak ez zuela bueltatuko zirudien, baina orain denek eusten diote. Egun, horri norabidea gehitu behar diozu, garapena.

Oraingo Bengoetxeak 2008koari irabaziko lioke?

Bai, ziur.

Iker Irribarria izango duzu aurkari igandean, Bizkaia pilotalekuan.

Bilbokoa pilotaleku lasaia da, denbora gehiago ematen du, eta Ikerrek ez dizu uzten bi pilotakada jarraian ematen. Bat ona harrapatzen badu, zazpira joan behar duzu airez sartzera. Hori da haren bertute ikaragarrienetako bat; ikaragarriena, agian, bi pauso eman eta sotamanoz gozatzeko duen erraztasuna. Ez da bakarrik indarra, klasea du, kalitatea... Baina berezitasunik handiena sotamanoz duen pala kolpe hori da. Ezkerparetan perfektu sartu behar diozu pilota. Guk alboka jotzen dugun bezala, Ikerrek boleaz ematen dio, eta hori abantaila da. Leku guztietatik zartakoa ematen dio. Buruz buru jokatzeko makina bat da.

Ezagutu duzun jotzailerik handiena al da?

Sotamanoz bai. Botera batzuk gehiago atzeratu izan dute.

Zu zinen sotamanoaren erregea.

Bai, ni asko sartzen nintzen, baina nik laura bidaltzen nituen, eta Ikerrek zazpian jartzen ditu.

Hamabi urte gazteagoa den aurkari batekin jokatuko duzu finala.

Nik debutatu nuenean 6 urte izango zituen, mukizu bat, eta begira... Urte batzuk dira belaunaldi berri hau sartu dela, eta beterano guztiok esaten dugu oso onak direla. Pozik nago etorkizun aberatsa duelako pilotak.

Belaunaldi hau zuena baino hobea da? Olaizola II.a, Irujo, Xala...

Hobea ez dakit, baina txarragoa ez da, behintzat.

Patxadaz mintzo zara. Mentalki ere gogorra dirudizu?

Ondo. Konfiantza da dena. Nik askotan galdu ditut finalerdiak, eta hortik ere ikasten duzu. Nik hamabost urte daramatzat pilotan jokatzen, eta txapelketak ez dira garrantzitsuena. Txapeldun izatea handiena da, baina nik orain neure buruan dudan planteamendua partidak dira, partida berezi horiek. Urteetan gora zoazenean beste helburu batzuk dituzu: partida ona egitea, irabaztea, jendeak goza dezala... Partidei ematen diezu lehentasuna.

Garai batean txapela obsesioa al zen?

Garai batean, bai. 2008an bat lortu ondoren, beste bat lortzeko gogo handia nuen. Urte hartakoa ez zen zortez izan. Urte hauetan nire onena eman dut, ondo prestatuz, baina aurkariak hobeak izan dira. Egia esan, obsesio handiagoa zen lehen txapeldun izatea.

Partida ona egiteak balio al du pilotan? Burua aldarrikatzeko ez da txapela behar?

Ez dakit. Gaztetan gehiago begiratzen diozu txapelari, baina, orain, jendea pilotalekura doanean eta partida eder bat ikusten duela dakizunean, gozatu egiten duzu.

Hiru final jokatuko dituzu urte batean. Zu al zara orain enpresaren ikurra?

Ez dut uste. Oraindik ere Olaizola II.ak du mailarik handiena. Azken finaletara iritsi ez bada ere, Aimar Olaizola Aimar Olaizola da oraindik ere, eta haren kalitatea eztabaidaezina da, baita Mikel Urrutikoetxearena ere.

Enpresako hirugarrena zara, beraz?

Bai, eta ez dit axola. Ni nire lana egiten saiatzen naiz. Azken urteetan Aimar izan da ikurra, eta Urruti hor egotea normala da; proiekzio handiagoa du.

Zer moduz moldatzen zara gazteekin? Bere garaian zu izan zinen denari buelta eman behar zion gaztea.

Bai. Denetarik dago, gazte belaunaldi hau gurea baino zintzoagoa da, baina badaude batzuk elementoagoak direnak. Ni oso ondo moldatzen naiz eurekin, baina nabaritzen da beste belaunaldi batekoak direla.

Gutxi zaudete zure belaunaldikoak?

Bai, hala da. Olaizola II.aren ondoren, hurrengoa nik izan beharko nuke. Baina, tira, badakigu askoz gehiago ez dugula iraungo, eta horretatik baliatu behar dugu garai onetako partidekin.

Zenbat urte gelditzen zaizkizu?

Urrian hamabost urte egingo ditut profesionaletan, eta hogei urte egitea oso polita litzateke. Hogei urte lorpen oso dotorea da. Bost urte falta zaizkit horretarako, ez dira asko, baina ez dakizu lesioren bat izan dezakezun.

Erretiroa hartu ondorengo bizitzan pentsatu al duzu?

Pixka bat. Orain, Barriolaren agurra izan da, eta pena handia hartu dut. Pentsatzen duzu laster zuri tokatzen zaizula.

Zer moduz doa borda?

Ondo, badoa. Badugu proiektu bat apartamentu txiki bat egin eta alokatzeko. Hor nabil.

Aurten, pilota aukeraketa askotan semearekin agertu zara. Bateragarriak dira aitatasuna eta pilota?

Bai. Aste barruan buelta batzuk ematen ditugu goizean: entrenamenduak... Baina, arratsaldean, parkera jaisteko denbora izaten dugu. Kirola gustatzen zaio, eta pilota. Hori bai, gurasoak egin dezakeen onena bakean uztea da, eta afizioa badu, berak egin dezala.

BERRIAn argitaratua (2017/05/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA